Kaxildo Alkorta, persona edegia, alkarrizketa gozokoa

Patxi Uribarren Leturiaga 2021-10-13 08:17   Kulturea

Bart egin eutsen azken agurra Getariako San Salbatore eleizan.

Patxi Uribarren eta Kaxildo Alkorta | Ikusi handiago | Argazki originala

Aspaldi izan neban Kaxildo ezagutzeko subertea. 1980ko hamarkadan topo egin genduan itzultzaileon arteko bileretan. Nahiz eta bera itsasaldekoa izan eta ni baserrikoa, berehala sortu zan gure artean lotura estua. Euskerearen batasunaren hasierak ziran eta eztabaida ugari egoan bazterretan. Halan da be, argi geunkan gure hizkuntzeak aurrera egitekotan ezinbestekoa zala euskera jantzia eta era berean ulergarria izatea.

Lankide izateaz gainera, adiskide egin ginan, ezagutuz gero, bizitza osorako egiten dan horreetakoa zan.

Geroago, hainbat alditan alkarregaz bidelagun izateko zoria izan dogu. Gizon apala eta jatorra. Euskerea benetan maite ebana. Eta Aulesti aldean egonaldiak egiten zituanetik bizkaierea barru-barrutik maite ebana. Horrek bultzatu eban Mendebalde Kultur Alkartean gogotsu jardutera. Herritarren ahotik entzundakoak jaso eta aurreko gizaldietatik gugana heldutako altxorra maitasun handiz gordeteko benetako ardurea ebana. Itsaso inguruetako euskerea be maitatzeaz gan, apartekotasunez jasoten saiatzen zan.

Azken urte honeetan Euskaltzaindian Euskalkien batzordean alkarregaz lan egiten jardun izan dogu. Oso gogotsu eta ardura handiz atontzen zituan bere ekarpenak. Batzordeko taldekideok berbaren bat, eremu txikikoa zalako edo, baturako onartzen ez genduanean, barruko kexa agertzen eban. Euskeraz erabilitako berba guztiak jaso nahi zituan.

Baina, izan dodaz beste hartu-emon estuagoak be beragaz. Euskerearen aldeko hainbat ekitalditan alkarregaz barriketaldiak izateko aukerak erabiliz, Adorez hiztegietan parte hartzera ekarri genduan azkenaldian. Euskerea ondo menperatzen eben personak behar genduzan eta horretarako aproposa zan Kaxildo. Bere izena betiko geratuko da aitatua gure laguntzaileen artean gure Eskola Hiztegia eta Hiztegi Praktikoa hiztegi moderno bikainetan.

Persona edegia, alkarrizketa gozokoa, lagunen lagun zintzoa, kirolzale handia, euskerearen maitalea izan dogu Kaxildo. Aurrerantzean beti gogoan izango dodan lagun on bat gitxiago izango dot. Agur, Kaxildo adiskidea, Jainko Aitaren etxean batu eta zoriontsu alkar besarkatu arte.

Oharra

Irakurri hemen 2012. urtean, Kaxildo Alkortari Bizkaie! atariak egin eutson alkarriztetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu