Elena Odriozola marrazkilariak sari nagusia irabazi dau Bratislavan
2021-10-18 12:46 KultureaUmeentzako liburu ilustraduen arloan emoten dan saririk entzutetsuenetako bat da.
Egunotan egin da Bratislavan, Eslovakiako uriburuan, Ilustrazino Biurtekoa. Ume eta gaztetxuentzako liburuen ilustrazinoan dabizan mundu osoko autoreen lana ikusi ahal izan da bertan, tartean euskal marrazkilariena. Galtzagorri Alkarteak jakitera emon dauenez, aurtengo edizinoko sari nagusia (Grand Prix dalakoa) Elena Odriozola donostiarrak irabazi dau, Sentimientos encontrados libururako egindako ilustrazinoakaitik.
Umeentzako ilustrazinoaren arloan munduan emoten dan saririk garrantzitsuenen artean dago Bratislavakoa. Berau irabazi dauen lehenengo euskal marrazkilaria da Odriozola.
Ediciones Modernas el Embudo argitaletxe sortu barriak plazaratu eban Sentimientos encontrados albuma, 2019an, Gustavo Puerta Leissek idatzia eta Elena Odriozolaren marrazkiduna. Juan Kruz Igerabideren itzulpenari esker, euskeraz be irakurri geinke orain, Etxean barrena izenburupean.
Puerta Leisseren eta Odriozolaren arteko hamar urteko alkarlanaren emoitzea da album ilustradua. Zazpi personaia nagusiko istorioa eregi eben, eta horreen bizipenen bidez, irakurlearen sentimenduen inguruko gogoetarako bidea egiten dabe. Bratislavako Biurtekoko epaimahaiak liburu esperimentala dala eta irakurketa bat baino gehiago emoten dituala txalotu dabe.
Odriozolaren lanaren inguruan, epaimahaiak nabarmendu dau ilustrazinoak bikain erabilten dituala hari narratibo bat baino gehiago sortzeko. Orrialde bakotxeko binetek sentimendu eta gogoetak konpartiduteko modua emoten deutse irakurleei.
Bratislavakoaren aurretik be sari ugari irabazita ditu Elena Odriozolak. Aspaldi hasi zan marrazkigintzan, eta ehun liburu baino gehiagotako ilustrazinoak egin ditu. Euskadi Saria bi aldiz irabazi dau (2009an eta 2013an), Espainiako Ilustrazino Sari Nazionala 2015ean, eta urte berean Bratislavako Biurtekoko Urrezko Sagarra.
2021eko Bratislavako Biurtekoan lau euskal sortzaile egon dira, Galtzagorrik Etxepare Euskal Institutuagaz martxan jarritako ekimenari esker. Odriozolaz gan, Iban Barrenetxea (Autografía), Maite Gurrutxaga (Leo sabanako errege) eta Leire Salaberria (Heidi) egon dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!