Elena Odriozola: 'Ez dot modan dagoana egiten, nire liburuetan sinisten dodalako'
2021-10-25 08:00 BarriketanIlustratzailea.
Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazino Biurtekoaren aurtengo edizinoko sari nagusia, Grand Prix dalakoa, Elena Odriozola donostiarrak irabazi dau, Sentimientos encontrados libururako egindako ilustrazinoakaitik. Umeentzako ilustrazinoaren arloan munduan emoten dan saririk garrantzitsuenen artean dago Bratislavakoa, eta berau irabazi dauen lehenengo euskal marrazkilaria da Odriozola.
Ediciones Modernas el Embudo argitaletxe sortu barriak plazaratu eban Sentimientos encontrados albuma, 2019an, Gustavo Puerta Leissek idatzia eta Elena Odriozolaren marrazkiduna. Hain zuzen be, Puerta Leisse eta Odriozola dira argitaletxe horren sortzaileak. Ez da erraza norberaren argitaletxeagaz gaur egungo merkaduan lekua egitea, baina Ediciones Modernas El Embudok bere proiektuak argitaratzeko eta ilustrazinoei bizi luzeagoa emoteko balio izan deutso Odriozolari.
1.- Sentimientos encontrados liburuan egindako lanagaitik emon deutsue saria Bratislavan. Zelako liburua da?
Gatxa egiten jat neure lanaren deskribapenak egitea. Bederatzi edo hamar urte behar izan genduzan liburu hau egiteko, ze ez geunkanez argitaletxerik, ahal genduan momentuan egiten ibilten ginan, beste enkargu batzukaz batera. Tailer baten hasi zan Sentimientos encontrados egiteko idea. Gustavo etorri zan Javier Zabalagaz tailerra gidatzera, Donostiara. Ez naz ni oso tailerzalea, baina izena emon neban. Gustavok eskatuta, etxe bat marraztu neban, aparteko gogo handi barik, baina Gustavok ikusi ebanean, esan eustan hemen liburu bat dago. Holan hasi zan dana. Lanak ze emoitza izango eban jakin barik hasi ginan lanean, nik uste neban ez ebala aurrera urtengo. Azkenik, laguntzino bat jaso eta argitaratu egin genduan.
Liburuak badau berezitasun bat, olgetan egiteko modua emoten dauelako: testuak mobidu egin leitekezenez, liburu normal baten moduan irakurri zeinke edo, bestela, testua zure gogoaren arabera aukeratu. Adibidez, ilustrazino bat nostalgia gaiaren ingurukoa bada, irakurleak liburuan topau leike berarentzat aproposena dan testu zatia, eta, mobidu leikenez, ilustrazinoaren azpira eroan. Kontzeptu bakotxak ze sentimendu edo emozino eragiten deutsazan pentsau leike irakurleak, eta liburuan testu aproposa bilatu. Edo alderantziz, sentimendu batek eragiten deutsanetik hurren dagoan marrazkia bilatu.
2.- Zelakoa izan zan Sentimientos encontrados sortzeko prozesu luzea?
Liburua ez dago testuetan oinarrituta, Gustavok eta biok aldi berean lan egin gendualako. Hau da, ez zan Gustavok testua bialdu eta nik horren inguruan ilustrazinoak egitea. Nik marrazkiak egiten nituan, hari erakutsi, gero gauzak aldatu, egokitu... Batzuetan hileak emoten neutsazan liburuari, baina gero enkargu bat etorten zan, eta bizimodua be atera behar zanez...
3.- Formatu aldetik berezia, urte asko behar izan zenduezen amaitu eta argitaratzeko... Baina, behin kalean, sariak eta errekonozimendua jaso dozuez.
Bai, gustura gagoz harrereagaz. Dana dala, gu ziur egon ginan proiektu honegaz, argitaletxe barriko lehenengoa da, eta sinisten genduan guk egindako lanean. Baina bai, laguntzen dabe halako sariek, zabalkundea egiteko edo eskubideak saltzeko orduan bultzadea izango da Bratislavakoa, ze gurea argitaletxe txikia da. Gure helburuetako bat da plazaratzen doguzan liburuei bizitza luzea emotea, agortzen danean beste tirada bat eginda, eta sariek laguntzen dabe horretan.
4.- Gustavo Puerta Leissegaz batera ipini dozu martxan Ediciones Modernas El Embudo argitaletxea. Zerk bultzatuta?
Gustavoren emazte Martaren idea izan zan. Gauza asko eginda geduzala ikusten eban, baina tiraderan gordeta egozan, inora joan barik. Proposamena jasotean ez neban askorik pentsau, baietz esan neban. Bi urte eta erdi dira hasi ginala, pixkanaka goaz. Momentuz, gure argitaletxeko liburuakaz bakarrik ezin gara bizi, hortaz, beste proiektu batzukaz tartekatzen dogu. Hori bai, egiten doguna oso konbentziduta egiten dogu, nahi doguna egiten gabizalako.
5.- Argitaletxearen helburua duintasunez bizirautea dala dinozue. Ez da erraza izango...
Oraingoz ezin gara honetaz bizi, baina nahia hori da, ia lortzen dogun. Mundu honetan aurrera egitea gatxa da, liburu bat argitaratzen dozu eta denpora gitxira bueltau egiten deutsue, dendetako bidea amaitu dauelako. Nik ez dot hori ulertzen, dana da nobedadea, nobedadea, nobedadea, liburuak berehala geratzen dira zahar. Gaur barria dana datorren astean ez da. Ni horren kontra nago, nire liburuetan sinisten dodalako, ez dot modan dagoana egiten. Luzaroan irakurleen eskura egongo diran liburuak egitea da asmoa, baina gatxa da, merkadua beste modu baten antolatuta dagoalako.
6.- Merkadu horretan bizirauteko, autoreek euren argitaletxeak sortzea da etorkizuna?
Ez dakit, ez naz ni oso abila etorkizuna asmatzen, ez dot horretan pentsetan. Baina egia da gustauko jakula eredu hori ezarri ahal izatea. Hori bai, esan behar dot enkarguzko lanak be gustura egiten dodazala. Nik ez dodaz enkargutzat hartzen, jasoten dodazan proposamenen artean gustukoak aukeratzen dodazalako. Gogoz egiten dodaz guztiak, bestela ez neukez egingo, ez badot disfrutetan ez dau ondo urteten. Proiektu bakotxa erronka bat da niretzat, eta zeozer barria edo desbardina ateratzea da helburua.
Edozelan be, behin argitaletxea sortzearen saltsa honetan sartuta, gustauko litzakit denpora guztia horri emon ahal izatea, hortik bizi ahal izatea. Oraingoz, baina, ez da posible.
7.- Ilustrazinoak egiten urte asko daroazuz. Makina bat liburu egin, sariak irabazi eta idazle ugarigaz alkarlanean ibili zara. Hasi zinanetik hona zelan aldatu da zure lana?
Asko aldatu da lana, eta ni neu be bai. Gauza bitxi bat pasetan jat niri: orain dala 15-20 urte egindako proiektuak ikusi eta orain ez dodaz gustuko, gitxi batzuk baino ez dira libretan. Baina hobetzen noa alde horretatik. Kontua da, proiektu bat amaitzen dodanean ahaztu egiten dodala, beste gauza batera pasetan naz. Liburua etxera heltzen danean poztu egiten naz, baina gero apalera doa, hurrengo proiektuan pentsetan nabil. Egiten nabilen bitartean disfrutetan dot proiektuez, ez ostean.
Krisi asko izaten dodaz, halako baten pentsetan hasten naz ez dakidala marrazten, eta horregaitik aldatzen noa, ez nau gehiegi kezkatzen, ze beti zeozer barriak urteten dau hortik. Nire lanaren parterik inportanteenetako bat pentsetea da, testua hartu eta gogoetea egitea: zer egin horregaz, zelan marraztu... Niri gehien gustetan jatana hori da, buruari bueltak emon eta ia hortik zer datorren. Lanerako gogoari eusteko ezinbestekoa da hori.
8.- Umeentzako literaturea ahaztu edo gitxietsi egiten da sarri, beste genero batzuen aldean. Horrek hobera egin dau?
Momentuan momentuko egoereak gehiegi baldintzatzen gaitu, modan jarten badira baloreak, ba liburu guztietan agertu behar dira, edo politikoki zuzena izan beharra... Nik horregaz ezin dot, baina horrelako asko dago gure sektorean. Errekonozimenduari jagokonez, bai, hobera joan gara. Txikitako liburu batzuk gordeta dodaz, eta ilustratzailearen izena agertu be ez da egiten. Orain ipinten dabe gure izena, behinik behin. Baina, askotan, autoretzat idazlea baino ez dabe aitatzen, eta ez, autoreak biok gara, idazlea eta ilustratzailea. Ez nau gehiegi arduratzen, lan egiten dodanean bardin jat besteek zer esaten daben, baina hor dagoan kontu bat da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!