Ane Zabala: 'Umorea bidelagun ona da kritikea egiteko'
2022-01-17 08:02 BarriketanGilkitxaro antzerki taldeko aktorea.
Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte bete ditu oholtzarik oholtza. Deustuko Ikastolan alkartutako antzerkizale batzuen egitasmo apal izan zanak, dagoeneko, mende laureneko ibilbide oparoa dau atzetik. Gaur egun, Galder Perez eta Ane Zabala dira Gilkitxaroko kideak, kazetaritzea ogibide eta antzerkia pasino daben aspaldiko lagun bi.
Urteurrenaren kontura, 25 gau eta bat gehiago izeneko liburua plazaratu dau Gilkitxarok, EHAZEren eskutik. Atal bi ditu: alde batetik, Euskal Herriko antzerkilari ugarik konpartidutako gomutak, Gilkitxarori lotutakoak baina, era berean, euskal teatroaren garai oso baten erretratua osotzen dabenak; bestetik, taldeak taularatutako hiru antzezlanen testuak, hain zuzen be, Honolulu, leku bat; 8 begi; eta Adarretatik zintzilik.
Ane Zabalak berba egin deusku Gilkitxaroren iragan luzeaz, zalantza arteko orainaldi pandemikoaz eta esperantzaz betetako etorkizunaz.
1.- Zure bizitza artistiko ia osoa zeharkatzen dabe Gilkitxaroren 25 urteek. Zer esangura dau proiektuak zuretzat?
Urteurrenagaz konturatzen zara proiektuak zure bizitzan izan dauen garrantziaz, orain arte eten barik egiten ibili gara, asko pentsau barik, edo hausnartu barik. Orain konturatu naz nire bizitzearen parte garrantzitsua izan dala eta badala antzerkia. Bizitzeko era bat da Gilkitxaroren jarduna.
2.- Zelan hasi zan Gilkitxaro eta zelan joan da aldatzen urteak pasau ahala?
Kontu asko lez, olgeta baten moduan hasi zan, ikastola garaian. Lagun talde handi batek osotzen eban taldea, ikastolea amaitu eta jarraipena emon geuntsan. Denporeagaz taldekide batzuek abenturea abandonau eben, baina batzuok jarraitu egin genduan. Saretu ginan beste talde askogaz eta hor ikaragarrizko bizipoza eta egiteko forma ezbardinak ikasi genduzan, topaketak antolatu eta Euskal Herriko hainbat taldegaz hartu-emonak sortu. Denporeak eta bizitzeak ekarri zituen, urteek aurrera egin ahala, beste era bateko konpromisoak eta hor esango neuke izan dala aldaketa handiena.
3.- Hasikeratik gaur arte, Galder Perezek eta zuk eutsi deutsazue Gilkitxaron. Hainbeste urte alkarregaz lanean, antzerkigintza ulertu eta bizitzeko modua antzekoa izango dozue, ala?
Zuk esan lez, bizitzeko era bat da. Beste lanbide bat dogu, beraz, denpora librea antzerkian inbertidu dogu, asko pasinoz, dibertimentuz… Gozetako beste modu bat da, bistan da, bestela ez ginan 25 urte betetera helduko.
4.- Antzerkiaren bidezko gozamena, plazera... sarri aitatzen dira Gilkitxaroren asmoen artean. Idea horrek gidatu dau konpainiaren ibilbidea?
Bai, duda barik. Gozamena eta gure istorioak taula ganean kontetearen plazera izan dira proiektuaren zutabe nagusia. Nahiz eta onartu behar dogun bidean be egon dirala porrot txikiak. Lan batzuk amaitu barik geratu dira, adibidez, eta orain denporeagaz begiratuta penea sentiduten dugu. Baina estropezu horreek ziur asko irakaspen barriak izan dira hurrengo sormen lanetarako, bizitzarako...
5.- Umorea, parodia eta egoera komikoak ohikoak dira zuen antzezlanetan, baina horren atzean gizartearen sakoneko ardurak eta arazoak aztertzen dozuezala esango neuke, holan da?
Umorea betidanik bidelagun ona izan da arduratzen gaituen hainbat gairen inguruko kritikea egiteko. Komedia genero ezin hobea da benetako gai serioen inguruan sakontzeko. Barrea eragiten dozun bitartean hausnartzeko bideak zabaltzea ikaragarri ariketa gatxa da, baina lortzen dozunean barrenak algarearen bitartez mobiduarazotea, ondo egiten zabizan seinale da.
6.- 25 gau eta bat gehiago liburua Gilkitxaroren 25 urteen kontura dator, baina hainbeste kolaboratzaile batuta, euskal antzerkigintzearen ikuspegi zabala be bada. Zein da argitalpenean zabaldu nahi izan dozuen mezua edo idea?
Liburuan gure ibilbidearen kronikea egin nahi izan dogu, izan be, gure taldeak bizitakoa garai eta belaunaldi baten kontaketea izan daiteke. Kolektibo handi batek abiatutako antzerkiaganako pasinoa eta militantzia, Deustuko Gaztetxean entsaiatzen, bertako antolaketan parte hartuz. Holako bizipenak talde askok bizitakoak diralako sensazinoa badogu. Beraz, kronika horretan hori islatzen ahalegindu gara, hainbat lagunen ekarpenagaz batera, gure antzezlanen sormenen harilkatze bat izan da. Egiteko forma baten kontaketea dala uste dot. Hortaz, baleiteke hori kontau nahi izatea, badagozala antzerkia egiteko modu ezbardinak, merkadu, ofizialdegi edota handinahikerietatik kanpo.
7.- Zelan konpondu zarie hainbeste kolaboratzaileren inplikazinoa lortzeko?
Oso zorionekoak gara, parte hartu daben lagun guztiek hasikeratik baiezko borobila emon deuskuelako. Geu be harrituta geratu ginan jasotako erantzunagaz, lagun guzti honeek egin dituen ekarpenakaitik. Guretzat izugarrizko oparia izan da eta uste dot ibilbide horren argazkia osotzen be lagundu deuskuela. Asko falta dira, zelan ez. Baina ez genduan 1001 gau egin nahi, hogeita bostegaz bapo.
8.- Garbi dagoana da, Galderrek eta zuk jente askoren estimua irabazi dozuela euskal kulturgintzan; pozik egotekoa da, holan sentitzen dozu zuk?
Ikaragarri pozik gagoz egindako ibilbideagaz. Liburua preparetan ibili garenean geu be harrituta geratu gara zenbat gauza eta pasarte bizi izan doguzan. Horreetako bizipen asko oso ederrak dira eta hori jasoten da. Gure jarduna, teatroarena, oso intimoa be bada, haragizkoa batzuetan, bihotz barik ezin dana egin. Hori emon dogu eta, zorionez, baita jaso be.
9.- Ganera, liburuan hiru antzezlanen testuak datoz (Honolulu leku bat, 8 begi eta Adarretatik zintzilik). Zergaitik hiru horreek?
Honolulu-gaz hasi genduan guk biok bakarrik egindako bidea. Poesia eta gai sozialak buztartzen hasi ginan antzerkian, komediaren ikuspuntutik beti. Gaur zer garen ondo islatzen dabela uste dogu. Eta ez hori bakarrik, paperean jarri nahi izan ditugu egunen batean inork antzeztu nahiko balitu hor eukitzeko. Ikaragarri ederra izango zan guretzat besteren batek testu honeek hartu eta taula ganean jartea.
10.- Antzerkigintzan sasoi guztiak dira gatxak, baina batez be gaur egungoak. Zerk emoten deutsue aurrera egiteko indarra Galderri eta zuri?
Egoera konplikadua biziten gabiz zentzu askotan, eta arrasto handia itxiko dauena, batez be egiteko eretan, hartu-emonetan. Beraz, une honetan entsaiatzen eta antzezlan barri bat preparetan egoteak etorkizunera begiratzeko arnas txikia emoten deusku. Momentuz, entseguetan gozeteagaz konformau beharra dago. Inoiz baino gehiago uneak dauka garrantzia, orain egiten dozun hori da balio dauena. Biharkoa ezin jakin. Dana pikutara botetakotan izan ginan orain dala urtebete eta, zorionez, hemen gagoz.
11.- Mende laurena bete eta gero, Gilkitxarok ze etorkizun dau zain?
Bueno, ba urte honetan, aitatu bezela, Aitor Garcia de Vicuña musikariagaz batera entsaiatzen gabizan Lutxo Egiaren Indentitartea lana aurrera ateratzea litzateke gure etorkizuna. Ez deutsagu molde barriak topeteari uko egin nahi. Hori be bada motibazinoa guretzat. Horrezaz gan, ETAren agiri bulegoa antzezten jarraitzen dogu. Orain, pandemia honetan, egiten dogun emonaldi bakotxari sekulako garrantzia emoten deutsagu. Eta etorkizuna, bada etorkizunik? Ezin jakin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!