Nerea Ibarzabal: 'Txapelerako bide luzean, momentu txarrei aurre egiten ikasi dot'
2021-12-23 11:40 BarriketanBizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea.
Hilaren 18an jokatu zan, Miribillako Bilbao Arenan, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Finalaurrekoetan ikusitakoagaitik, aurreikuspenak egitea eta faboritoak aukeratzea sekula baino gatxagoa izan zan, baina, horri esker, final edegi eta lehiatuaz gozau eban publikoak. Nerea Ibarzabal Salegik jantzi eban txapela, Bizkaiko lehenengoa berarentzat, buruz burukoan Jone Uriagaz kantau eta gero.
Finaleko emozinoak eta urduritasunak pixka bat baretuta, Miribillako saioaz eta txapelak dakarrenaz berba egiteko tartea hartu dau Ibarzabalek. Gaztea dan arren, aurreko finaletan pilotutako esperientzia lagungarri izan jakola uste dau, baita familiak ume-umetatik emon deutsan maitasuna eta babesa be. Hain zuzen be, etxeko andreak izan zituan gogoan azken agurrean.
1.- Faborito argi bako finala izan zan zapatukoa. Hor topau zenduan buruz burukoan sartzeko zirrikitua?
Modu inkontzientean, beharbada, bai. Urte asko daroen beteranoak zein indartsu datozan gazteak, danetarikoak egon ziran finalean, baina pronostiko argirik ezin zan egin. Egia da faborito garbi bat dagoanean besteok pixka bat erlaxaduago joaten garela, haren gerizpean, eta zapatuan ez zan halakorik egon. Buruz-burukoan sartzeko lehia estu-estua izango zala ikusten zan, eta horregaitik ni lanerako gorputzaldiagaz joan nintzan, hau da, gozetera bai, baina larregi erlaxau barik, beste urte batzuetan egon nazen lez. Aurrekoetan ardura handi-handi barik joan nintzan, eta oraingoan, igual atea zabalik ikusteagaitik, beste jarrera bategaz joan naz.
2.- Epaileak ez eze, publikoa be konbentzidu zenduan, ariketa askotan jaso zenduzan txaloak. Zu zeu ze ariketa edo momentutan egon zinan gusturen?
Zortziko handia gustau jatan, Etxahunegaz, tokau jakun gaia ona begitandu jatan. Neba-arrebak ginan eta gurasoak ez genduzan jagoten. Hori gai potoloa da, baina badauka emozionalidadea emoteko aukerea, niri gustetan jatan gai klasea da. Ondo eta egonkor hasi ginan biok.
Beste ariketa batzuetan be gustura ibili nintzan. Zortziko txikian ondo hasi ginan, baina penea be izan neban Onintzak poto egin ebalako, bestela bertsoaldi biribila izango zan. Politikari tranpatiaren papela tokau jatanean be jokoa ikusi neutsan, umorea erabilteko aukerea aprobetxau neban. Bakarkakoan, idazlearena egokitu jatanean, garbi ikusi neban bidea, Kontrako eztarritik [Uxue Alberdiren liburua] ardatz hartu behar nebala. Beharbada, hamarreko txikian ez neban horrenbeste asmau, Xabategaz. Gai oso sakona zan eta ez neban ondo-ondo ezagutzen tokau jatan rola. Baina, behinik behin eutsi geuntsan, ze haizea alde ez datorrenean hori egin behar da, eutsi.
3.- Ondoren, buruz burukoa etorri zan, momentu erabagigarria. Zelan heldu zeuntsan fase horri?
Egia esan, ez naz oso kontziente, dana bizkor joan zan. Saio osoa pasau neban ariketa bakotxean pentsetan bat gitxiago, eta holan aurrera egiten, neure burua trankilduteko. Orduan, oso kontzentrauta atrapau ninduan buruz burukoak, uste dot buruz buruko ona egin genduala Jonek eta biok. Azken bakarkakoari gaiztokeriatik joteko ikutu hori ikusi neutsan, txanpainaren detaileagaitik, eta pozik geratu nintzan hortik jo nebalako. Gau bateko abentura baten inguruan kantau neban, ez nebalako drama gehiegi sartu nahi. Hamar segunduan hartzen diran erabagiak dira, eta ez dakizu kale edo bale egin dozun kantetan amaitu arte.
4.- Jone Uriagaz kantau zenduan buruz burukoan. Gustura ibili zinan beragaz?
Bai, aspalditik ezagutzen dot eta poztu nintzan buruz burukora pasau zalako. Egia da azken fase horretan alkarregaz bertso gitxi kantau genduzala, ofizio bi baino ez, gero kartzelakoa etorri zalako. Bertsokide ederra da Jone, lagundu egiten deutsu bertsoaldia ondo egiten, berak ez dauelako dardararik egiten, konfiantzea emoten deutsu. Makina bat da, ibilbide itzela dauka eta poztu nintzan beragaitik. Esan neutsan, lehia bat da hau, baina ze gustura zugaz. Beste bategaz be poztuko nintzan, zortzikote ederra zalako zapatukoa, baina Jonegaz ederto egon nintzan, ze aspalditik ezagutzen dot, umeak ginanetik. Eskolartekoan beti hor ikusi dogu. Berez, Imanol nebea da nire belaunaldikoa, baina eurakaz kantetan genduanean, Imanol neugaz egoten zan eta nagusien mailan beti Jone. Ume-umetatik Bizkaiko bertsolaritzan gagozan arpegiak gara, pentsau neban zenbat urte daroaguz honetan, eta begitu orain non gagozan.
5.- Egia da zuen edade ingurukoak nabarmendu zariela aurten. Baina aitatu izan dozu, finaleko zortzikotean, talde osoa dala protagonista.
Halan da, danak hartu nahi dodaz gogoan. Etxahunek, ganera, hasikerako agurrean esan eban bere azken finala zala, eta berak be merezidu dau autortzea, hori esan barik ez dot geratu nahi. Sekulako poza da niretzat neure ibilbidean beragaz kointzididu izana. Zortzikotean egon ginan guztiok banan-bana aitatzen ez naz joango, baina uste dot arpegi barriak egoteak mesede egin euskula, Bizkaiko Txapelketan egon dan maila ona erakusten dau, oso bertsolari onak geratu diralako finaletik kanpo. Aurrerantzean be, uste dot urtero-urtero gatxa izango dala finalean sartzea, ze bertso-eskoletatik jente oso ona dator, seinale ona da hori. Lan gehiago eskatuko deusku danori.
6.- Zu zeu be gaztea zara, baina finaletan badozu eskarmentua. Txapela irabazteko orduan, zerk izan dau pisu handiagoa, gaztetasunak emoten dauen freskureak ala urteetako esperientziak?
Aurten, bigarrenak, esperientziak. Freskotasuna bai, baina hori finalista barri guztiek dakarre. Beraz, horrek bakarrik ez deutsu balio txapela nahi badozu. Irabazteko bide luzea egin behar da eta nire kasuan, horrek dakar momentu txarrei aurre egiten ikastea, bertsoaldi gogorrei eustea. Aurreko urteetan hori faltau jatan, gogoratzen naz lehenengo finalean trabau egin nintzala, azken puntua ahaztu... Egin nituan akats batzuk, baina gaur egun kapaz naz ez egiteko, bertso batzuk hobeak izango dira eta beste batzuk eskasagoak, baina eutsi egiten deutsat mailatxu bati, lasaitasunari. Nik hori nahi neban, kanpotik ikustea Nerea trankil egoala, barrutik urduri egon arren. Hain bertsolari onen ondoan txapela irabaztera konstantziak eroan nau.
7.- Azken agurrean gogoan hartu zenduzan etxeko andreak. Zelan otu jatzun omenaldi hori egitea?
Hori izan zan etxekoen partetik babes handia jaso izan dodalako, batez be etxeko emakumeen partetik. Askotan, prestakuntza akademikoa, lorpen personalak baloretan doguz, baina nire kasuan, hori ez da etxean jaso dodan baliotsuena, prestakuntza handiko andrerik ez da egon gurean. Baina eredu bikainak izan dira, bide luzea egin dot etxeko guztiek egin deusten ekarpena onartu arte: amak, ahiztak, izeko guztiek egin daben lana. Ipini dabe erabateko maitasun absolutu bat nigan. Beste batzuek izango ditue baldintza hobeak, baina beharbada ez dago gurean egon dan beste maitasun. Orduan, puntu bitan hori guztia eskertzea inportantea zan niretzat, eurak ez balira hor egon ez neban egin dodan bidea egingo.
8.- Bizkaiko txapeldun izanda, zure bertso ibilbidearen fase barri batean sartu zara. Zelan ekingo deutsazu?
Gogo aldetik bardin, baina segurtasun handiagoa izango dot. Urte asko behar dira norbere burua errespetau eta baloretako bertsolaritzan, nik neuk sarri zigortu izan dot neure burua larregi, askotan oholtzara sufriduten igon dot, merezimendurik egin ete dozun zalantzak sartzen dira, hori emakume askori pasetan jaku. Txapel barik be badakit trankil ibili behar dodala plazan eta nik nahi dodana esaten. Baina txapelak esaten deutsu egun batean egin zendula zeozer inportantea, jente guztiak ikusi ebala. Egun baten gauzak txarto egin zeinkez, baina txapelak esaten deutsu ondo egiten be badakizula.
9.- Datorren urtean Txapelketa Nagusian izango zara. Bizkaiko txapela buruan daroazula, modu diferentean joango zara?
Bost urte pasau dira aurreko edizinotik, beraz, derrigorrez joango naz beste modu batera, ni neu be asko aldatu nazelako bost urtean. 2017koa lehenengoa izan zan niretzat, sorpresea eta oparia. Bigarren honetara plaza gehiago eginda helduko naz, baina ez dot gehiegi zoratu nahi, urtebete faltau da. Euskal Herrikoa beste liga bat da, beste jente bat, beste foku batzuk. Badakit ez dana izango lehenengoaren modukoa, diferente joango naz.
Argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!