Bizkaiak euskal diasporea autortu dau Boisen
2025-08-04 07:52 Euskerea berbagaiElixabete Etxanobe: ikusgarria da Bizkaia eta Boise lotzen dituan zubia.
Bizkaiko Foru Aldundiak Estadu Batuetan bizi dan jatorri bizkaitarreko euskal komunidadea autortzeko ekitaldia egin dau Boisen.
Ekitaldiak, sinbolismoz beteak, euskal komunidadearen eta Estadu Batuetako euskal diasporaren arteko loturak indartu nahi izan ditu, eta, era berean, gure kulturearen eta nortasunaren indarra nabarmendu nahi dau, mugetatik harago.
Idaho State Museumen egindako ekitaldia Olatz Saituaren kontzertuagaz hasi da, Gernikako arbola interpretatuz. Ondoren, Xabi Paya bertsolariak topaketea dinamizau dau.
Elixabete Etxanobek nabarmendu dauenez ikusgarria da Bizkaia eta Boise lotzen dituan zubia; sendoa eta anaien artekoa. Urteetan zehar, kemenez eta gogo handiz landu izan dan maitasun-zubia.
Idahoko bizkaitarrek Ameriketara emigrau ebenetik euskal kulturea, baloreak eta nortasuna eusteko erakutsi daben borondatea eta erabagitasuna nabarmendu ditu ahaldun nagusiak. Gainera, eskerrak emon deutse oraindino be komunidade aktiboa osotzen dabelako, gure ohiturak, gastronomia eta folklorea hemen proiektetan dituan komunidadea.
Jarraian, XX. mendearen amaieran Boisera emigrau eben zenbait bizkaitarrek euren esperientziak adierazo ditue; holan, Javier Arrietak (Ziortza-Bolibar), Fermin Bilbaok (Arrieta), Ziortza Gandariasek (Galdakao) eta bizkaitar emigranteen ondorengoa dan Itxaso Lorea Uriartek (Boise-Mungia) alkarrizketea izan dabe Xabi Payagaz; zergaitik emigrau eben Estadu Batuetara eta zelan integrau ziran Ipar Amerikako gizartean, euren sustraiak ahaztu gabe adierazoz.
Bizipenak lehen personan entzuteaz eta sentimenduak partekatzeaz gan, ekitaldia emozinoz beteta egon da Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolarien kontzertuari esker; izan be, bertsolariek esperientzia horreek euskal kulturearen adierazgarririk handiena dan moduan adierazo ditue, hau da, bertsotan.
Autortzea erromeria-erritmoan amaitu da, Xabi Aburruzagak Ai ze polita dan gure Bizkaia eta Bizkaia maite interpretau ditu, eta Bizkaiko ahaldun nagusiak makila bat emon eutsen topaketan parte hartu dabenei haren esker onaren adierazgarri.
Ekitaldi horren ondoren, Gatibu talde bizkaitarraren kontzertuagaz zarratu da 2025eko Jaialdia Idaho Central Arenan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!