Amaitu da 'Lanera' proiektuaren lehen fasea

Bizkaie! 2025-08-12 08:13   Euskerea berbagai

Euskerea arlo sozioekonomikoan sustatzeko ekimena.

Eusko Jaurlaritzeak amaierea emon deutso Lanera proiektuaren lehen faseari, eremu sozioekonomikoan euskerearen erabileran jauzi kualitatiboa lortzea helburu dauen ekimen estrategikoari. Entzutean oinarritutako fase horrek aukerea emon dau Euskal Autonomia Erkidegoko 252 udalerritan egiten dabizen ekimenak ezagutzeko, baita eskualde bakotxaren tresnak eta erritmoak hobeto ulertzeko be, etorkizunean egingo diran jarduerak egokitu eta eraginkorragoak izan daitezan.

Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak positiboki jo dau lehen fasea, eta eskerrak emon deutsee udalerri guztiei eta horreen ordezkariei egindako ekarpenagaitik: etorkizuneko proiektuak egin ahal izateko ezinbestekoa da entzutea eta diagnostiko partekatua egitea. Helburua enpresetan eragina daben eta langileak inpliketan dituen proiektuak egitea da, euskerearen erabilerea suspertzeko.

Proiektua hasi zanetik (maiatzean) Eusko Jaurlaritzeak 25 batzar egin ditu lurralde osoan zehar (22 bailara eta hiru uriburu), 252 udalerrietako ordezkariekaz. Batzarretan, euskerearen sustapenerako martxan diran ekimenak partekatu dira, baita ekimen barriak sortzeko bideak aztertu be.

Ekimen horren hurrengo urratsa irailean egingo dan diagnostiko partekatua eta lehentasunen ezarpena izango da. Ondoren, ekimen zehatzak jarriko dira martxan, lurralde bakotxeko enpresa-errealidadeagaz buztartuta. 2026ra arte bost fasetan banatutako ibilbide horrek euskera lan-ingurunera eroateko norabidea markauko dau.

Lanera izenak berak esanahi bi buztartzen ditu: era (modua) eta -ra (norabidea), halanda ze, lana ulertzeko modu barria eta euskerearen bidezko norabidea. Helburua da alkarlanean, euskereak lan munduan eta eremu sozioekonomikoan presentzia sendoa izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu