Nerea Ibarzabal, Bizkaiko txapeldun

Bizkaie! 2021-12-20 08:06   Bertsolaritzea

Hasikeratik amaierara, saio biribila egin dau markinarrak.

Nerea Ibarzabali txapela eta makilea emon deutsez (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken edizinoetan, beti txapeldun barri bat izatera ohitu gara, eta aurtengo finala ez da salbuespena izan: lehenengoz irabazi dau Nerea Ibarzabalek, hasikeratik amaierara goi mailako bertsoak kantauta eta buruz burukoan Jone Uriari aurre eginda.

Pandemiagaitik, ez da ohiko finala izan Bilbao Arenakoa, ikus-entzuleek pasaportea erakutsi behar izan dabe eta maskarea jantzita egon saio osoan. Deserosotasunez hartu dau hori publikoak, baina berehala ahaztu jakez danei pandemiak ekarritako murrizketak, bertsolariak indar betean hasi diralako lehenengo ariketetatik.

Gaur-gaurko gaiak jorratu ahal izan ditue binakako ariketetan, tartean pandemia bera, baina bata eutanasia, homofobia eta beste asko be. Umorerako tartea be egon zan, baina bakarkakoak barriro ekarri zituan gogoeta sakonak Miribillara. 

Ibarzabalek lan ederra egin eban lehenengo fasean eta, beraz, entzuleak ez ziran harritu buruz burukora pasau zala entzun ebenean. Jone Uriak be ondo heldu eutsan finalaren tensinoari, eta Ibarzabalegaz batera azken fasera pasetako txartela eskuratu eban.

Buruz burukoa goi mailakoa izan zan, bardintasun handia egon zan Ibarzabalen eta Uriaren artean. Pinganillo-tik laguntzen deutsen bertsolariaren ariketeak berotu eban giroa Miribillan. Epaileek 874,5 puntu emon eutsezen Nerea Ibarzabali, txapela irabazteko nahikoak. Azken agurrean, etxekoandreen lan isila gogoratu eban, ingurukoei eskerrak emoteaz batera. Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi eutsen txapela.

Bigarren Jone Uria izan zan, 866 puntugaz. Ia lau orduko jardunean hamar puntuko alderik be ez zan egon. Hurrengoak honeek izan ziran: Etxahun Lekue (520,5), Xabat Galletebeitia (507,5), Onintza Enbeita (489,5), Aitor Bizkarra (486), Aitor Etxebarriazarraga (484) eta Gorka Pagonabarraga (464).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu