Roberto Etxebarriaren doinuak Sestaon
2021-07-27 09:35 MusikeaGaragarrilaren 31n, Sestaon jo eta kantauko dabe Mirenek eta Robertok.
Roberto Etxebarriak 1983. urtean jo eban Sestaoko herrian lehenengoz, haren irakaslea izandako Rufino Arrolagaz eta hortik aurrera bide luzea alkarregaz egin eben Kepa Arrizabalagaren babesean; aurrerago, tarteka beste panderojole batzuen laguntzaz egon izan zan eta 1991tik, urtero bertan izan da kaleko trikiti giroa jarriz eta bertan ospatzen dan Euskal Herriko jantza sueltoko urteroko txapelketa esanguratsuan.
Eusko Lorak Sestaoko Jantza Taldeak 2018ko martian, Roberto Etxebarria omendu eban jantza taldeak atondutako I.Ezpata-jantzearen egunean, trikitilariaren ibilbide oparoa eta Sestaoko herriagaz dauen loturea nabarmenduz.
Aitatutako jantza taldeak bultzatutako Inazio Deuna ospakizuneko aurtengo edizinoan (garagarrilaren 31n), barriz, arratsaldeko 20:00etan plazaratuko da, Miren alabeagaz eta bandako gainerako musikariek lagunduta, abenduan kaleratutako Miren eta Roberto Etxebarria Hamaikatxu kopla pandero baten konture diskoa aurkezteko. Kopla zaharrak, ahotsa eta panderoa dira lan honen ardatza, Roberto Etxebarriak beren-beregi sortutako doinuetan oinarrituz eta ikutu bereziz jantzitako doinu herrikoien bat edo beste tartekatuz. Diskoa plazaratu ebanean, ondoko alkarrizketea egin geuntsan Bizkaie! agerkarian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!