Bendejerak omendu ditue Bilbon, Euskerearen Egunaren kontura
2021-12-02 12:56 Euskerea berbagaiBendejerak: sorotik plazara liburua argitaratu dabe Udalak eta Labayru Fundazinoak.
Baserriko produktuak uriguneetara eroateko orduan ezinbestekoak izan diran bendejerak omendu ditu Bilboko Udalak aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira atondutako ekitaldian. Udaletxean harrerea egin deutse bendejera lanetan dabizan hainbat andrari, eta zeregin horren inguruko jakingarriak batzen dituan liburu bat be aurkeztu dabe, Bendejerak: sorotik plazara, Udalak eta Labayru Fundazinoak alkarlanean egina.
Gaur egun gitxiago dabizan arren, oraintsu arte ohikoa izan da bendejerearen figurea, baserriko produktuak herrigune handietako plazetara eroan eta han saltzeko bitartekari ia bakarrak ziralako. Euskal tradizinoagaz lotutako jarduerea izateaz gan, landa eta uri eremuen arteko zubilana egin dabe bendejerek belaunaldiz belaunaldi, Udalak nabarmendu dauenez.
Juan Mari Aburto alkatea eta Koldo Narbaiza zinegotzia izan dira udaletxean egindako ekitaldian, bendejerak omentzeko ekitaldiaren buru. Gaur egun Erriberako merkaduan euren produktuak saltzen dituen zortzi bendejera konbidau ditue, ofizio horretan dabizanen eta ibili diran guztien ordezkari.
Otzara formako oroigarri bana emon deutse Udalak zortzi bendejerei, honako idazkia dabenak: Eskerrik asko azoka bete bendeja eta otzara bete euskera herritik urira ekartearren. Euskerearen Eguna. Bilboko Udala, 2021.
Aburto alkateak nabarmendu dauenez, autortza eta duintasun adierazpena da omenaldia antolatzea: gogora ekarten deusku zelakoak izan ginan, argi izan daigun zelakoak izan nahi dogun.
Bendejerak belaunaldiz belaunaldi gure merkatuetara etorri dirala azpimarratu dau alkateak. Baserrian mimo handiz hazi eta jasotako produktuak saltzera, oinez, asto ganean, gurdiz eta, ondoren, trenez edo tranbiaz. Euskerearen zabalkundean bendejerek izandako garrantzia be aitatu dau: Hein handi batean, hareei zor deutsegu gure urian euskerearen garrak bizirik iraun izana.
Liburua eta egutegiak
Bizkaian belaunaldiz belaunaldi bendejera ibili diranen historia batzen dau Udalak eta Labayruk argitaratutako Bendejerak: sorotik plazara liburuak. Mila aleko tiradea egin dabe, eta Labayruren bidez zein liburu-dendetan erosi leiteke.
Ganera, bendejerak protagonista dituen egutegiak be aurkeztu ditue, 2022koak. Udalak aurreratu dauenez, bendejeren bizimoduaren inguruko dokumentala grabetan ibili dira eta laster ikusi ahal izango da sareetan.
Azkenik, udaletxean egindako agerraldian, Udaleko ordezkariek bat egin dabe 2021eko Euskerearen Nazinoarteko Egunaren kontura EAEko hainbat erakundek egin daben adierazpen bateratuagaz. Eremu formaletan ez eze, alor ez formalean be euskerearen erabilerea bultzatzeko beharra azpimarratzen dau agiri horrek, instituzinoen baliabideak eta herritarren konpromisoa buztartuz. Argibide gehiago adierazpenaz, hemen.
Argazkiak: Bilboko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!