Ane Zabala eta Galder Perez martxan
2022-01-11 12:09 Kulturea25 gau eta bat gehiago. Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte.
EHAZE, Antzerkizale Alkartea da argitaratzailea eta ondoko kolaboratzaileak izan ditue: Josu Camara, Goizane Aizpurua, Fredi Paia, Jon Gerediaga, Ander Lipus, Edorta Jimenez, Txuma Murugarren, Mikel Martinez, Gaizka Sarasola, Jon Basaguren, Irati Jimenez, Idurre Eskisabel, Lutxo Egia, Aitor Garcia de Vicuña Gartxito, Oier Guillan eta Olatz Gorrotxategi.
Galder Perezek eta Ane Zabalak osotzen daben Gilkitxaro antzerki taldearen 25. urteurrena ospatzeko sortu da liburu hau. Liburuaren barruan atal bi topauko ditu irakurleak: Alde batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik konpartidutako gomutak, Gilkitxarori lotutakoak baina, era berean, euskal teatroaren garai oso baten erretratua osotzen dabenak; bestetik, taldeak azken boladan taularatutako hiru antzezlanen testuak: Honolulu, leku bat, 8 begi eta Adarretatik zintzilik.
Obratik obrara, bardin da zer personaiaren azalean sartzen diran, zerlako maskarea janzten daben, oinarrian beti igarten ditugulako Galder eta Ane, Ane eta Galder, komiko onak bezela euren clown propioa sortu eta edozeinen azaletan sartuta egokitzeko kapaz. Aneren Mafalda urduria, beti bila, beti galdetzen, beti
proponiduten, autoparodiaren bildur barik; Galderren despistea, inozentzia eta edozegaz ilusionetako kapaz dan ume begiradea. Komediara loturik ezagutu ditugu hareen presentzia eszenikoak eta liburu honetan irakur daitekezan hiru obrak lagun parebakoa dira.
Edorta Jimenezen eretxiz, segiduten dau ia-ia misterioa izaten Gilkitxaro taldea nondik nora heldu dan taula gainean hogeita bost urte egitera. Misterioa ulertzeko bide bakarra maitasunera jotea da. Anek eta Galderrek antzerkia maminean bizi dabe eta holaxe maitatu. Horrexek emoten deutse indarra. Eta indar hori ingurura zabaltzen be badakitenez, besteoi be maitasun antzeko bat sentiarazoten deuskue.
Olatz Gorrotxategiren esanetan, Gilkitxaro punka da, autogestinoa, parrandea, gozamena, artearen aurrean militantzia. Zutunik jarraitzen dauen azken etxe okupatua. Gilkitxaro Ulisesen Itaka dala pentsetea gustetan jat. Antigona, estaduaren kontra eusten. Dario Foren zoroa komisaldegian. Gilkitxaro Noraren panpina-etxeko atea da. Bertolt Brechten bidelapurra. Komendadorearen kontra egiten dauen Fuenteovejuna herria da. Gilkitxaro Adela Alba gazteak bere leihotik ikusten dauen lur zabal eta mugabakoa da. Askatasuna. Etortear dagoana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!