Kirikiño Ikastoleak atondutako dau 2026ko Ibilaldia
2025-07-10 08:22 Euskerea berbagaiEuskerea, hezkuntzea eta komunidadea izango ditu ardatz.
Kirikiño Ikastoleak atonduko dau 2026ko Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen urteroko jaia. Hitzordua 2026ko maiatzaren 31n izango da, Bilbon. Jaialdiak, Kirikiño Ikastolearen historiagaz eta helburuakaz bat egingo dau: euskerea, hezkuntzea, komunidadea eta herrigintzea buztartzen dituan proiektu bizia.
Ibilaldiaren 48. edizinoa Bilbora bueltauko da
1978tik egiten dan Bizkaiko ikastolen jaia da Ibilaldia. 2026an, 48. edizinoan, Bilbok hartuko dau lekukoa, azken aldiz 2022an izan zan bezela. Halanda be, ia 40 urte pasau dira Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxuko kaleetan egin ebenetik. Orain, auzo horreek barriro be euskerearen eta euskal kulturearen epizentro bihurtuko dira.
Ibilaldia urte osoko dinamikea eta parte-hartze prozesua da, euskerea ardatz hartuta eta komunidadea aktibauta. Kirikiñok badaki herritik eta herriarentzat egingo dan jai parte-hartzailea izango dala.
Hiri Kiribili bil!
2026ko Ibilaldiak Hiri Kiribili bil! goiburua izango dau. Berba joko dibertigarri eta esanguratsua Kirikiño Ikastolako komunidadeak sortu dau: ume, familia eta langileen arteko sormen-prozesu kolektibo baten emoitza.
Leloak Bilbo uriaren izaerea, mobimendua, aniztasuna eta etorkizuneko ikuspegia buztartzen ditu.
Euskerea Bilbo urian zabaltzea eta erdigunean jartea dira asmo nagusiak; horri egin nahi deutso erreferentzia leloak Hiri eta Bil berbak erabilita. Gainera, Kiribil berbeak espirala esan nahi dau, buelta bakotxean euskerearen aldeko urratsa emoten dauen kiribila. Era berean, Ebaristo Bustinza Kirikiño idazle eta kazetariari autotzea egin nahi jako.
Logoaren diseinuak be kolorea, dinamismoa eta poza transmitiduten ditu. Patinete baten irudia agertzen da erdian, mobikortasun jasangarriaren ikur bezela eta kolore alaiak erabiliz: horia, korala, urdina, berdea eta baltza.
Helburuak eta balioak
Kirikiño Ikastolearen eretxiz, 2026ko Ibilaldia uri osoa euskalduntzeko aukera parebakoa da. Euskerearen erabilerea zabaltzea, hezkuntza eraldatzailea sustatzea, komunidadea aktibetea eta parekidetasuna, inklusinoa eta jasangarritasuna praktikan jartea dira egitasmoaren oinarriak.
Ibilaldiaren bidez, Kirikiño Ikastolaren proiektua sendotu nahi da, baita Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxun dauen errotzea be.
Kirikiño Ikastolea
Kirikiño Ikastolea 1970eko hamarkadan sortu zan, euskerearen alde. Hasierako urteetako ausardia eta auzolana gaur egunera arte heldu dira. Belaunaldi askoren esfortzuari esker, Kirikiño Bilboko euskerazko hezkuntzearen erreferente bihurtu da.
Euskerea sustraietatik eregiten da Kirikiño ikastolearen leloa eta 2026ko Ibilaldia izango da gure hizkuntza eta balioakaz konpromiso hori erakusteko aukera bikaina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!