Idoia, Afrika Bibang eta Dupla, Artistas en Ruta zirkuituan

Bizkaie! 2021-10-28 11:12   Musikea

Espainiako hainbat uritan kontzertuak emoteko aukeratu ditue.

AIE alkarteak urtero antolatzen dau Artistas en Ruta egitasmoa, musikariei euren sorlekutik urrun kontzertuak joteko aukerea emoten deutsen zirkuitua. Hor parte hartzen daben euskerazko artistak aukeratzeaz Etxepare Euskal Institutua arduratzen da, eta 2022ko lehenengo seihilekoko hiru talde eta bakarlariak zeintzuk diran jakitera emon dau. 

Azkenaldion euskal musikan indarrez sartu diran hiru talde eta bakarlari aukeratu ditue: Idoia Asurmendi eta Dupla gazteak eta barriro euskal eszenara bueltau dan Afrika Bibang. Espainiako hainbat uritan kontzertuak joko ditue 2022an, beraz. 

Betidanik musikeagaz esperimentau dauen arren, Musikenen formakuntza musikal zehatzagoa eskuratu eban Idoia Asurmendik, eta laster hasi zan lehenengo konposizinoak egiten, Maria Oses poeta eta lagunagaz batera. Ahoz ahokoari esker, diskorik argitaratu baino lehen be jente asko erakarten eban bere kontzertuetara. 2021eko udabarrian Ilun eta abar lehenengo diskoa heldu zan. 

Afrika Bibang be gazte-gaztetatik dabil musikagintzan. Ke No Falte, Etsaiak eta 1990eko hamarkadako beste talde ezagun batzukaz kolaborau eta bakarkako disko bat plazaratu ostean, euskal eszenatik desagertu zan. Atzerrian ibili zan kantari, ospakizun, jai pribadu eta ekitaldi arranditsuetan. Etxera bueltan, Ispiluaren aurrean aurkeztu barri dau, euskerazko eta ingelesezko kantuak dakarzan disko laburra. Soul doinuak dira getxoztarraren oinarria. 

Dupla taldeak aire barriak ekarri ditu euskal musikagintzara. Ohiko formatuak erabili beharrean, Duplatxusak izenekoen bidez zabaltzen ditue euren lanak. Nekazal ingurune batean musika urbanoa egiten dauen taldetzat aurkeztu ditu Etxepare Euskal Institutuak. Berba esplizituak, hip-hopa eta ikutu elektronikoa dira Duplaren ezaugarri nagusiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu