Arantza Santestebanen '918 gau' Punto de Vista jaialdian izango da

Bizkaie! 2022-01-21 08:33   Zinemea

Sail ofizialaren parte izango da, martian.

Arantza Santesteban (argazkia: Txintxua Films) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nazinoartean sari ugari irabazi eta gero, Arantza Santestebanen lehenengo film luzea, 918 gau, zuzendariaren jaioterrian ikusi ahal izango da, Iruñeko XVI. Punto de Vista dokumentalen jaialdian. Martiaren 14tik 19ra egingo dabe, eta sail ofizialaren parte izateko aukeratu dabe Santestebanen lana. 

Jaialdirik jaialdi ibilbide polita egiten dabil 918 gau azken asteotan. Portugalgo DocLisboa festibalean nazinoarteko lanik onenaren saria irabazi eban, eta Torinoko jaialdian, nazinoarteko dokumentalik onenarena. Pontevedran Latexos Saria emon deutse, eta Bartzelonako L'Alternativa Cinema Independent topaketan be hartu dau parte. 

Zuzendariaren bizipen eta gomutetan oinarritutako dokumentala da 918 gau. 2007an atxilotu egin eben Arantza Santesteban, eta kartzelan pasautako denporearen kronikea egiten dau, memoria zatikatu baten moduan. Santestebanegaz batera, aktoreen artean dagoz Mirari Echavarri, Mercé Salom, Manon Praliné eta Maryann Peony. 

Narrazino zatikatu honek kolektibidadearen zentzunaren galerea eta bizitza barri baten saiakerea ekarten ditu gogora. Personaiak soslaiz agertzen dira beti, eta hori ez da kasualidadea. Ez da aurrez aurre begiratzen dauen begirada bat, begirada ezegonkor bat baino, zeharkakoa, eta horrek tolestura ugariko narrazino ibiltari bat sortzen dau, azaldu dau Arantza Santestebanek. Garrantzitsua begitantzen jatan aktibismo politikoei buruzko istorioen ganean eratzen diran kontakizun erromantizaduak zalantzan jartea.

Goi mailako sortzaileen laguntzinoa izan dau Santestebanek dokumentala egiteko. Esate baterako, Irati Gorostidi izan da zuzendari laguntzailea, eta Maddi Barber argazki zuzendaria. Txintxua Films da dokumentalaren produktorea. Proiektua zanean, filmak Donostiako Zinemaldiko Ikusmira Barriak eta Work In Progress ataletan hartu eban parte. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu