'Frantziako konstituzinoa aldatzea ezinbestekoa da'

Bizkaie! 2021-10-25 07:45   Euskerea berbagai

Ziurbakotasuna baztertu eta aurrera egiteko.

Euskal Konfederazinoak eta Euskaltzaindiak jardunaldia atondu dabe Molac legeak ekarri dituan ondorioak aztertu eta bihar-etzi zer jazo daitekeen irudikatzeko.

Baionako Herriko Etxean izan da hitzordua eta langintza akademikoaz harago, Euskaltzaindiak euskerearen normalizazinoan dauen ardurea nabarmendu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak jardunaldiaren hasierako ekitaldian eta haregaz batera, paradigma aldaketea eskatuz ekin deutso Euskal Urigune Alkargoko buru Jean-René Etchegarayk Hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko legea berbagai izan dauen mintegiari: Esklerosi mueta bat da gure instituzinoek gai honen inguruan dabena, azaldu dau Etchegarayk eta gaineratu Frantzia herrialde bakarra dala Turkiagaz batera, Europan hizkuntzen aldeko kartea berretsi ez dauena.

Denporarik galdu barik, Frantziako presidentetzarako hauteskundeak ardatz, hautagai guztiek gaiaren gaineko posizinoa adierazo beharko leukiela zehaztu dabe.

Euskal Erakunde Publikoko buru Antton Curutcharryk, barriz, Molac legea mugarri historikoa dala adierazo dau, frantses elebakar diran eskualdeetako ordezkariek be aldeko botoa emonda: Aldaketa nabarmenaren seinale bihurtu dalako. Legea zentsureteak Ipar Euskal Herrian inoiz ez bezelako batasuna eragin dau, herritarrak, hautetsiak, hezkuntzan dabizen alkarteak, danak, alde ikusi baitoguz.

Paul Molac Bretainiako diputaduak gaur arteko prozesua jorratu eta ondokoa adierazo: Helburua da harritxu bat sartzea izan da, eskualdeetako sarraila batzuk apurtzeko. Molacek jardunaldian behin eta barriro ondorioztatutakoa aldarrikatu dau, hau da, Frantziako konstituzinoa aldatu beharra, baldin eta eskualdeetako hizkuntzak egoera zibilean sartzean lortuko bada. Nirea itxaropen mezua da nabarmendu dau aurrera begira jarri naz, gitxiengoak batuz, gehiengoa lortuko litzatekeelako. Askok esan deustie denporea galtzea zala legea egin nahia, baina egiten ez diren burruka guztiak dira galtzen.

Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktoreak frantses legearen zehetasunak aletu ditu, gehienbat murgiltze eredu pedagogikoari eta frantses hizkuntzeak bere egiten ez dituan zeinu diakritikoei arretea jarrita, baita zenbait konponbide praktiko nondik nora lortu leitekezan aitatu be.

Zabaletak, aurretik izan diran hizlari guztien antzean, frantziar konstituzinoa aldatzea ezinbestekoa dala esan dau, aurreikusitako aukerek ez dabelako biderik ixten eta konstituzinoa aldatu barik, ziurbakotasunean izango garelako beti.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu