Xabi Aburruzaga: 'Konpositore lez nor nazen jakitea izan da gatxena nire ibilbidean'
Dabi Piedra
2021-12-06 08:01
Barriketan
Xabi Aburruzaga musikariak (Portugalete, 1978) odolean daroa musikea. Hogei urteko ibilbidean, euskal tradizinoaren memoria aldarrikatu dau, munduko beste musika batzukaz lotu dau bertokoa eta bide barriak zabaldu deutsaz trikiti-doinuari. 2021a mugarri esanguratsua izan da bide oparo horretan: maiatzaren 15ean kontzertu handia emon eban Bilboko Campos Antzokian, telebistako kamarak lekuko zirala eta kolaboratzaile zerrenda luze-luzeagaz; orain, zuzeneko diskoa aurkeztu dau, Aurrez aurre (Baga-Biga), maiatzeko kontzertu haretan grabautakoa.
Seigarren diskoa dau Xabi Aburruzagak, eta zuzenean grabautako lehenengoa. Aurreko diskoetako 17 kanturen egokitzapenak dira guztiak. Kontau deuskunez, pandemiak ekarritako murrizketen erdian gozamena izan zan Bilboko kontzertu erraldoia, publikoagaz eta aspaldiko lagunakaz alkartzeko atxakia, zuzeneko emonaldiek emoten deutselako arnasea: hurrengo egunotan Galizian eta Katalunian ibiliko da, eta Euskal Herrian be hitzorduak ditu laster.
1.- Hogei urteko eta estudioko bost diskoko ibilbidea beteta, seigarren lana zuzenekoa izan da. Zergaitik egin dozu orain pausu hori?
Ez da aurretik pentsautako proiektu bat izan, egia esan. Telebistatik konbitea egin euskuen kontzertu berezi bat grabetako. Prestakuntzak egiten hasi ginanean konturatu nintzan momentu aproposa zala era honetako disko bat egiteko. Pandemiako estuasunak pasau barri, indarbarrituta oholtzara bueltetako aukerea... Nigaz jo behar eben musikariei esan neutsen kontzertuaren kontura diskoa be grabetako asmoa neukala. Zuzeneko emonaldia ondo joan ezkero, diskoa editauko nebala pentsau neban eta ez baeban aparteko ezerk urteten, ba telebistan emitidu eta listo. Eguna heldu zanean dana bikain joan zan, gau magikoa izan zan eta, orduan bai, aurrera egin neban. Ez zan aurretik pentsautako gauza bat izan, telebistarako ahalegina egin behar zan eta egindako lanagaz pozik geratu ginanez, ba diskoa etorri zan hortik.
Ganera, hogei urteko ibilbidea beteten dozunean, hor badaukazu material bat, nik estudioko bost disko daukadaz eginda. Beraz, badau zentzuna seigarrena estudiokoa izatea.
2.- Ganera, zuzeneko kontzertuak badauka diskoan sentidu ezin leitekeen magia bat. Aurrez aurre izenburutik hasita, zuzenekoaren aldeko aldarria egin dozu, batez be azkenaldion pandemiak ekarritako murrizketak bizi eta gero.
Bilboko kontzertuan, gogoan dot oholtzara urten genduala musikarako gosez. Geldirik egon gara bolada luze batez eta motibazino handia ekarri euskun kontzertuak, jai erraldoia egiteko aukera aproposa zan. Jenteari hemen segitzen dogula erakusteko modu ederra izan zan. Bestetik, kontzerturako, kantuen moldaketa barriak atondu genduzan eta hori be gustagarria da.
Oraindino, publikora begiratu eta jentea maskarea jantzita ikusten dozu, eta horrek giroa pixka bat hotzitu egiten dau, ezin dozuzalako entzuleen arpegiak ikusi. Baina inportanteena zuzeneko kontzertuetara bueltau ahal izatea izan zan. Giro beroa sumatu neban hasikeratik, ia laster halako gehiago egin geinkezan eta, ahal bada, maskara barik, horrek esan nahiko leukeelako koronabirusa gainditu dogula.
3.- Jantzarako modukoak be badira zure kantu asko. Azkenaldion jesarrita egotea derrigorra izan da ikuskizun musikaletan, eta horrek be ez deutsue lagundu.
Ez. Halan eta guzti be, Bilboko kontzertua antzoki baten izan zan, Camposen, eta hor beti egoten da jentea jesarrita. Egia da, baina, beste kontzertu batzuetan, edo jaietan, hutsune hori badaukagula. Jotea edo fandangoa jo eta jantzaririk ez dago, ez da kalejirarik egiten... Horren faltea badogu.
4.- Maiatzaren 15ean Bilbon emondako kontzertu horretan goi mailako musikari, kantari eta jantzariak izan zenduzan alboan. Azkenik, zure amesetako big band-a batu zendula autortu dozu.
Beti nahi izan dodan gauza bat da halako talde handi bategaz jotea. Esate baterako, nik oso gustuko dodaz metalak, eta metaleko hirukote bategaz jo ahal izan neban Camposeko kontzertuan: Asier Ituarte, Javier Perez eta Abraham de Roman. Normalean boskotean ibilten gara gu, batzuetan jantzariak eta txalapartariak batzen jakuz, baina hainbeste artistagaz batera inoiz kontzerturik emon barik nengoan. Nire betiko taldea, metal hirukotea, jantzariak, txalapartea, konbidaduak... Hori ez da eguneroko gauza bat. Joten nenbilela, ez nekian aurrera begiratu ala alboetara, ze guztiz liluratuta negoan oholtza ganean batu zan artista piloagaz.
Goi mailako kolaboratzaileak batu genduzan egun haretan: Oskorriko Txaber Zeberio eta Jose Urrejola, Argibel Euba eta Iñigo Olazabal txalapartariak, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas koreografoak eta beste asko. Miren de Miguel sopranoagaz Maurizia oholtzara eroaten ahalegindu ginan. Maurizia Aldeiturriaga eta Fasioren disko zaharrak bialdu neutsazan eta tinbre horretan abestu eban, antxinako tradizinoaren eran. Gozatu ederra hartu genduan, ze egunero halako jenteagaz joteko aukerarik ez da egoten.
Nire ohiko taldea be ez dot ahaztu nahi: Eriz Perez gitarra akustikoan, Koldo Uriarte tekladuetan, Jon Cañaveras baxuan eta Aitor Uribarri perkusioetan.
5.- Oholtzan gozau arren, horreek kolaborazino guztiak batu eta antolatzea ez zan lan erraza izango...
Pentsau, pandemiaren olatuan bete-betean gengozala atondu behar izan genduan guztia. Ezin ginan sei musikari baino gehiago alkartu. Moltsoka antolatu behar izan neban dana: batetik, oinarrizko bandeagaz, bestetik metal arlokoakaz eta holan. Galiziatik Tanxungueiras izeneko pandereteira hirukote bat zan etortekoa, baina ezin eben Galiziatik urten, eta intereneten eta bideoen bidez egin genduzan prestakuntzak. Alkarregaz lehenengo aldiz kontzertuaren egunean bertan egon ginan, goizean egindako entseguetan. Gatxa izan da produkzinoa, baina ilusinoari eta musikari horreen guztien laguntzinoari esker, dana errazagoa izan zan.
6.- Diskoan, zuzenean jotako 17 abesti batu dozuz, danak zure aurreko diskoetan agertutakoen moldaketak. Zeren arabera aukeratu dozu errepertorioa?
Batetik, bandeari erreparau neutsan. Metalen hirukoteagaz jo beharreko kontzertua izan zanez, era horretako tresnentzat egokiak diran piezak aukeratu nituan. Tanxungueiras hirukoteagaz Bost diskoan kolaborau nebanez, ba orduko kantu batzuk be badagoz. Horrezaz gan, errepetorioa zehazteko orduan, baldintza garbi bat be jarri neban hasikeratik: aurretik argitaratu dodazan bost diskoetako kantuak agertu behar zirala, gitxienez bakotxeko bat. Ez dago orekarik, ze disko batzuetatik bat edo bi baino ez dagoz, eta beste batzuetatik gehiago, baina nire disko guztiek dabe lekua bermatuta zuzeneko beste lan honetan.
7- Bost diskoetako kantuak errekuperauta, atzera begiratu eta zure ibilbide osoa begibistan izan dozu. Hogei urteko bidea zelan ikusten dozu gaur egungo talaiatik?
Abiapuntua tradizinoan dago, lehenengo diskoan garbi ikusten da, ze kantu barri bat baino ez neban sartu, Aupa Rufino izenekoa, beste guztiak Maurizia, Fasio eta halakoenak ziran, beti-betiko trikitilarien piezak egokituta. Bigarren diskotik aurrera ahalegindu nintzan Xabier Aburruzaga nor zan deskubriduten, baina konpositore lez. Xabi Aburruzaga trikitilariarentzat tradizinoa zan oinarria, baina konposizinoan hasi nintzanean, lan modernoak egiten hasi nintzan. Hirugarren diskoan folkerako saltoa etorri zan, identidade jakin bat topetan hasi nintzan, ni eroso sentiduten nazen lekua.
Keltik, laugarren diskoa, tematikoa izan zan, musika zeltari eskainia zalako. Mundu osoko musikariek parte hartu eben, baina euskal ikuspegiari eutsi neutsan. Bosgarren diskoa barriro izan zan nire izakereari lotuagoa. Eguneroko kontuak, memoriak, aitatasuna eta halakoak kantuetan sartu nituan. Kanpora joaten nazen bakotxean pilo bat idea ekarten dodaz, ondoren horreek landu eta CDan sartzeko. Uste dot estilo aldetik lortu dodala marka bat sortzea. Beharbada hori izan da gatxena, konpositore lez nor nazen jakitea. Azken hiru diskoetan oso argi dago nor dan Xabi Aburruzaga. Hori guztia laburbiltzeko modua izan da, 20 urteko ibilbidearen ostean, zuzeneko diskoa egitea.
8.- Tradizinoa lantzen zein formatu barriak bilatzen, garbi dago zuretzat trikitixak ez daukala mugarik.
Era askean gauzak adierazoteko tresnea da niretzat trikitixa. Poztasuna, askatasuna edo barruan sentiduten dodan edozer transmitidu neike. Era guztietako musikariakaz kolaborazinoak egin dodazanez, asko ikasi dot, gure trikitixatik harago mundu handi bat dagoala ikusi dot, baina mundu hori ederto buztartzen da trikitixagaz.
9.- CDan entzun geinke Aurrez aurre, baina pen-drive formatuan be bai.
Bai, lehenengoz probau dot formatu hori, eta biak dagoz salgai Durangoko Azokan. Askotan etorri jat jentea esaten nire diskoren bat ederra begitantzen jakola, baina ezin dauela autoan entzun, ez daukalako CD irakurgailurik. Horregaitik pentsau dot USBan sartzeko moduko tirada bat be egitea. Niri antxinako formatuak gehiago gustetan jataz, biniloak edo CDak, baina zabalkundean lagunduko deust pen-driveak.
CDan diskoa eta libretoa sartu doguz, ohiko moduan. Pen-drivean, ostera, musikeaz aparte, bideoa, Asier Bastida argazkilariaren 180 argazki eta diseinu guztiak digitalean, bakotxak bere etxeko ordenagailuan handitu eta gozau deizan.
10.- Mugarritzat dozu zure ibilbidean Aurrez aurre diskoa?
Duda barik mugarria izan da niretzat. Gogoan dot Kepa Junkerak bere kontzertu batera konbidau ninduala, 2001ean izan zala uste dot. Harrituta geratu nintzan, musikari pilo bat ezagutu nituan, gerora nigan eragin handia izan dabenak. Kontzertutik bueltan, trenean, pentsau neban egunen baten halako kontzertu bat antolatzeko gauza izango ete nintzan, ikaragarria izango zala. Eta, begira, orduko amesa egia bihurtu da. Era naturalean etorri da guztia, ez naz joan itsu-itsuan kontzertu hau antolatzera, baina momentua heldu da eta trena aurretik pasau danean gustura igon dogu. Topikoaren itxurea dau, baina eskerrak emon nahi deutsadaz nire atzean dagoan lantaldeari, euren lana barik nirea alferrekoa izango zan. Kontzertu honetarako ahalegin berezia egin eben, eta igarri egiten da: teknikariak, produkzinokoak, musikariak, konbidaduak... Guztiona da disko hau.
11.- Hemendik aurrera ze asmo dozuz?
Orain beste proiektu bat daukat esku artean. Urtebete inguru daroat Aukeran jantza konpainiarentzat musika-konposizino bat egiten. Martian estreinau nahi dabe ikuskizuna, eta nik ordubeteko saioa grabau behar dot, horren ganean jantzan egin deien. Azken baten, konposizino barrien disko barri bat da, goitik behera. Horregaz nabil buru-belarri, baina zuzeneko kontzertuak be badaukadaz.
Urtea amaitu baino lehen hiru kontzertu potolo doguz hitzartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aztertzen gabiz ia Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian be beste bana egin geinken. Datorren urterako kontzertuak lotzen be bagabiz.
Hemendik kanpo, bira txikitxu bi egingo doguz abenduan, Durangoko Azokearen ostean. Galiziara goaz lehenengo, Lugora eta Mosera, Vigo ondoan. Gero, Katalunian emongo doguz beste pare bat emonaldi, Lleida eta Tarragona aldean. Gauzatxuak daukaguz, beraz, esku artean.
Argazkiak: Asier Bastida.
Ikusi argazki guztiak handiago