Bermeok euskerearen erabilerea normalizetako plana onartu dau
2025-08-11 07:45 Euskerea berbagaiHelburua izango da, gaur egungo %75 horretatik % 89ra pasetea.

Bermeoko Udalak 2027ra arteko Euskerearen erabilerea normalizetako plana onartu dau 2025eko garagarrialren 30eko Osoko Bilkuran. Plana, Eusko Jaurlaritzeak landutako marko estandarraz bat egin da, UEMAgaz alkarlanean. Horretarako udal langileen eta ordezkarien parte-hartzea izan dau. Planak hizkuntza ofizialen kudeaketa udalaren kudeaketa orokorrean txertatzeko beharrizanean dau oinarria, eta Bikain ziurtagiriagaz lerrokatuta dago.
Bermeoko Udalak aurrerapauso nabarmenak emon ditu urteetan zehar euskerearen normalizazinoan; horren erakusgarri dira, 2011n eta 2019an lortutako urrezko Bikain ziurtagiriak. Ildo horretatik, diagnostikoak be erakusten dau egindako bidea handia dala eta euskerazko jardunak toki esanguratsua dauela udalean. Halanda be, zer hobetu be badago eta horreei ekin beharra dago datozen urteetan.
Egindako diagnostikoaren arabera, eta erabilerak ezeze kudeaketak berebiziko lekua hartu dauen horretan, udalak euskerearen normalizazinoan egindako ibilbidea % 75 da.
Ibilbide hori egiten jarraitzeko, UEMAko gainerako herriekaz bat datozen hizkuntza erispideak onartu dira, horreek izango dira-eta erreferentzia ibilbide guztian. Udal langile eta ordezkari guztiei zuzendutako plana da, eta aurreko planek lez, udalaren jardun osoa hartzen dau. Beraz, arduradun politiko eta langile guztiek bete beharreko erispideak jasotzen dira bertan.
Planaren helburu nagusia da, udalean euskerearen erabilerea indartzea eta areagotzea, herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko. Helburua izango da, gaur egungo %75 horretatik % 89ra pasetea. Erabateko garrantzia izango dabe lidergoan oinarritutako kudeaketarako egiturak; adierazleei jarraipena egiteko sistemak eta adostasunak; hizkuntza erispideak ezagutarazo eta betetzeak; arduradun politikoen, zein langileen lidergoa sustatzeak; eta euskerea izateak sortze, lan eta zerbitzu hizkuntza udalaren sail eta zerbitzu guztietan.
Hori guztia lortzeko planak aurrera egiteko udala osotzen daben guztien adostasuna, inplikazinoa eta alkarlana behar ditu; arduradun politikoek zein langileek konpromisoak hartzen jarraitu behar dabe, euskerearen erabilerak gora egiteko eta orain arte egindako lanari eutsi eta aurrerapausoak emoten jarraitzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!