Xabi Aburruzagak 'Aurrez Aurre' diskoa aurkeztu dau Bilbon

Bizkaie! 2021-11-26 13:03   Musikea

Bilboko Campos Eliseos Antzokian zuzenean grabautakoa da.

Ritxi Aizpuru (Baga Biga) eta Xabi Aburruzaga | Ikusi handiago | Argazki originala



Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarraren Aurrez Aurre diskoa seigarrena da, lehenengoa zuzenean, hogei urteko musika ibilbidearen lekukotzea, abesti zaharrei egindako moldaketa barriak dakarz 2021eko maiatzaren 15ean Bilboko Campos Eliseos Antzokian grabautako musika jai erraldoiaren testigantzea da.

Aburruzagak interpretautako 17 abesti diraz, ohiko taldeagaz eta gonbidatu ugarigaz.

Zuzeneko lan bat grabetea estudioko bost lanen ibilbidea osotzea upealako lana izan da Portugaleteko musikariarentzat: ohiko musikari laguntzaileak batu ziran oholtzan, baita euskal musikako beste izen handi asko be, Xabier Zeberio, Jose Urrejola, Garikoitz Mendizabal edo Gorka Hermosa zein beste leku batzuetatik etorritako hamaika lagun eta gonbidatu, berbarako, Tanxugueiras galiziarrak.

Aburruzagarentzat giro ezin hobean, amesa bete eta pilotutako sentimendu danak lan diskografiko batean jasotea ederra izan da. Aurrez Aurre trikitilari eta konpositoreak markautako estilo personalaren erakusgarri da, trikitixa beste instrumentu batzuen parean jarriz eta bere soinuak folketik hurrago dagozan mundu batzuetatik (biolina, mandolinea, albokea, txalapartea...) datozenakaz buztartuz, pop musikan ohikoagoak diran beste batzuekaz (bateria, baxua, gitarrea, pianoa...).

Diskoko 17 kantuetan Aburruzagaren bizipen personalenei buruzko aitamenak dagoz, besteak beste, ikasketak egin zituan lehen ikastetxea, aitita-amamen herria edo lobeari eskainitako gaia; paisajeak eta inguruneak gogora ekartea, Lago di Comotik Urdaibaira, Quebec eta Galizia, baita artistearen musika-erreferenteak omentzeko eta kutsu aldarrikatzaileagoa hartzeko espazioa be.

Porrusaldatik arin-arinera, gai melodiko eta lasaiagoetatik jaiaren eztandara eta erritmo indartsuagoetara.

Aburruzagak soinu-dokumentu batean islatu ditu zuzenekoan bizi izandako sensazino guztiak eta bere asmoa publikoak be sensazino horreek gogora ekartea da.

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978)

Trikitilari eta konpositoreak 2007an ekin eutson ibilbide musikal profesionalari, Bizkaiko trikitixea lehen diskoagaz; urte bi aurrerago, 2009. urtean Denboraren naufrago (Elkar) argitaratu eban, trikitixearen soinua barritzeko eta bere estilo berezia jiorratzeko asmoagaz, sustraiak ahaztu barik.

2013an kaleratu eban hirugarren diskoa, Geure. Lan honetan ia kantu guztiak portugaletearrak sortu zituan eta berbetan egile handiek parte hartu eben, besteak beste, Kirmen Uribek, Unai Elorriagak eta Iñaki Aurrekoetxeak.

Urte honeetan guztietan, Aburruzaga jaialdi ospetsuetako eszenatokietan ibili da eta mundu osoko artista handiakaz kolaborau dau.

2016an, KeltiK argitaratu eban doinu herrikoiak eta konposizino propioak buztartuz, folketik jazzera, bidaia zoragarria uniberso zeltan barrena.

Aburruzagaren bosgarren albuma, Bost (2019), barrura bidaia personala da. Bizipenak dira lan honen oinarria. Bertan, Aburruzaga konpositorea, interpretea eta zenbait kanturi berbak jarten deutsee, baita abestu be egiten dau.

Miren Amurizak, Unai Iturriagak eta Iñaki Aurrekoetxeak idatzi ditue bost kanturen letrak.

Euskal Herriko, Espainiako eta nazinoarteko artisten kolaborazinoak be baditu, folk euskalduna eta zeltea, bals bat eta galiziar eta gaztelaniazkoak batzen dituen soinuak tarteko dirala: Yves Lambert (La Bottine Souriante), Jorge Arribas eta Diego Galaz (Feten Feten), Anxo Lorenzo eta Tanxugueiras taldeko pandereteirak, Calum Stewart, Argibel Euba eta Iñigo Galaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu