La Ritirata Juan Crisóstomo de Arriagaren heriotzearen 200. urteurrenean
2025-11-18 10:46 MusikeaMaila handiko hitzordu musikala gure egilerik maiteenaren omenez.

Arriaga Antzokiak izena zor deutso Juan Crisóstomo de Arriaga musikagile bilbotarrari eta ha hil zala mende bi igaro dirala ekarri nahi dau gogora. Holan, kontzertu oso berezia atondu dau, 2026eko urtarrilaren 17an beteko dan 200. urteurren horren harian. Bertan, Josetxu Obregón arduratuko da musika-zuzendaritzaz. Interpretea euskal musikagilearen lanean espezializauta dago, Juan Crisóstomo de Arriaga. The complete string quartets on period instruments CDan agirian geratu zanez eta, besteak beste, musika-produkturik onenaren 2014ko Codalario saria jaso eban.
Kontzertuaren egitarauan, Arriagak sortutako erlijinozko ahots-musikako lanik ezezagunenetako batzuk dagoz, horreen artean Stabat Mater, egilea Pariseko École Royale de Musique et Declamation dalakoan ikasten ebilela uriburu horretan estreinautakoa, Luigi Cherubini ikastegiko orduko zuzendariak maisulantzat jo ebana eta O Salutaris Hostia, tenore bik, bajista batek eta orkestreak interpretetako motetea. Azken lan horretan abeslari eta instrumentu-talde berak interpretauko dau izen bereko Cherubiniren lana, Arriagak sortutakoaren ostekoa dana. Kontzertua osotzeko, Luigi Boccherini musikagile italiarraren Op. 12 laneko sei sinfonietatik bi entzuteko aukerea izango dogu. 1776. urtean argitaratu baziran be, konpositoreak 1771n sortu zituan, Haydnen edo Mozarten antzeko estilo klasikoan, Luis Borboikoa infantearen zerbitzura egoala. Maila handiko hitzordu musikala, beraz, agiriko arrazoiak dirala eta gure egilerik maiteena dan hau gogoratzeko.
Taldea
- Musika-zuzendaritzea: Josetxu Obregón.
- Orkestrea: La Ritirata.
- Bakarlariak: tenorra: Juan Antonio Sanabria; tenorra: Diego Blázquez; eta baritonoa: Ferran Albrich.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
