Txillardegiren kroniken bildumea plazaratu dau Susak

Bizkaie! 2022-01-25 11:05   Kulturea

Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak batu ditue testuak, 1968 eta 1986 artean idatziak.

Josu Landa, Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirre (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegik egindako ekarpen sozial, politiko, linguistiko eta literario zabalaren barruan, kronikak ez dira, beharbada, jenteak gehien gogoratzen dauena. Baina, idatzi, makina bat kronika idatzi zituan Txillardegik, gai ugariren inguruan eta argitalpen askotan.

Horreetako nabarmenenak batu eta liburu baten kaleratu ditu Susa argitaletxeak, Kronikak izenburupean. Juan Luis Zabala eta Koldo Izagirre arduratu dira testuak batu eta libururako egokitzeaz. 1968tik 1986ra bitartean idatzitakoak dakarz argitalpenak.

Besteak beste, Anaitasuna, Egin, Punto y Hora eta Argia-n idatzi eban Txillardegik, baina, Zabalak eta Izagirrek nabarmedu dabenez, bere ekimenez idatzitakoak dira kronika guztiak, ez enkarguak. Horrek askatasunez idazten lagundu eutsan, eta balio literario handiko testuak dira ondorioa.

Txillardegiren begiradearen balioa be goretsi dabe liburuaren bultzatzaileek. Bere sasoiko leku eta jazoera ugariren inguruko kronikak idatzi zituan, eta bertatik bertara jasotako lekukotzea dira. Autorearen jarrera abertzale eta euskaltzale sutsua ezaguna dan arren, gai bakotxari aurreretxi barik eta modu edegian heltzen eutsala dinoe Zabalak eta Izagirrek.

Jakin-min handiko eta ikuspegi humanodun personea topau dabe Zabalak eta Izagirrek Txillardegiren testuak aztertzean. Gizakiagaz, gizarteagaz eta halakoakaz lotutako gaiak jorratu zituan batez be. Gehien arduratzen eban gaia hizkuntzearena zan. 

Donostian aurkeztu dabe Kronikak, eta Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabalagaz batera, Susako editore Josu Landa be han izan da. Liburu hau bat dator Txillardegiren heriotzearen hamargarren urteurrenagaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu