Soul doinuak nagusi Afrika Bibangen disko barrian

Bizkaie! 2021-10-21 10:56   Musikea

Euskerazko hiru kantu eta ingelesezko bat dakarz Ispiluaren aurrean lan laburrak.

Afrika Bibang, diskoa aurkezteko ekitaldian (argazkia: Bira) | Ikusi handiago | Argazki originala

Luzaroan atzerrian ibili eta gero, euskal eszenara bueltau da Afrika Bibang getxoztarra, betidanik landu izan dituan soul eta R&B doinuak ahaztu barik. 2019an Nomada plazaratu eban eta orain beste EP bat dakar, Ispiluaren aurrean. Lan barriko lau kantuetako berbak Bibangek idatzi ditu, baina konposizinoan Israel Monzoncillok be hartu dau parte.

Abesti bakotxak nortasun berezia dauen arren, soul estiloa da Ispiluaren aurrean disko laburraren oinarri nagusia, R&B, hip-hop eta bestelako doinu batzuei uko egin barik. Jantzan egiteko musika aproposa dala azaldu dau Afrika Bibangek, Bilboko Bira Kultura gunean disko barria aurkezteko egin dauen agerraldian.

Gizartean ikusi dituan jarrerek bultzatu dabe Bibang disko honetako kantuak sortzera. Sare sozialetan begiratuta konturatu da inor ez dagoala konforme bere izakereagaz edo itxureagaz, beste bat izan nahi dauela jente askok. Gizartearen autoestimu falta horri erantzuten deutse Ispiluaren aurrean-eko berbek. Autonomia sentimentalaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko mezuak be badagoz.

Emakumeen burujaubetzearen aldeko aldarria da, hain zuzen, On my own, diskoan ingelesez dagoan kantu bakarra. Euskal Herriko publikoak, batez be, euskeraz kantetan dauen Afrika Bibang ezagutzen dauen arren, ingelesez egin dau bere orain arteko ibilbide profesionalaren zatirik handiena.

2004an Entzun diskoa kaleratu eta gero, atzerrira joatea erabagi eban Bibangek. Munduko herrialde ugaritan ibili zan kantuan, nazinoarteko talde bateko kide, ekitaldi, klub, jai pribadu eta antzekoetan. 2018tik Euskal Herrian da barriro.

Formatu digitalean zein fisikoan, dagoeneko eskuragarri dago Ispiluaren aurrean, eta bertako kantuak aurkezteko zuzeneko kontzertuak be laster hasiko ditu Afrika Bibangek. Lehenik eta behin, urriaren 30ean, Bilborock aretoan izango da, zazpikote formatuan. Zemendiaren 4an, Getxoko Romo Kultur Aretoan dau hitzordua, akustikoan. Ondoren, Gasteizen (zemendiaren 5ean), Donostian (12an) eta Iruñean (14an) izango da.

Ikusi Emakumeak abestiaren bideoklipa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu