Eusko Jaurlaritzeak eta NABOk akordio historikoa sinatu dabe

Bizkaie! 2025-08-04 07:50   Euskerea berbagai

Estadu Batuetan euskerearen irakaskuntzea sustatzeko.

Euskal diasporaren mundu mailako hitzordu esanguratsuenetakoa dan Boiseko Jaialdira egindako bidaia instituzinonalaren barruan, Etxepare Euskal Institutuak eta NABO Ipar Amerikako Euskal Alkarteek lankidetza-akordioa sinatu dabe euskerearen irakaskuntza AEBko Euskal Etxeetan sustatu eta trinkotzeko. Holan, Eusko Jaurlaritzeak konpromisoa berresten dau euskal diasporetan. Akordioa 2018tik Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dauen Euskara Munduan programearen barruan dago.

Akordioari jagokonez, Imanol Pradales lehendakariak konpromiso pedagogikoa baino askoz gehiago dala adierazo dau: euskerearen nazinoartekotzean eta Euskadiren proiekzino globalean pausu estrategikoa da. Hizkuntzea gure nortasun-ezaugarri nagusietako bat da eta diasporan bizirik eustea gure komunidade globala indartzea da. Euskaldunen belaunaldi barriek, euren erroak ezagutzeaz gan, euskeraz bizi ahal izatea gura dogu. Horregaitik, hitzarmena kultur kohesinoan, nortasun partekatuan eta etorkizunean egiten dan inbersinoa da. Euskal Etxeek Euskal Herritik kanpo euskerearen eta euskal nortasunaren transmisinoan egiten daben ezinbesteko lana autortzea dakar.

Akordioak helburu bikotxa dau. Alde batetik, Argentinan arrakastatsua dan eredua Estadu Batuetara eroatea eta egokitzea: hizkuntza ikasteaz gan, formakuntza didaktikoa jasotzen dabe eta horrek Euskal Etxeei euren irakaskuntza-eskaintzan autonomoak izatea ahalbidetzen deutse. Bestetik, Estadu Batuetan euskerea bertatik bertara, online edo formatu hibridoan irakats leiketeen Euskal Etxeen kopurua handitzea topetan da: zenbat eta euskera irakasteko lagun gehiago izan, orduan eta ugariagoak izango dira irakaskuntza komunidade barrietara hedatzeko eta transmisinoa bermatzeko aukerak.

Beraz, Etxepare Euskal Institutuak haren babes instituzional eta pedagogikoa indartuko dau, euskera-ikastaroetara bideratutako finantzazinoa handituz eta tokiko irakasleen formakuntza sustatuz, AEBtako errealidadera eta beharretara egokituta.

Hitzarmenaren sinadurak, konpromiso indartzen dau eta Jauzia Gara eta Euskadi Globala estrategiekaz zuzenean bat egiten dau.

Ekitaldia NABOk Boisen egiten dauen urteroko batzarraren barruan egin da eta lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza izan dira bertan.

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutua euskerea eta euskal kulturearen nazinoarteko proiekzinoaz arduratzen dan Eusko Jaurlaritzearen erakundea da. 2010ean sortu zanetik, euskal sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emoteko, atzerrian euskerearen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko eta nazinoarteko kultur lankidetza sustatzeko lanean dabil.

Esparru akademikoan burututako jardunari esker, mundu osoko 35 unibersidadetan irakasten dira euskerea eta euskal kulturea, eta euskal ikasketen 12 katedra dagoz izen handiko zentroetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu