Josu Kamara: 'Gero eta ohikoagoa da txotxongiloen eta beste adierazpideen arteko hibridazinoa'

Dabi Piedra 2021-11-22 07:55   Barriketan

TX Fest jaialdiko kidea.

Zemendiaren 28ra arte, martxan da 40. Bilboko Txotxongiloen Nazinoarteko Jaialdia, TX Fest. Bederatzi konpainiaren ikuskizunei esker, bertoko eta kanpoko txotxongiloez gozau leike publikoak, erakusketa, tailer eta bestelako jardueretan parte hartzeaz gan. BBK Salea festibalaren egoitza nagusi barria dan arren, La Fundición aretoko hitzordu batzuei eutsiko deutse, eta auzoetan saioak egingo ditue, baita Lezama, Larrabetzu, Areatza eta Arrigorriagan be.

Jaialdiko antolatzaileen artean dago Josu Kamara, euskal txotxongiloen arloko figura historikoa. 1970eko hamarkadatik Kukubiltxo talde ezagunean ibili da, arte eszenikoetan euskereari lekua egiten eta belaunaldi ugaritako umeek ondo pasau deien ahalegintzen. Pagoa alkarteko kidea be bada gaur egun. 40. edizino biribilaren atxakian, TX Fest jaialdia gerora begira jarri nahi dabela kontau deusku, besteak beste, BBK Saleagaz akordioa eginda eta Bilboko Otxarkoaga auzoko espazio barria aprobetxauta.

1.- BBK Salan egingo dira aurtengo edizinoko ekitaldi nagusiak. Egoitza barria estreinauko dozue.
 
40. edizinoa danez, traje dotorea estreinetearen modukoa izango da. BBK Sala leku erreferentziala da Bilbon, programazino konprometidua dau arte ezenikoakaz, guretzat primerako lekua da. Aretoko arduradunakaz urte osoko kolaborazinoa adostu dogu, hau da, jaialdiko ekitaldi askoren egoitzea izateaz gan, alkarlanean segiduko dogu etorkizunean. Hori izango da aurrerantzean gure kokagune zentrala, baina auzoetara eta herrietara be zabalduko dogu geure eskaintzea. 
 
Aitatu nahi neuke, ganera, BBK Salan erakusketa bat ipini dogula, munduko maskaren inguruan. Domekara arte ikusi ahal izango da eta, horregaz lotuta, topaketak eta tailerrak antolatu doguz. Horreetako lantegi baten, parte-hartzaileek euren maskarea diseinau eta sortu ahal izango dabe, eta etxera eroan.
 
2.- La Fundición aretoa da beste egoitza garrantzitsu bat, San Frantzisko, Errekalde eta Otxarkoaga auzoetako eta Bizkaiko herrietako ekitaldiak ahaztu barik. Txotxongiloen eskaintzea Bizkai osora eroaten dau zuen jaialdiak.
 
Zuzendaritza barria hasi zenean TX Festen, orain dala bost urte, gure asmoen barruan sartu zan auzoetara be heltzea. Jaialdia zabaldu nahi dogu, txotxongiloek leku handiagoa hartu deien Bilbon eta Bizkaian. Alde geografikotik ez eze, denporan be zabaltzearen alde egin dogu, jaialdiko egunetatik aparte be ekitaldiak antolatuta: BBK Salakoakaz egindako akordioari esker, txotxongiloak Bilbon sarriago ikusi ahal izatea berbatu dogu. 
 
La Fundición aretoagaz, bestetik, aspalditik gabiz alkarlanean, aurtengo egitarauan ekitaldi bi eroan doguz hara. Azkenik, herririk herriko eskaintzea dago, 
 
3.- Otxarkoagan, Txotena kulturgunean, Hari Morea espazioa ipini dozue martxan, arte eszenikoetan emakumeei jagoken lekua emoteko. Txotxongiloen munduan zenbaterainokoa da emakumeen presentzia?
 
Jaialdiaren 40. urteurrenaren kontura zeozer barria egitea pentsetan genbizala, konturatu ginan txotxongiloen tradizinoan emakumeak bigarren planoan geratzen izan dirala, orain gauzak aldatzen doazan arren. Adibide argigarri bat ipiniko deutsut: beti egon izan dira familia baten oinarritutako taldeak, senide batzuen artean sortutako konpainiak; ba, kasu gehien-gehienetan gizonaren abizena izaten zan konpainiaren izena, askotan emakumea bera izan arren txotxongiloetan abilena edo sormenaren arduraduna. Horren inguruan gogoetea egiten hasi ginan eta erabagi genduan espazio bat zabaltzea, txotxongiloakaz eta arte eszenikoakaz zerikusia daben emakumeak batzeko, eztabaidarako topaketa edo foroa izan deien. Hortik etorri zan Hari Morea espazioa zabaltzeko idea. Emakumeek sortutako ikuskizunak aurkezteko gunea da, baina tailerrak eta gogoetarako saioak be badagoz. Jaialdiko egun guztietan bor-bor dagoan gunea da Hari Morea.
 
4.- Hizkuntzei jagokenez be, aniztasunaren alde egin dozue. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko lanak dagoz egitarauan, baita berba bakoak be.
 
Nazinoarteko jaialdia izanda, hizkuntza ugaritasuna berezkoa da neurri baten. Ahalegindu gara kanpoko taldeak ekarten, ze aurreko edizinoan bertoko taldeakaz egin genduan programazino ia osoa, pandemiagaitik. Euskerearen presentzia be bermatu dogu, jaialdiaren amaierako ikuskizuna Gorakada antzerki taldearen, Zuhaitzak landatzen zituen gizona izango da. Euskal Herriaren eta euskerearen ordezkaria izango da hori, baina egongo da euskerea entzuteko aukera gehiago: Bambalina konpainiaren Cu-cu ikuskizunean euskerea, gaztelania eta katalana erabilten dira. Dana dala, ikuskizun gehienak berba bakoak dira. 
 
5.- 1970eko hamarkadan Kukubiltxon lanean hasi zinanetik, euskerea sendotu egin da txotxongiloen alorrean?
 
Esango neuke presentzia handiagoa dauela eremu batzuetan. Kukubiltxo sortu genduanean kalea zan gure eremua, baina areto edo antzokietan euskerearen lekua hutsaren hurrengoa zan. Apurka-apurka ikuskizunak eta programazinoak agertzen joan dira euskeraz, nire ustez oraindino nahikoa ez dan arren. Gero eta konpainia gehiagok gaztelania hutsean lan egitetik euskerazko bersinoa be eskaintzeko pausua egiten dabe. Halan eta guzti be, euskerearen kontu honetan, aurreratzen dogun guztia gitxi da, ahaleginean segidu behar dogu. Horregaitik, Bilboko Txotxongiloen Jaialdian konpromisoa dogu euskereagaz. Bertoko konpainien ikuskizunak ekarten doguzanean, beti ahalegintzen gara euskerazko bersinoa emoten, aukerea dagoanean. 
 
6.- Kulturgintzako beste arlo batzuetan pasau dan legez, txotxongiloen mundua be asko aldatu da TX Fest martxan egon dan 40 edizinootan?
 
Aldaketarik handiena egiteko moduetan egon da: txotxongiloen teknika eta formatu tradizionalak desagertu ez diran arren, gero eta ohikoa da txotxongiloen eta beste adierazpide artistiko batzuen arteko hibridazinoak ikustea, gure jaialdiaren egitarauan be ikusten da. Aurten ikusi geinkez ohiko txotxongiloak eta baita jantzeagaz buztartutako ikuskizun bat be. Txotxongiloak bideoagaz edo argiztapen bereziagaz nahasten dituen proposamenak be badoguz. Ganera, gero eta gehiago zabaltzen dabilen teknika bat da objektuen animazinoa dalakoa. Hor egiten dana da, beste adierazpide artistiko batzuen bidez sortutako elementuak txotxongilo bihurtu, objektu bizidun. Jokera barri horreek guztiek erakusten deuskuena da txotxongiloen mundua eten bako bilakaera baten sartuta dagoala, oraindino asko dogu ikusteko, ikasteko eta lantzeko. 
 
7.- Halako barritasunak konpainia barrien eskutik etorten dira sarri. Txotxongiloetan harrobia ona dago?
 
Gure programazinoari jagokonez, konpainia beteranoakaz batera sartu doguz barriak, edo beste arlo batzuetatik txotxongiloetara salto egin dabenak. Egon badago harrobia, Euskal Herrian bertan be ikusten dogu talde barriak sortu dirala, eta interes barriak be bai. Oraintsu esperientzia interesgarri bat izan dogu antzerkia ikasten dabizanakaz, etorkizuneko aktoreek txotxongiloak be gogoan izan deizen euren ibilbidea aukeratzeko orduan. Gazteei interesa sortzen deutse gure mundu honek, bide barriak edegiteko modua ikusten dabelako. Arte eszenikoetako beste esparruetako jentea txotxongiloetara hurreratzen ikusten dogunez, etorkizuna oparoa izan leitekela uste dot. 
 
8.- Gazteentzako eta ikasleentzako saioak goizetan egiten zabize. Publiko barriak be erakarri behar dira?
 
Txotxongiloen munduko eragile barriak behar doguzala esan badogu, ba publikoagaz bardin. Belaunaldi barrietako jentea geureganatzea lortu behar dogu. Txotxongiloek badabe estigma moduko hori, umeentzako dala, baina ez hori ez da holan. Ikuskizuna ona bada, umeagaz datozan helduek be gozau egingo dabe, eta batzuetan kontrakoa be jazoten da, hau da, helduentzako saio batzuetara umeak etorri leitekez. Polita da belaunaldien arteko alkarrizketa hori. 
 
Gaur egun badagoz ikuskizun batzuk beren-beregi publiko gaztearentzat eginak, ze edade batzuetan, 14-17 urte artean gitxi gorabehera, hutsunea dagoala ikusten dogu arte-eszenikoetan, gazteak erakartea kostau egiten da. Etorkizuneko ikusleak ziurtatu behar doguz.
 
9.- Martxan da Bilboko Txotxongiloen Nazinoarteko Jaialdia, dagoeneko 40 edizino egin dozuez. Aurrera begira zeintzuk dira asmoak?
 
Edizino biribil hau inflexino-puntu on bat dala uste dogu. BBK Salara eroan dogu jaialdia eta horrek aukera asko zabalduko ditu. Ganera, jaialdiaren urte osorako egoitza barria be badaukagu, Otxarkoagako Txotena zentroan. Arte eszenikoetako beste erakunde batzukaz hartu dogu leku hori, adibidez, kaleko arteetako Artekale dago gugaz. Egoitzaz gan, plazatxu bat be badaukagu alboan. Urte osoan egongo gara han txotxongiloen aldeko konspirazinoa lantzen. Formakuntzarako tailerrak, ikuskizunak sortzeko erresidentziak eta halakoak egingo doguz eta, horrezaz gan, esperientzia luzeko artistak ezagutu ahal izango ditue txotxongiloen munduan hasi barriak diranek. Mundu bi batuko doguz: batetik, profesionalena eta, bestetik, auzoari edegitako proiektua izatea nahi dogu. Espazioa bizirik dago, aste honetan bertan, hilaren 27an eta 28an, inaugurazino ekitaldia eta beste saio batzuk antolatuko doguz, jaialdiaren beraren barruan. Etorkizun labur eta luzera begira, asmo politak bete ahal izango doguzala uste dot, Txotenako espazioari esker, nik behintzat neure burua lanpetuta ikusten dot etorkizunean, baina gustora egiten dan lanagaz.
 
Argazkiak: TX Fest.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu