Zezeileko eguenak antzerkiz beteko ditu Lautan Hiru jaialdiak
2022-01-25 12:48 KultureaBilboko Zazpi Kaleetako lau lekutan izango dira saioak.
Kulturearen eta eukerearen arloko eragile ugarik bat egin dabe beste urte batez Lautan Hiru antzerki-festibala antolatzeko, zezeilaren 3tik 24ra, Bilboko Zazpi Kaleetan. Euskerazko antzerki laburrik onenaz gozau ahal izango dau publikoak, hileko lau eguenetan, Euskaltzaindiaren egoitzan, Cafe Bar Bilbaon, Zazpi Katu gaztetxean eta Bira Kulturgunean.
Danetara, hamaika emonaldi izango dira: zezeilaren 3an eta 10ean bina; 17an eta 24an, hiruna. Hamaikagarrena, Zurrunka konpainiakoek gidatutako umeentzako txotxongilo tailerra izango da, Biran, hilaren 3an. Ahalik eta ume gehien hartzeko, txanda bi egingo ditue, eta bakotxean dozena bat neska-mutilek hartu ahal izango dabe parte.
Antzezlanei jagonenez, 15 eta 40 minutu bitartekoak izango dira, eta gehienbat formatu txikikoak. Eneritz Artetxeren Lakoste, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Noiz utziko dio euria egiteari, Les Bobe Boberen Udaberria heldu da eta abar dagoz aurtengo egitarauan, eta XIX. Cafe Bar Bilbao Saria irabazi eban Zure sotoko ardoa testuaren irakurketa dramatizadua be bai.
Sarrerak hiru euroan salduko ditue, baina egun bakotxeko saio guztiak ikusteko bonoa be egongo da, bost euroan. Bira Kulturgunean eta Cafe Bar Bilbaon salduko ditue, bihar, hilak 26 hasita. Pandemia dala eta, aretoen edukierea txikituko dabela ohartarazo dabe antolatzaileek.
Ganera, Ikusle Kluba izeneko atal barria estreinauko dau Lautan Hiruk, EHAZEren laguntzinoagaz. Hilaren 3an Lakoste aurkeztu baino lehen, bezperan, Eneritz Artetxe antzerkigile eta aktorea klubeko parte-hartzaileakaz batuko da Euskaltzaindiaren egoitzan, antzezlana aztertu eta bizipenak konpartiduteko.
Jaialdiaren babesle handienetako bat da Bilboko Udala. Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak adierazo dauenez, euskerearen normalkuntzea erabilera sozialaren menpe dago, eta Udalak lagundu egin nahi dau hizkuntzea plazaratzen. Kultur eskaintzan euskereak gero eta presentzia handiagoa izan behar dau, eta horretarako gabiz lanean.
Euskaltzaindiaren izenean, Adolfo Arejitak eskerrak emon deutsaz Udalari urterik urteroko babesagaitik, eta inguruko beste eragile kultural batzukaz hasitako alkarlanak ekarritako emoitzea be txalotu dau. Euskereak arnasguneak behar dituala uste dau euskaltzainak. Jaialdi honek plazak eskaintzen deutsez antzerkigileei, euren lana hauspotzeko aukerea.
Lautan Hiruren helburuak ez dira aldatu, hasi zanetik hona pandemia bat tartean egon dan arren: euskerazko antzerkiari hauspoa emon; antzerkigileei espazioak eskaini; eta Bilboko Zazpi Kaleetako giroan eragin, kulturearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!