Azken epaia salatu eta euskereak justizia behar dauela aldarrikatu dau UEMAk
2025-07-18 09:06 Euskerea berbagaiKonzentrazinoak deitu ditu garagarrilaren 19rako, eguerdiko 12:00etan.

UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dabe Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Epaia larria dala adierazo dabe, eta batez be udalerri euskaldunei eta euskeraz dabizen udalei eragiten deutsenez, alkarretaratzeko deia egin dabe honetarako, udaletxeen aurrean. Udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei be dei egin deutse, epai hau salatu eta euskaldunon eskubideen alde egiteko kalera urten deien.
Euskerea bigarren mailako hizkuntza izatea bermatu dabe, izan be, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliobakotutak artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak be eta, euskerea lehenetsi ezkero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dala ebatzi dabe sententzian.
Euskerea ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala dan lekuetan be. Europako Hizkuntza Gitxituen Sareak adierazo dauen lez, euskerea larrialdi linguistikoan dago, baita minorizazino gorrian be, azken ikerketek erakutsi daben, euskera jazarria, debekatuta eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.
Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, gehiengo zabalagaz, euskereak jagokon lekua izan behar dauela erabagi dabe. Gitxitutakoa lehengoratzea. Normalizetea. Bizibarritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskerea lehenestea eta euskerearen aldeko erabagiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, bardintasuna heriotz-zigorra baita. Orekeak ez dau balion. Horregaitik lehenesten dogu euskerea. Euskaldunak garelako. Euskerea dalako gure hizkuntzea. Euskeraz garelako. Eta euskeraz izaten jarraitu nahi dogulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunidadea. Euskereari jagokon lekua emotea euskerearentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gitxietsia izan danari duintasuna bueltetea eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartea.
Udalerri euskaldunentzat mugarria izan zan EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskerea lehenesteko aukerea emon ebalako. Ezagutu barri dugun epaiak, ostera, udal legea ebatzi dau ezin dala neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo leukelako koofizialtasuna.
Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabagi demokratikoaren kontrako ez eze, azken hamarkadetako hizkuntza-politikenkontrakoa be badalako, eta euskerearen beraren ofizialtasuna be dudan jarzen dauelako. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituala dino Espainiako justiziak, beste behin be euskaldunon hizkuntza eskubideak baztertuz. Udalerri euskaldunei eta euskeraz dabizen udalei eragiten deutse.
Ia UEMA sortu zanetik ibili da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren kontra, euskerearen normalizazinoa eta bizibarritzea eragotziz. Ez ditugu ahaztu aktak euskeraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak.
Horregaitik, UEMA osotzen dogun 118 udalen eta horreek ordezkatzen daben 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea jagokula gogoratu nahi dogu eta euskeraz jarraituko dogula adierazo, izan be, minorizazino gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoan hizkuntzeari jagokon lekua emotea jagoku. Justizia behar dau euskereak eta Espainiatik heldu dana ez da justizia, euskerea bigarren mailara kondenetan dauen epaia baino. Beraz, aukera guztiak aztertu eta prest gagoz EAEko udal legea defendiduteko, baita Europako auzitegietan be, zerbitzu juridikoek horretarako aukerea ikusi ezkero.
Era berean, UEMAko kide diran 118 udalei dei egiten deutsegu, epai hau salatu eta euskaldunon eskubideen alde egiteko kalera urten deien, Euskararekin bat goiburuari eutsiz, udaletxeen aurrean alkarretaratzeak eginez, euskalgintzako eragileak eta herritarrak be animetan doguz.
Ez deutsagu uko egingo euskeraz egiteari. Ez deutsagu uko egingo euskereak behar dauen justiziari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!