Donibane Garaziko adierazpena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-04-05 08:36   Euskerea berbagai

HITZEKIN. Danok euskerea doban dinamikearen barruan.

Oraintsu aurkeztu eben HITZEKIN. Danok euskerea doban dinamikea, Korrikaren ingurumarian sortutakoa, dobako ezagutzearen unibersalizazinoaren beharra jorratuko dauena, hain zuzen be. Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskerea ikasi nahi daben herritarrek doban jarduteko aukerea izan behar dabela.

Gaur, ostera, Korrikaren bosgarren egunaren barruan  beste arlo bat aurkeztu dabe: Donibane Garaziko adierazpena. AEK ez eze, beste euskaltegi askoren ordezkariak dagoz agiri horren atzean. Ondokoak dira gaur zabaldutako adierazpenaren sinatzaileak: BATUZ Euskaltegi Alkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza, Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala Euskaltegia, Gabriel Aresti Euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia Euskaltegia, HEGOALDE Euskaltegia, Bilbo Zaharra Euskaltegia, Maizpide.

Gaur, Donibane Garaziko Gau Eskolaren atarian, Alizia Iribarren Anduezak, AEKren Koordinatzaile Nagusiak, adierazpena irakurri dau, bertako hainbat ikasle be bertan zirala: 22. Korrikak hartu dau Donibane Garaziko adierazpenaren kilometroa (2022-04-04/ 1062 KM/ 17:06) eta han batutako guztiek parte hartu dabe.

Argi dogu euskerearen erabilera erosorako baldintzak sortu behar dirala eta hori lortzeko nahitaezkoa da ezagutzea bermatzea. Danoi jagoku egitea, eginarazotea, nork bere lekutik eta eginbeharretik ekinez eta eraginez. Halan da be, auzi honetan, administrazinoek zeregin garrantzitsua dabe; ezin bestez eragile estrategikoak dira konpromisoetatik ekintzetara salto egingo badogu. Jakina da pauso esanguratsuak emon ditugula baina aurrerapauso handiagoak emoteko sasoia da, hiztunen arteko desorekea bertan behera itxi behar da. Bistakoa da egungo hizkuntza politikek oraindino ez dabela hiztunen arteko hizkuntza bardintasuna lortu. Euskaraz egiteko gaitasun egokia bermatzea da gakoa, edonork, edonon, euskerea erabilteko eragozpenik izan ez daian eta hori lortzeko euskereari prestigioa emon eta euskerea lehenetsiko daben politikak jarri behar dira martxan, euskerearen aldeko hautua bultzatuko daben politikak.

Adierazpen horregaz, Euskal Herriko administrazino nagusiei dei egiten jake: Momentua da euskal herritar guztiei euskerea ikasteko bidea dobakoa izan daiten neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ugari dago. Batu gaitezan eta osotu daigun, alkarlanean, berandu baino lehen, guztiok doban ikasteko bide-orria. Ezagutzea unibersalizetako iturri eta balditzetan jarri eizue atentzinoa: hezkuntza-sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisinoan edo sozializazinoan, emon salto esparru horreei begirako politiketan. Eremu soziofuntzionaletatik abiatuta, Euskal Herri osoan euskerea eroso erabiltzeko eremuak sortzen, garatzen eta alkartzen joan behar dozue, zeuok zarie eskubideen bideratzaile, bermatzaile eta eredu izatea jagotzue. Beraz, ekin! Ekin alkarregaz Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin!

Dei berezia egiiten deutsegu gaur Ipar Euskal Herriko administrazino publikoko egiturei, hain zuzen be, EEPri eta Euskal Alkargoari, bidelagun izan daitezan helduen euskalduntze-alfabetatze arlorako beharrezkoak diran dirulaguntzak bermatuz eta orain arte emon ez diran pausuak emonez. Euskerea ofiziala izan ez arren, euskerea ikasi nahi dauen edozeinentzat eskubide izan daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu