Kaxildo Alkorta: 'Bizkaierearen odola euskera batuarentzako sano aprobetxagarria da'
2012-06-11 12:18 BarriketanDatorren urtean 20 urte beteko dituan Mendebalde Kultura Alkarteak Urrezko Luma saria jaso dau egunotan Bilboko Liburu Azokearen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik. Mendebaldeko berbakerearen eta euskeraren alde egindako lanagaitik jaso dau saria.
1.- Urrezko Luma saria zeuontzako zala jakin zenduenean, zer izan zan burura etorri jatzun lehenengo gauzea?
Lehehengo gauzea harridurea izan zan. Gure artean sekula ez dogu holakorik pentsau, ez geunkan ezelako amesik eta, beraz, ezustean hartu dogu saria baina pozik gagoz, jakina. Saria egindako lanari eskaintzen jakon autortza moduan sentiduten dot eta, esangura horretan, pozarren gagoz.
2.- Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zan Mendebalde Kultura Alkartea 1993ko martian eta, beraz, datorren urtean XX. urteurrenena ospatuko dozue. 20 urteotan zertan aldatu dira alkartea eta euskalkia bera?
Ni ez nintzan egon lehenengo pasusuetan baina badakit lehenengo hiru urteak taldea osotzeko izan zirala. Batzarrak hilean behin edo egiten ziran. Orain hogei bat urte euskera batua indartu guran euskalkiaren baloreak kanpoan geratzen zirala ikusirik, bizkaierearen izerdia, odola euskera batuarentzako sano aprobetxagarria zala jaubetuta, holan sortu zan taldea. Hirugarren urtean pentsau zan jardunaldiak egitea eta ordutik urtero egiten doguz, aurten 16. jardunaldiak izan dira joandako maiatzean. Hamar, hamaika hizlari izaten dira eta gaiak askotarikoak. 1997an, Mendebaldeko euskara XX. mende goienean izenburupean egin ziran lehenengo jardunaldiak; Mendebaldeko euskeraren ekarria titulupean egin ziran 98an; eta Euskalkien lekua literaturan 1999an. Lehenengo hirurak izan ziran horreek. Azkena, oraintsu egin dogu Hizkuntzaz jabetzen (0-6) izenburupean. Urtero, jardunaldietako berbaldi, txosten eta enparauak jaso eta liburu bat argitaratzen dogu. Eta bestelako argitalpen batzuk be ataraten doguz, Euskalinguia aldizkaria...
Euskalkiari jagokonez, orain urte batzuetako egoereagaz konparauta, mendebaldeko euskalkiak indarra eta ospea irabazi dituala esango neuke. Gaur egun bizkaiera eskolak emoten ditue euskaltegietan, ikastola askotan be bizkaierea lantzen da, liburuak argitaratzen dira bizkaieraz, Labayru Ikastegia hor dago, interneten Bizkaie! dago, mendebaldeko euskalkia darabilen ataria, Bizkaia Irratiak be bizkaierea darabil lau haizetara... Sasoi bateko konplejuak be desagertu dira eta gaur egun lotsa barik erabilten da euskalkia gero eta arlo eta egoera gehiagotan. Hori bai, hizkuntzea ez da gauza geldia eta denpora tarte luzeak behar dira ze bide hartzen dauen ikusi eta baloretako.
Euskerearen alde zein euskalkiaren alde behar handia egin da corpusa batzen Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan; Bizkaia mailan, hor dagoz, besteak beste, Zaldibar berbarik berba, Bakioko hiztegia eta Arratia inguruko hiztegia. Herrietako berbak eta esamoldeak jaso eta zabaltzeko gogoa dago horreen bidez euskera batua aberastuko dalako.
Bizkaierearen normalizazinoaren bidean be pausuak emon dira eta sasoi bateko anabasarik ez dago gaur egun; hobetsitako berba eta aditzak eta bestelakoak dagoz baina bizkaiera batua errealidadea da honezkero.
3.- Bizkaiereak euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertzea eta indartzea da Mendebalde Kultura Alkartearen helburuetako bat, holan euskerea indartzen baita. Ze ekarpen egiten deutso bizkaiereak euskera batuari?
Esanda dago. Euskera bizia da herrietan egiten dana eta, beraz, berba eta esamolde horreek euskera batura eroatea oso aberasgarria da. Gero Hiztegi Batuan jasoteko izan daitekez tirabirak baina, duda barik, euskalkietako berbategiak batuan txertatuz euskereak irabaziko dau seguru.
4.- Mendebaldeko euskerearen corpusa eta estatusa jagotea, jorratzea eta bultzatzea be ez da helburu makala...
Bai, aurrekoagaz lotuta dago. Euskaltzaindia tartean dala, Mendebaldeko Kultura Alkarteko bi gabilz Jagon Sailean hiztegi mailan euskalkiaren ekarpena zehazten. Herri eta eskualde mailako berbetak jaso dituen lanak aztertzen gabilz horreetan agiri diran berba eta esamoldeak Orotariko Euskal Hiztegian zein Hiztegi Batuan erantsi ahal izateko.
5.- Hogeita bi kide zarie alkartean eta danen buru zu zara gipuzkoar bakarra. Gipuzkoar-getariar bizkaitartua zara baina kontaiguzu zelan batu zinan alkartera eta zergaitik...
Hogeita bi edo, gehiago eta gitxiago be izan gara eta bai, neu naz gipuzkoar bakarra taldean; orain dala 16 urte sartu nintzan Mendebalde Kultura Alkartean eta tarteka karguak aldatu behar diranez, igaz tokau jatan niri eta hemen nago.
Taldekideen artean, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua, Iñaki Gaminde irakaslea, Xabier Amuriza bertsolaria, Eneko Barrutia irakaslea eta Esti Amorrortu eta Juanjo Respaldiza dagoz.
6.- Mendebalde Kultura Alkartea eztabaidarako foro be bada. Azken urteotan 16 jardunaldi antolatu dozuez, Euskalkia eta administrazinoa, Euskalkien lekua literaturan, Berbak hariz josten eta Mendebaldeka badu ekialdea lako izenburu potoloakaz. Zein da jardunaldion helburua?
Jardunaldion helburuak eta alkartearenak bat datoz, hau da, bizkaierea batu, sendotu, zabaldu eta euskalkiak euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertu eta indartu. Jardunaldiakaz be horixe lortu gura dogu. Lehenengo hiru jardunaldiak aitatu deutsudaz lehen baina ondorengo urteetako batzuk be aitatuko deutsudaz, jorratzen doguzan gaiak askotarikoak dirala ikusi daizun; besteak beste, 2000. urtean, Mendebaldeko berbetearen formalizazinoa gaia aztertu genduan; 2002an, Euskalkia eta administrazinoa; 2007an, Mendebaldeak badu ekialdea; eta 2009an, Transmisinoa eta erabilera. Datu lez baino ez bada be, jardunaldiotan 121 hizlari izan dirala esango deutsut.
7.- Euskalingua aldizkaria be abiarazo zenduen 2002an, hizkuntz ondarea batu, ikertu eta zabaltzeko helburuagaz. Nori zuzenduta dagoz lanok?
Lan espezializatuak dira, ikerketa lanak, hain zuzen be, baina euskereagaz, bizkaiereagaz gitxieneko interesa dauenarentzat dira egokiak. Hizkuntz ondarea batu, ikertu eta zabaltzea helburu izanda, hizkuntzearen inguruko ikerketa-arlo desbardinak batuko dituan aldizkari zientifikoa da izatez. Euskalinguak hiru jakintza arlotako lanei bidea zabaldu gura deutse: batuketearen arloan hizkuntz ondarea, ahozko literaturea, terminologia, corpusak; ikerketearen arloan hizkuntzalaritzea, antropologia linguistikoa, hizkuntzearen soziologia; aplikazinoaren arloan, euskerearen munduan egiten diran aplikazino praktikoen barri emon gura da, hizkuntza eta teknologia, hizkuntz plangintzea, hizkuntzalaritza aplikatua, itzulpengintzea eta didaktika arloetan. Labur esanda, Euskalinguak euskal hizkuntzearen inguruan dabilzan aditu guztientzat lekua eskaini gura dau, alor desbardinetako ikerlarien ideiak eta eretxiak trukatzeko foroa eskainiz eta disziplinartekotasuna bultzatuz.
Euskereari buruzko ikerkuntzea teknologia barrien bidez euskal eta nazinoarteko komunidade zientifikoari errazago zabaltzeko asmoz, aldizkari hau sarean eta euskarri elektronikoan argitaratzen da eta inglesez be argitaratu izan doguz ikerketa lan batzuk, besteak beste, The focus of the information or galdegaia in introductory sentences (I) Mitxel Kaltzakortaren eskutik; Sociolinguistic variation in Dima Basque Gotzon Aurrekoetxearen eskutik; eta Acoustic correlates of the accent in Gatika lexicon Iñaki Gaminderena.
8.- Jardunaldiotako liburuak ez eze, bestelakoak be argitaratzen ditu Mendebalde Kultura Alkarteak...
Bai. Ateka aztergaiak bildumea eta Izaro bildumea hor dagoz eta makinatxu bat dira argitaratutako liburuak. Aurten, ganera, Mendebalde Kultura Alkartearen ekimenez eta Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirola Sailaren laguntzaz P. Zamarriparen Manual del vascófilo eta M. Zarateren Influencias del vascuence en la lengua castellana liburuak berrargitaratu doguz.
Beste alde batetik, aurten argitaratuko dogu Tradizioaren transmisioa. Batu eta zabaldu IV; egitasmo hau Tradizioaren transmisioa. Batu eta zabaldu I, II eta III egitasmoen jarraipena da eta beronen helburua da, betiko andra-gizon euskaldunen ahotik jasoa Euskal Herriko bizilagunen artera zabaltzea. Horretarako, bizkaierearen lurretako persona jakinen testuak grabau dira minidiskean eta/edo bideoan, ostean, edo irratietan edo telebistan jendarteratzeko.
9.- Mendebalde Kultura Alkarteko kide izateko zer behar da?
Talde edegia da geurea eta, beraz, gogoa, interesa izatea da baldintza bakarra. Behin alkartera batuta, bakotxak ahal dauen neurrian egiten dau behar. Lehen esan doguzan 22 kide horreetatik 10-12 bat batzen gara hilero plangintzak eta lan arloak zehazteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!