Erakunde ugarik bat egin dabe Euskerearen Eguneko adierazpenean

Bizkaie! 2021-12-01 12:37   Euskerea berbagai

Eremu ez formaletan be euskerea zabaltzearen aldeko deia dakar testu bateratuak.

Adierazpena adostu daben erakundeetako ordezkariak, Gasteizen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko Eguna dan ezkero, EAEko erakunde nagusiek adierazpen bateratua adostu eta plazaratu dabe, Gasteizko Montehermoso Kultur Etxean egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren ordezkaria Miren Dobaran izan da, eta haregaz agertu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lekuan lekuko agintariak be.

Arabako Foru Aldundiko Lexuri Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Miren Elgarresta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Xabier Arauzo izan dira diputazinoen ordezkariak. Udalen izenean, Bilboko Udaleko zinegotzi Koldo Narbaiza egon da ekitaldian, beste udalerri batzuetakoakaz batera. EUDELen partez, Anartz Gorrotxategi joan da Gasteizera, eta UEMAk bere lehendakaria bialdu dau, Iraitz Lazkano. 

Danen artean irakurri dabe Euskerea lanabes, aro barrirantz. Erabilera-eremu barri eta ez formaletan be, euskereak arnas barri izeneko adierazpena. Lehenago be egin izan diran ohartarazpenei kasu eginaz, euskereak eremu ez formala hartu behar dauela dino testuak.

Hizkuntzearen erabilera formalagaz batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez, azpimarratu dabe erakundeek testuan. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar dau euskeraz biziteko aukerea, lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetan, hori bera dalako, hain zuzen be, euskeraz bizitearen esanguretako bat.

Hizkuntzen indarrari eusteko orduan sareek eta hartu-emonek daben garrantziaz be egiten dau berba adierazpen bateratuak: Pandemiak agirian itxi dau jakin bagenkiana, zenbateraino diran ezinbestekoak komunikazino ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten deutsen komunikazinoak gure jarduerei; sakon-sakoneraino barneratu dogu komunikazinoaren, hartu-emonen funtsezkotasuna. Eta hori bera dau euskereak erronka: komunikazino eta jarduera eremu barrietan be, naturaltasun osoz, jagokon lekua hartzea.

Bide horretan, hiztunek eta eragileek eraginkor eta tinko jokatu behar dabela dino testuak. Instituzinoen ahalegina behar-beharrezkotzat jo dau, bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz

Irakurri adierazpen osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu