'Salto!' udalekuen balorazino positiboa egin dau UEMAk

Bizkaie! 2025-07-17 08:25   Euskerea berbagai

Aurten 120 gaztek hartu dabe parte.

Bederatzi egunez Baliarraindik Idiazabalerako bidea egin ondoren, oraintsu amaitu da udalerri euskaldunetako gazteen Salto! udalekuen bigarren txandea. Aurten 120 gaztek hartu dabe parte udalekuan eta gustora bueltau dira, lagunak eginda eta ezagutzen ez zituen herriak eta bazterrak zeharkatuta, Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabalen barrena.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskerearen inguruan sensibilizetea, kontzientzietea eta eragile aktibo bihurtzea da UEMAk atontzen dauen udalekuaren helburua eta horretarako ekimenez betetako egitarau oparoa izan dabe bederatzi egunetan, Hezten aisialdi alkarteko hezitzaileen ardurapean. Udalekuetako ohiko olgeta eta ekimenez gan, euskal kultureagaz eta euskereagaz lotutako hainbat ekimen be izan ditue egun honeetan, besteak beste, Euskal Herrian Euskeraz taldeko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideakaz edota UEMAko teknikariakaz izandako tailer eta bestelakoetan.

Irati Odriozola eta June Furundarena UEMAko aisialdi arduradunen eretxiz, aurten be helburuak bete dira eta balorazino positiboagaz amaitu doguz aurtengo udalekuen bi txandei. Udalerri euskaldunetako gazteen artean gero eta erantzun handiagoa dau ekimenak eta aurten asko hazi da izena emon dabenen kopurua. Zoritxarrez, erdiak baino gehiago kanpoan itxi behar izan ditugu eta hori da udaleku honeen alderik txarrena. Gainerakoan, oso gustura gagoz parte hartu dabenen artean sortutako giroagaz eta udalerri euskaldunetako gazteen artean sortutak sareakaz.

UEMAren Hedatu hezkuntza proiektuaren osogarri

Euskerearen inguruan herritarrak kontzientzietako eta sensibilizetako ekimenak dira UEMAren jarduera nagusienetako batzuk azken urteotan. Horren barruan, euskerearen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua martxan dauka UEMAk eta irakasleakaz eta gurasoakaz ez eze ikastetxeetan be ibilten dira lanean UEMAko teknikariak, Ume Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleakaz. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskursoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskerearen normalizazino prozesuan daben garrantzia ikusarazoteaz gan.

Proiektua arabere gehiago jorratzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak atondu ditu UEMAk azken urteotan. Euskeraz bizi diran gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa emotea eta horregaz efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiagaz eta euskal kultureagaz lotutako egitarau erakargarriagaz, gazteak sensibilizete eta ahalduntzea lortu nahi da urtero udaleku honeekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu