Molac legea aztertuko dabe urriaren 22ko mintegian, Baionan
2021-10-07 10:43 Euskerea berbagaiEuskerea eta beste hizkuntza gitxitu batzuk babesteko pausuak dakarz lege horrek.
Frantziako hizkuntza gitxituen panoraman esperantzea ekarri dau Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legeak, Asanblea Nazionalak apirilean onartua. Molac legea izenez ezagunagoa da, Paul Molac diputadu bretainiarraren ekimenez aurkeztu zalako. Euskerearentzat eta beste hizkuntza txiki batzuentzat izan leiken eragina aztertzeko asmoz, egun osoko mintegia antolatu dabe Euskal Konfederazinoak eta Euskaltzaindiak, urriaren 22an, Baionan.
Hizkuntza txikiek aurrera egin deien leihoa zabaldu dauen arren, euskalgintzea sano arduratzen daben oztopoak be izan ditu Molac legeak. Esate baterako, Frantziako 60 diputaduk ipinitako helegitearen ondorioz, legearen artikulu batzuk Konstituzinoaren kontrakotzat jo zituen, eta ezin dira indarrean jarri. Murgiltze ereduari eta agiri ofizialetan zeinu diakritikoak erabilteari (adibidez ñ) lotuta dagoz ezabatutako atalak.
Badago zer aztertu eta eztabaidatua, beraz, urriaren 22ko mintegian. Orain arteko pausuak berrikusi eta etorkizunak ekarri leikena aurreratzeko ahalegina egingo dabe, izenburuak dinoanez: Hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko legea. Aurrera begirakoak.
Baionako Herriko Etxean egingo dan mintegian Paul Molac diputadua bera izango da hizlarietako bat. Beste konbidadu batzuk izango dira Jakes Sarraillet (Euskaltzaindia), Eneritz Zabaleta (Zuzenbidean doktorea), Peio Jorajuria (Seaskako lehendakaria), Ana Mari Irungaray (Euskal Haziak), Marie-Andrée Ouret (Biga Bai), Maddi Bordagarai (Uda Leku), Max Brisson (senataria), Mathieu Bergé (eskualdeko kontseilaria) eta Antton Kurutxarri (EEP).
Beste hizkuntza batzuetako ordezkariei jagokenez, Baionan izango dira Sèrgi Javaloyès okzitaniarra, Visant Roue bretainiarra eta Joan Peytaví Deixona kataluniarra. Euren hizkuntzak bultzatzeko erakundeetan dabiz hirurak.
Mintegian izena emoteko epea zabalik dago urriaren 20ra arte, info@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita edo (00 33) 05 59 25 64 26 zenbakira deituta. Saioa streaming bidez be zabalduko dabe antolatzaileek eta Kanaldudek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!