‘Geldi euskara zapaltzea!’

Bizkaie! 2025-07-16 08:37   Euskerea berbagai

Domekarako konzentrazinoak atondu ditu Euskal Herrian Euskarazek.

Euskal Herrian euskerea askotan ukatua edo bigarren hizkuntza lez tratatua dala salatu dau Euskal Herrian Euskerazek eta egoerea hobetzeko hizkuntza politiketan aldaketak nahitaezkoak dirala eta,beraz, konzentrazinoak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan, garagarrilaren 20an.

Euskerea ukatua edo bigarren mailako hizkuntzatzat hartzearen ondorioz, zortzi herritarretatik batek baino ezin dauela euskeraz berba egin salatu dau EHE kolektiboak. Euskerea larrialdi egoeran dagoala azaldu eta kritikau dabe Frantziako Gobernuak Euskal Herrian Euskarazi diru ekarpen oso eskasa egitea erabagi dauela aurten, euskerea zapaltzen segiduten dauela nabarmenduz. Horregaitik, egun euskeraz egiten ez daben Euskal Herriko erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politiko danei eskatzen deutsegu lehentasuna emotea: salto bi egiteko eskatzen deutsegu, euskeraz egitea eta gehienik euskeraz ibiltea. Horren adibide jarten dogu Baionako Euskal Museoa, euskal kulturea ezagutarazotea helburu dauen museoak ez deutsolako euskereari lehentasunik emoten. Aurten Museoak 100. urteurrena ospatuko dau eta Museoaren zabalkundean eta bestelakoetan euskereari lehentasuna emotea eskatzen deutsagu.

Euskerearen egoerearen aurrean, euskerea zapaldua dala salatzeko eta erakunde guztiek beren hizkuntza politiketan euskerearen alde saltoak egin deiezala eskatzeko, garagarrilaren 20an, goizeko 11:00etan manifestazinora joateko eskatu deutse euskaltzale guztiei. Maulen (Ondarearen Etxe aurrean), Donapaleun (Herriko Etxe aurrean) eta Baionan (Euskal Museoaren aurrean) egingo ditue.

Deialdiagaz bat egin dabe kulturearen arloko ondoko euskaltzale eta eragileek:

Ainize Madariaga, Allande Etxart, Amaiur Epher, Amets Arzallus, Anne Marie Lagarde, Doriane Billard, Ekhi Lambert, Galtxetaburu, Haira Aizpurua Ibargarai, Iulen Guiresse, Jean Claude Malharin, Joanes Etxebarria, Koldo Rodriguez, Maddi Zubeldia, Maia Iribarne Olhagarai, Maika Etxekopar, Manex Fuchs, Mattin Irigoien, Miren Artetxe Sarasola, Mirentxu eta Jean-Marie Oihanartia, Mixel Etxekopar, Nahia Etxeberri Lopepe, Odei Barroso, Pantxix Bidart, Patxi Iriart, Paxkal Irigoien, Peio Berterretxe, Txomin Urriza, Xan Berterretxe, Ximun Fuchs, Aldaka Gaztetxea (Amikuze), Artetxea (Isturitze), Baipelletenia (Larzabale), Baltsan Elkartea (Ziburu), Barnekaldeko Irakurleen Kluba (Oztibarre), Basaizea (Baigorri), Epaiska (Baiona), U14 eta Zabalik (Amikuze).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu