Arantza Santesteban: 'Filma ez da lineala, bizi izan dodanaren formea dau'
2022-01-31 07:57 BarriketanZinemagilea.
2007an atxilotu eben Arantza Santesteban, eta ia hiru urte pasau zituan behin-behineko espetxealdian. Esperientzia gogor harek ekarritako bizipen eta gogoetetan oinarrituta, 918 gau dokumentala (Txintxua Films) egin dau, ikuspegi personaletik, baina beste batzuei be zer pentsaua emongo deutselako esperantzaz.
Nazinoarteko bidea hasi dau dokumentalak azken asteotan. Festibal ugaritarako aukeratu dabe eta sariak be irabazi ditu: Portugalgo Doclisboa jaialdiko sari nagusia, Torinon nazinoarteko dokumentalik onenarena eta Pontevedran Latexos saria. Laster, Euskal Herrian be ikusi ahal izango da, Iruñeko Punto de Vista jaialdian hain zuzen. Martiaren 14tik 19ra egingo dabe eta Sail Ofizialaren parte izango da 918 gau.
1.- Espetxean pasautako egunak kontau beharrean, gauak aukeratu dozuz izenbururako. Zein da horretarako arrazoia?
Espetxean ezagutu neban persona batek kontau eustan, behin, epaile batek esan eutsala kartzelea ondo ezagutzeko bertan lo egitea beharrezkoa zala. Interesgarria egiten jat gaua izatea ardatza, leku bat ezagutzeko modua dalako bertan gaua pasetea. Egunean zehar gauza asko pasetan dira, baina kodifikaduago dago, antolatuago, eta gauak bidea emoten deutse amesei, mamuei edo desioei, beste dimensino bat dau.
2.- Lehendik be egin izan dozuz dokumentalak, baina hau zeure esperientzian oinarrituta dago. Gogorra izan da proiektu honi heltzea?
Distantzia bat hartzen ahalegindu naz. Denporea pasau da kartzelatik urten nebanetik, hori beharrezkoa izan da jazotakoagaz distantzia apur bat jarteko. Pelikula honetan tarteko distantzia bilatu dot: uste dot ez dala ona sartuegi egotea, hur-hurretik lantzea, baina, era berean, urrunegi be ez, bestela detaileak galtzen dira.
Nik pasau neban esperientzia gogor bat izan zan espetxearena, eta horren inguruko pelikulea da, baina ez dot traumatik egin. Ez dot erabili trauma bat konpontzeko, edo esperientzia hori oinarrian ipinita. Kontakizun bat da, nik bizi izandakotik abiatuta, baina momentu eta esperientzia kolektibo batez be egiten dau berba.
3.- Distantzia pixka bat hartu dozun arren, kontakizun personala da, off ahotsetik hasita eta zure esperientziagaz lotutako agiri, memoria eta lekuez ahaztu barik. Alderdi intimoak agirian ipini dozuz.
Intimidadea agertzen da, baina batez be nik esango neuke lehenengo personan egindako pelikula bat dala. Ez dot erabili trikimailu emozionalik erabili, off ahotsa idazterakoan hori kontuan hartu dot. Izan be, off ahotsa distantzia hartzeko erabili dot, ahalegindu naz nire esperientzia modu emozionalegian ez kontetan, ahots neurtua eta deskribatzailea dala esango neuke. Ikusleari bere bidea egiten ixten deutso.
Kontakizunean lehenengo personea erabili dot, baina ez intimidadea erakutsi nahi izan dodalako. Asmoa izan da kontetan dodanaren ardurea hartzea, eta horretarako lehenengo personea erabili dot, ze ez dot bilatu nortasun plural bat, hor agertzen dana neure ikuspegia dalako eta neure burua inplikau dodalako.
4.- Dokumentalaren ardatza zeu zaren arren, momentu batzuetan beste persona batzukan be jarten dozu arretea, kartzelan ezagututako errealidade latz batzuk agertzeko.
Kartzelearen eta sistema judizialaren injustiziak agertzen dira, bai. Kontau dodaz jazoera zehatz batzuk, sistema penitentziarioaz zeresana emoten dabenak, edo epailearen aurreko eszena batzuk be aitatzekoak dira. Pelikuleak baditu sistema horrek eragindako egoera injustuak kontetako momentu batzuk.
Bestetik, kontau dodaz beste preso batzukaz izandako hartu-emonak: laguntasunezkoak, ez-laguntasunezkoak, goxotasunezkoak... Bilatu dot neure esperientziatik erakutsi ahal izatea kartzelako esperientzia ez dala elementu sinpleetan oinarritzen. Gauza konplejua da, geruza afektibo asko dagoz.
5.- Militantziaren eta gizartearen jarrera batzuen inguruko gogoetea egin eta momentu batzuetan deseroso sentidu zarela aitatzen dozu. Kolektiboan eragitea bilatu dozu?
Dokumentalean gorpuzten dodan historia horrek beste historia batzukaz erresonantziarik dauen ikusi nahi dot, baina ez dot eztabaida kolektiborik zabaltzeko asmorik, uste dot hori ez dala nire zeregina. Baina espazio edo alkarrizketa bat sortzen badau beste batzuen esperientziagaz erresonantzia hori egiteko, hori inportantea litzateke. Filmean egoera gogor, min, desira eta halakoei bidea emon deutset, eta poztuko nintzateke egoera gogor batetik pasau diran beste batzukan eragina izango baleu. Hortik gorako aspirazinorik ez dot, ez gogoeta kolektiborik zabaltzea, ez antzekorik, horretarako badagoz beste kolektibo batzuk eta horretan lanean dabilen jentea. Nirea gehiago da ekarpen bat egitea.
6.- Espetxea eta bertako esperientzia latza aitatu doguz orain arte. Baina horren osteko urteak be ez dira errazak izan zuretzat, itzulerea deitu deutsazun hori.
Niretzat, kalera urtetea izan zan kartzelan bertan egotearen pareko, konplikadua izan zan. Kartzelan ezagutu nebazan logikek, askotan, ez dabe lekurik kaleko bizitzan, aparteko munduak dira eta oso modu desbardinean antolatzen, arautzen eta bizi izaten dira. Kaletik espetxera zoazanean, kode barriak ikasi behar dozuz, hangora egokitu. Urte batzuk geroago, kalera urteten dozunean, barriro sortzen da gatazkea, aurretik kalean zenduzan kodeak eta kartzelan ikasi dozuzanak diferenteak diralako. Normala da krisiak eta ezegonkortasun momentuak egotea.
Badakit kasu asko dagozana, eta bakotxak modu baten bizi dau, baina nik neureaz egiten dot berba, niretzat talka handia izan zan mundu baten eta bestearen artean, egokitzapena gatxa izan zan. Horri gehitu behar jako preso politikoa izatearena, ze familian, auzoan edo urian eragina dau: kartzelatik datorrenaren eta kalean zain izan dituanen arteko hartu-emonak ez dira beti erosoak. Kartzelatik datorrena aldatu egin da, baina kalean eskatzen deutse aurretik izan zana barriro izateko, ez asmo txarrez. Kartzelatik urten dauen jente askok itolarria sentidu dauela badakit. Jenteak nahi dau preso ohia babestu, baina askotan espetxetik urten barri zarenean, beste bide bat bilatu behar dozu, beste leku bat, zer nahi dozun eta zer egingo dozun jakiteko. Nire kasua hori da, baina badagoz bestelakoak be.
7.- 918 gau egiteak lagundu deutsu gizartera buelta hori normaltzen?
Pelikuleak urte luzeetako prozesuari emon deutso formea. Kartzelatik urten osteko zalantzak, ezinegonak jorratzen ditu pelikuleak, eta kontakizunaren egituran eragiten dau. Ez da film lineala, ez dauka egitura narratibo ohikorik, nik beti esaten dot sigi-sagatsua dala, ez da norabide zuzenean egindako bidea, modu zatikatuan doa dana. Izan be, pelikuleak nik bizi izan dodan prozesuaren formea izatea nahi izan dot. Ikusleak be bidaia egin behar dau.
8.- Jaialdi ugaritan ikusi ahal da 918 gau, eta Lisboan eta Torinon sariak be irabazi zenduzan. Egitura klasikotik urrun dagoan kontakizuna dan arren, onespena izan dau.
Era honetako pelikula bat amaitzen dozunean, zalantzak sortzen dira, funtzionauko ete dauen. Lisboan sari nagusia irabaztea sekulako bultzadea izan zan, gero Torinoko festibalera joan ginan eta han be dokumentalik onenaren saria guretzat izan zan. Barru-barruan neukazan sentimendu batzuk atera eta pelikula formea emon eta gero, ikustea jenteari zer pentsaua emoten deutsala, polita da. Sariez gan, nabarmenduko neuke festibaletako paseen ostean ikusleakaz sortu diran eztabaidak, horrek balio handia dau. Kartzelea edo euskal gatazkea ezagutzen ez daben jenteari be gogoetarako aukerea emon deutso. Orain Euskal Herrian zelan funtzionetan dauen ikusi beharko da.
9.- Hain zuzen be, Iruñean izango da Euskal Herriko lehenengo proiekzinoa, Punto de Vista jaialdian, martian. Urduri zagoz?
Bai, urduri nago, etxera bueltetea dalako eta etxekoen artean pelikulea ikustea. Pelikulan esaten dodazan gauza batzuk ez deutsedaz aurrez aurre sekula esan ingurukoei. Pentsau nahi dot, nik egin dodan bidea jente askok egin dauela hemen, eta zeozer mobidu leike.
Argazkiak: Txintxua Films.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!