Iker Goñi (EuskarAbenturea): 'Gurea espedizino kulturala da'
2018-07-23 08:05 BarriketanEuskarAbenturako begiralea.
2018ko garagarrilarean 1ean ekin eutsen irabazi asmorik bako EuskarAbentureari 16 eta 17 urte arteko eta 30 helduz osotutako 140 laguneko taldeak Maule-Lextarren. Done Jakue bide desbardinak jarraituz Euskal Herria zeharkatzen dagoz, uriburu guztiak eta UNESCOk izentautako Gizateriaren Ondareak bisitetan. Getxo izango dabe helmugea, San Inazio egunean, 31n. Horren aurretik, hilaren 23an, astelehenean, Baiona-Irun etapea egingo dabe eta Bizkaira 28an sartuko dira Itziar-Markina etapan.
Azalpen guztiak, ekinbidearen gorabeherak, anekdotak, parte-hartzaileen profilak eta bestelakoak Iker Goñiri eskatu deutsaguz.
1.- Erakunde zein komunikabiodeen aldetik babes handia izan dozue hau guztia atontzeko. Zeintzuk dira Euskarabenturearen helburuak?
Lau helburu nagusi: gazteen artean euskerearen erabilerea bultzatzea, euskaldunen sarea sortzea, disaporea be kontuan hartuta, gure herriaren ezagutzan sakontzea, geografia, kulturea eta gizateriaren ondareari erreparauta eta laugarrena da, holako esperientzietan emoten diran baloreak azpimarratu eta bultzatu, genero ikuspegia, turismo arduratsua eta alakarbizitzea.
2.- Antolakuntzan EuskarAbentura Alkartea dabil. Nortzuk zarie? Zeintzuk dira zuon asmoak?
2015. urtean, bost urtean behin, AEBetan Idahon egiten dan jaialdian, txoko desbardinetako gazte batzuk batu ginan eta hor izan zan abiapuntua; euskerearen erabilereagaz arduratuta gengozan eta bat etorri ginan zeozertxu egin behar genduala. Boisen, jantza eta jai giroan okurridu jakun Euskarabenturea atontzea eta hor gabiz martxan. Lan ikaragarria dago hau guztia aurrera eroateko baina ilusino handiagaz gabiz. EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik bako alkarteak sortutako ekimena da. Euskal Herriko txoko desbardinetako 10 gaztek osotzen doguna, borondatez gabiz beharrean, kasu askotan gure lanotan eszedentziak edota oporrak eskatuta. Bizkaiko bi, gipuzkoako bi, Arabako lau, Nafarroako bakarra eta skype bidez eta konpondu gara antolaketa lanak egiteko. Oraingoz hauxe da gure zeregin nagusia eta bakarra Euskabentura espedizinoa.
3.- Zein da parte-hartzailearen profila? Aukeraketea zelan egin zenduen?
Danetarik dago. Ruta Quetzal buruan geunkan eta horrexen antzeko zeozer egin gura genduan; jakina, geure herrira eta geure hizkuntzara egokituta. Holan jaio zan gure proiektua. Espedizinoa Euskal Herriaren lagina izatea argi geunkan, hau da, probintzia bakotxeko kideakaz eta, Zorionez lortu dogu eta 120 lagunentzako espedizinoan martxan gabiz. Bizkaitarrak % 45 dira, gipuzkoarrak % 20, Nafarrak % 20 inguru, arabarrak % 13, Iparraldekoak, probintzia bakotxetik gazte bana eta azkenik, diasporatik bi, bat Patagoniakoa eta bestea Washingtonekoa. Gazte horreek guztiek proiektu bat aurkeztu behar izan eben eta hori aurten mendeurrena ospatu dauen Eusko Ikaskuntzak balorau dau. Guztien artean 110 onenak Euskarabenturearen parte-hartzaile dira beka baten bidez. Danetara, 140 proiektu inguru aurketu dira.
4.- Ehundazak kilometro oinez, 783 km. inguru. Etapa batzuk gogorrak izango dira, eguraldiak be ez dau larregi laguntzen... Bajarik egon da? Zein izan da orain arteko momentu txarrena Eta ederrena?
Ehun da hamar gaztegaz hasi ginan eta orain 101 dagoz; osasun arazoak zein personalak izan dira espedizinoa bertan behera ixteko arrazoiak.
Momentu gogorrenen artean, eguraldi eskasak eragindakoak izan dira, etapearen zailtasunak be batzuetan sano eragingarriak izan dira, akaso, momentu txarrenetakoak lehenengo etapea, hasieran gorputza, hankak eta ohitu barik dagozalako eta danontzako esperientzia barria zalako; eta GAsteiztik pasaukeran be momentu txarra bizi izan genduan, espedizinoan birus antzekoa sartu eta begiraleak zein parte-hartzaileak gaixotu egin garelako.
Momentu onenak, barriz, asko izan dira eta Zerainen egin genduan afaria nabarmenduko deutsut, izan be, Udalak lumagorri eta bertoko arrautza, Idiazabal gaztaiagaz eta afari ederra eskaini euskuelako. Kantu eta trikitixa doinuakaz momentu magikoa izan zan eta, duda barik, gure eskerrona adierazo behar deutsegu bai Udalari eta bai herri osoari sano ondo tratau gintuelako.
5.- Zelan atontzen dozuez etapak, zenbat kikometro izaten dira, desnibela be kontuan hartzen dozue?
Etapak aldez aurretik zehaztuta dagoz. Gure espedizinoak Euskal Herria zeharkatzen dau Donejakuren hiru bide erabilita. Gure burukomin handiena lo egiteko lekua topetea izan da; frontoiak eta kiroldegiak gure salbazinoa izan dira.
Batez beste 22 kilometro inguru egiten doguz baina laburragoak be bai, 10 km. eta holakoak. Markinatik Gernikara 27 km. inguru egingo doguz. Eguraldia be erabagiorra izaten da, beroa, sargoria, euria lako osogaiak eragin handikoak dira.
6.- Konbibentzia edo alkarbizitzea ez da erraza izaten. Zelakoak izan dira arazorik nagusienak?
Arlo horretan ezin deutsut gauza handirik nabarmendu. Gazteak oso motibauta etorri dira eta orain arte ez dogu alkarbizitza arazorik izan. Nekea, gosea, komuna erabilteko ilara luzeak, dutxea hartzeko aukera gitxi eta holako faktoreek euren garrantzia izaten dabe baina aparteko burukominik ez dogu izan.
7.- Bidean jente asko batu jatzue berbaldiak, lantegiak emon eta, besterik ezean, laguntzinoa, babesa eta sakadea emoten...
Bai. Oso gustora gagoz. Hau oinez kilometroak egitea eta zeozer gehiago da; gure helburua da gazteek be beste aukera batzuk izatea, eduki aldetik eta esangura horretan, Euskal Herriko arlo desbardinetako lagunak izan doguz, berbarako, Asisko Urmeneta birritan egon da geugaz, Patri Espinar pelotako txapelduna be bai, gastronomia, sormen zein orientazino tailerrak egin doguz Hodei Barroso, Ander Lipus, Piter Ansorena, Kike Amonarriz, Martxelo Otamendi eta beste batzuekaz. Izena guztiak ez jatortaz burura baina jente askok parte hartu izan dau. Gure eretxiz, aukera ezin hobea da bai Euskal Herria eta bertoko kulturea ezagutzeko.
8.- Aurten Hondarribitik Izabara arteko Barnetegi ibiltaria eta antzekoak ezagutzen doguz. Ba al dauka Euskara Abentureak euskereagaz loturarik?
Duda barik. Gurea ez da barnetegia edo udalekua espedizino kulturala baino; gure eredua orain arte Quetzal Ibilbidea izan da eta hori bai, gure hizkuntza ofiziala euskerea da. Espedizinoan badagoz euskeraz egiteko ohiturarik ez daben parte-hartzaileak baina ibilbide guztian lantzen dogun arloa da esanguratsua da egiten dagozan esfortzua. Oso pozik gagoz euskerearen erabilereagaz espedizinoan. Beti ez da euskerea entzuten baina gure espedizinoan % 90 ingurukoa da euskerearen erabilerea eta oso pozik gagoz.
9.- Kontaiguzu azken eguna, Getxora helduko zarien San Inazio eguna, garagarrilaren 31, zelakoa izango dan?
Sorpresa moduan, ez deutsegu gauza lar aurreratu parte-hartzaileei baina bai, Bilbotik Getxora bidea egin. Getxon, Gizateriaren Ondarea dan eta aurten 125 urte bete dituan Bizkaia Zubia bisitauko dogu, behetik eta goiko pasarelan zehar be ibiliko gara. Aurrerago, barriz, Getxon, Euskarabenturearen espedizinoa amaituko da Andres Isasi Musika Eskolan.
10.- Aurrerantzean ze egitasmo edo erronka daukazue?
Amaitzeko egun batzuk falta arren, emoitzeagaz pozik gagoz baina badakigu orain artekoari eustea be ez dala makala. Esfortzu handia egin behar izan dogu hau aurrera eroateko eta gure mugak zeintzuk diran jakinda, dinotsudan lez, oraingo babesle eta laguntzaile guztiak zein barriak geugaz izatea nahitaezkoa izango da. Eskerrak emon danari, euren babesagaz hau guztia posible izan dalako.
Gazteakan be zeozelan eragin dogula esango neuke eta mereziduko deutsela pentsetan dot.
Irailean, balorazino sakona egingo dogu egindakoaz eta bideragarritasun plangintzea be ez da faltako. Uste dogu urtero egiteko espedizinoa dala baina maila ekonomikoan be laguntzinoa behar dogu. Bihar-etzi honegaz jarraitzeko profezionalizazinoa beharrezkoa izango dala pentsetan dogu ze alkartekideok lana daukagu eta handik eta hemendik kentzen ibili gara, soldata bako hilea hartu behar izan dabe begirale batzuek hona etorteko eta holan be ezin da ibili.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!