'Ahotsak AA(r)entzat' proiektuak irabazi dau 4. Sormen Digitaleko Bekea
2025-11-11 08:00 KultureaFemias Kolektiboak garatutakoa.
Loraldiak laugarren urtez emon dau Sormen Digitaleko Bekea. Proiektu irabazlea Femias Kolektibaren Ahotsak AA(r)entzat da. Epaimahaiak, batez be, proposamenaren izaera barritzailea nabarmendu dau, baita kritikoa eta parte-hartzailea be, euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko alkarrizketan mugarri barria jarten dau-eta.
Loraldia Sormen Digitala Bekeak, aurreko edizinoetan lez, euskerazko sorkuntza digital natiboari bultzadea emoteko konpromisoari eusten deutso. Ahotsak AA(r)entzat proiektuak ezin hobeto islatzen dau bekearen espiritua: diziplinak buztartzea, ikuspegi barriak eskaintzea eta euskera abangoardiako kultur adierazpenen erdigunean kokatzea.
Femias Kolektibak 10.000 euroko saria jasoko dau lana garatzeko. Emoitza, 2027ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da.
Ahotsak AA(r)entzat
Femias Kolektiboa garatuko dauen proiektu horrek, instalazino interaktiboa proponiduten dau, adimen artifizial-makinea protagonista izango dauena hain zuzen be. Instalazinora hurreratzen diran personek alkarrizketea izango dabe adimen artifizial horregaz, galdera nagusi bati erantzunez: zer da euskal nortasuna/euskal kulturea?
Alkarrizketa horreen bidez, AAk egunero eguneratuko dau euskal izaerearen inguruan dauen ulermena, parte-hartzaileen ahotsetatik, esperientzietatik eta kontakizun personaletatik ikasiz. Holan, proiektuak makinearen hezkuntza kolektiboaren prozesua proponiduten dau. Era berean, euskerearen presentzia indartu gura dau adimen artifizialean, aurrez aurretik dituan aurreretxiak eta giza istorioak interpretetako moduak jokoan jarriz.
Femias kolektiboa
Femias kolektiboa 3 emakumek osotzen dabe: arteak, teknologiak eta feminismoek bat egiten daben ala ez aztertzen dau. Bere eginkizuna adimen artifizialen eta horreen ekosistemearen gaineko begirada kritikoa eregitea da, mugak eta joerak ulertuz, baita etikoki eta feminismoz burujaubetzea ahalbidetuko daben tresnak eta irudimenak sustatuz be.
Joerak eta estereotipoak ikusarazoteko eta desartikulatzeko lan egiten dabe, pensamendu kritikoa eta praktika konzienteak sustatuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
