Zabalik da 2022ko EuskarAbenturan parte hartzeko hautagaitzak bialtzeko epea
2021-12-21 13:33 Euskerea berbagaiMartiaren 4ra arteko epea dago.
Aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bialdu behar dabe Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazte euskaldunek eta horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko ditue alkarteak proponidutako gai eta formatu bat aukeratuz.
2022an, 130 gaztek garagarrilaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatuko dabe, euskera hutsean eta euskaldunen eta itsasoaren arteko hartu-emonak landuko ditue, Elkano Fundazinoagaz alkarlanean.
Datorren urteko espedizinoko izen-emote epea gaur zabaldu da Albaolako Itsas Kultur Faktorian. Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazinoak ebaluauko ditu eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrendea argitaratuko da. Espedizino taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egindako proiektuaren balorazinoa, baita gazteen jatorria, generoa eta motibazinoa be.
Gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai ditue aukeran: Gure aisiaren espazioa, gaur egungo hezkuntza zentroetako olgeta lekuen ezaugarriak eta bertan izaten diran dinamikei buruz hausnartzeko; Moda azkarra, erropa eta jantzien konsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta Zer ginan, zer gara, zer izango gara, historiatik ikasiz baino ez dogulako eregiko etorkizuna...
Gararrilean, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gan euskal kulturea, geografia, hizkuntzea eta gizartea ondo ezagutzeko aukerea izango dabe bisita, tailer, berbaldi edota espedizinoa bisitauko daben gonbidatuen eskutik.
Lehen mundubirearen 500 urteak beteko dira 2022an eta horren harian, gai nagusietako bat itsasoa izango da, gure bizimoduan dauen eragina, Euskal Herriak horregaz dituan hartu-emonak; izan be, horreek historian izan daben bilakaerea aztertu deien animauko ditue gazteak. Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta errelato historikoez hausnartzeko aukerea izango dabe, etorkizuna joandakotik irudikatzeko aukerea be. Horretarako, EuskarAbentura Alkartea Elkano Fundazinoagaz alkarlanean ibiliko da, gazteen izen-emote proiektuaren hirugarren gaia diseinau eta espedizinoan landuko diran hainbat ekintza atontzeko be: Gure helburuetako bat dibulgazinoa eta edukien gizarteratzea da, baita gogoeta prozesuak sustatzea be, joanak horretarako bide oso emonkorrak ekarten deuskuzalako. Gogoeta ahaleginotan gazteen ahotsa entzun nahi dogu eta EuskarAbentureak landutakoa eta lantzeko moduak, baldintza egokiak sustatzen ditu hausnarketarako azaldu dau Elkano Fundazinoaren zuzendari dan Ion Irurzunek.
Euskerea bidelagun
Helburu nagusia euskerea gazteen bizitearen erdigunera eroatea da eta horregaz batera, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea, gaur egun euskereak indartzeko behar dituan arloak lantzea, hain zuzen. Proiektuaren babesleen artean dagoan Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendari Xabier Arauzok esan dauenez, belaunaldien arteko transmisinoa bermatzea garrantzitsua da, gazteak hizkuntzearen bizibarritzea sendotzeko prozesuan giltzarri izateaz aparte, balioa emoten jakelako geure herriko ohiturei, kultureari, ondareari eta historiari. Ezagutzea konpartiduteko abenturea da Euskarabentura eta, ganera, erakusten deusku ez garela kanpora inora joan behar altxorrez eta txoko ederrez gozetako, geurean kanpoan besteko leku, abentura eta esperientzia interesgarriz gozetako aukera dago.
Igaz elkarte antolatzaileak gazte euskaldunen kasuan hizkuntza-mudantza fenomenoaren faktore nagusiak zeintzuk diran ulertzeko ikerketa bat jarri eban martxan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako Zuzendaritzeak finantziauta eta Soziolinguistika Klusterragaz alkarlanean. Lau urteko ikerketea izango da eta oraindino badago lana. Lehenengo urteko ikerketearen emoitzak 2022ko udabarria aldera argitaratzea da asmoa baina horren inguruko lehenengo gogoeta batzuk azaldu ditu Irati Labaien, EuskarAbenturako alkartekideak: Espedizinoak mudantzak izan daitezan ezinbestekoak diran gune linguistikoki zainduak bermatu ditu. Guneotan, hizkuntza mailan esperimentetako eduki zein dinamikak, hiztun idealaren irudiagaz bat ez datozen eta partaideak gidatzen dituen bidelagunak edota gazteentzat hain garrantzitsua dan talde-pertenentzia bermatu dira. Baldintza horreei esker, gazteak zaurgarri agertzeko eta esperimentetako baimena errazago hartu dabe eta honek maila eta forma ezbardinetako euskerearen aldeko hizkuntza-mudantzak egiten animau ditu. Labaienek pozez azaldu dau ahaleginek ondorioak ekarri dituela, izan be, parte-hartzaileen % 85ek adierazo dau espedizinoan euskera mailea hobetu dauela sentiduten dauela.
Osasun krisiak eraginda, 2019ko garagarriletik EuskarAbentureak ez dau espedizino formatua izan, osasun egoerearen beharretara moldatu behar izan dauelako azken urteotan. 2022ko garagarrilean barriro be ikusi ahal izango ditugu 130 gazte Mauletik Getxora Euskal Herria oinez zeharkatzen, betibe momentuan indarreko neurriek ahalbidetzen badabe.
Espedizinorik bako edizino biren ostean, 2022ko garagarrila positibotasunez atontzen hasi dira EuskarAbentura alkartekoak. Osasun larrialdia hasi zanetik aisialdiaren erronken aurrean indartsu sentiduten dira eta horren isla da Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunea Federazinoa. Erakunde barri horren sorrerea Euskaltzaleen Topagunean batzen diran eta aisialdia lantzen daben euskera alkarteek egindako hausnarketearen emoitzea izan da. Helburua lekuan-lekuan euskerazko aisialdia lantzen daben egitasmoak jorratzea da. Gaur egun 14 alkartek osotzen dabe baina lanean dabiz alkarlana sortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!