Jurek Ziemkiewicz: 'Inoizko lan gehien egin dogu eta Gorbeia Suzien potenteena izan da'

Amaia Larruzea 2021-09-30 11:15   Ibilian-ibilian
Irailaren 26an jokatu zan lasterketea, Zeanuri inguruko parajeetan.

 

Mapa esku artean hartu eta Zeanuri bertan bilatzean, lur azalera handiko herria dala ikusi geinke, baina Wikipedia ezagunean begiratzean, ostera, 1.200 persona inguru baino ez dirala bizi jakingo dugu. Iraileko azken domekan Zeani kuttunean bizi izan zen jaiak, barriz, Chamonixeko Ultra Trail du Montblanc ezagunaren errezelo askorik ez eban izan. Jentetza eta masifikazino barik, baina bai giro ederra eta mendi lasterketen erdigune garbia, baita streaming munduan aurrerapauso handia egitearen erantzule be.
 
Urte bi emon doguz aurtengo Gorbeia Suzien atontzen, igaz ezin izan genduan egin Covida dala eta, beraz, urte biok domeka honetakoa preparetan pasau doguz. Erronka handia izan da segurtasun neurriak eten barik egokitu behar izan doguzalako egoerearen arabera eta ziurbakotasuna nagusi izan dalako, momentu horretan zelako neurriak indarrean egongo ziran jakin barik. Horreek dira Jurek Ziemkiewicz-en berbak, Gorbeia Suzien lasterketearen zuzendariarenak. Bera da burua eta irudia, baina atzean dauen lantaldea itzela eta konprometidua da zeharo. Danen artean eta danek bat eginez talde bikaina osotzen dabe, eta horrexegaitik, aurten, Salomon taldekoek Munduko Txapelketen ardatzetako bat kokatu dabe Bizkaiko Zeanuri herrian.
 
Jai giroa nagusi izan da bertan. Korrikalari oso ezagunak etorri dira, eta inguruko mendizaleek be bertan egon nahi izan dabe barriro be. Ibilbidea, beti baizen gogorra eta teknikoa. Eguraldi bikaina Gorbeialdean, behelainoagaz eta hotz pixkategaz goialdean, baina ona, orokorrean. Zuzeneko emonaldian ikaragarrizko aurrerapena: kameralariak bizikleta elektrikoetan mendian gora, goprolariak korrika mendizaleen atzetik eta aurretik, dronak puntu esanguratsuetan, kameralariak errekurso planoak grabetan mendian barrena eta euskarazko emonkizuna Euskal Telebistaren lehen katearen bidez eta gaztelaniazkoa sare sozialetan streaming bidez.
 
Esfortzu tekniko eta ekonomiko oso handia izan da talde guztiarentzat, atzetik lan asko egon dalako eta herrian pantaila handian ikusi ahal izan dalako, eta telebista bidez eta sare sozialetan, mobilean edota ordenagailuan. Munduko txapelketa izanik, mundu guztian izan dau jarraipena eta Gorbeialdea ikaragarri ezagutu ahal izan dabe, azaldu deusku Jurekek.
 
Holakoetan, beti dagoz ahuleziak eta indarguneak, momentu gogorrak eta une pozgarriak. Gogorren artean, pandemiaren egoereak eragindako ziurbakotasuna azpimarratu dau Jurekek, eta pozgarriena, emozinoz betetako asteburua izan dala eta herri guztia konprometiduta ikustea. Boluntario guztiak eskatu jaken dana emoteko prest agertu izanak ez dauka preziorik.
 
Urte asko daroadaz Gorbeia Suzien bizi izaten, izozten, grabetan, kontetan eta argazkiak egiten; esan neike berezia dala oso, Gotzon Idirinek sortu ebanetik gaur arte itzela da beti antolakuntzea, itzela bertan sortzen dan giroa, itzela herritarren konpromisoa, beti laguntzeko prest. Gorbeialdearen altxorra da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu