Roberto Etxebarria: 'Trikitixea maite dot, 30 urte baino gehiago daroadaz musikearen munduan'

Koldo Isusi Zuazo 2020-11-30 07:55   Barriketan

Trikitixea joten umetan hasi zan gatikarrak eta alaba Mirenek Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! diskoa plazaratu dabe, kopla zaharrak, doinu herrikoiak eta ahotsa eta panderoak jazota.

Miren eta Roberto Etxebarriaren ahots eta panderoen soinuak jantziz, soinu txikia, (trikitixa), gitarrea, kontrabaxua, whistle-ak, txistua eta bibolina lako tresnak be entzuten dira diskoan, herri musikearen barruan kokatu daiteken lana. Sei gara taldean, alaba Miren eta neu, Rebeka Kerstin biolinistea, Gaizka Jauregui Sánchez-Beascoechea kontrabaxua, Pablo Bueno Lumbreras gitarristea eta Iban Allue txistularia.

 

1.- Hamaikatxu kopla diskoan alabeak be parte hartu dau. Plazarik plaza ibili ostean, gauza naturala izan da biak agertzea?

Naturala bai baina prozesuari orain hiru bat urte edo ekin geuntsan. Koplak aztertzen, ikertzen be hamabost bat urte emongo nituan, gaztetatik neure ondoan izan dodaz eta suberte handia izan dot ze Euskal Herriko koplaririk onenetako baten, Kepa Arrizabalagaren, laguna izan naz eta altxor hori alperrik galtzen ixtea ez zan zentzunezkoa.


2.- Koplak batu dozuez diskora baina folk usaina be hartzen jako diskoari, akaso, Gaizka Jauregui Sánchez-Beascoechea eta Pablo Bueno sartu diralako taldean?

Bai. Holako gauzetan nahikoa frikia naz baina zorionez, jente gaztea be badago nire ondoan eta ondo konpondu gara. Nire asmoa panderoa eta kantua ardatz hartuta diskoa egitea zan baina ingurukoek eta esan eustien baztertzeko aukera hori eta alabeak eta lagunek proponidu eustien musikari gehiago batu taldera eta gauza potoloago bat egiteko. Musikaz jantzi eta Hamaikatxu kopla diskoa etorri da. Konponketak egiteko eta arazotxuak izan genduzan, ze ukutu edo ze estilo nabarmendu eta holakoak eta, azkenean, egunerokotasunaren alde egitea pentsau genduan, folkera edo. Hori bai, taldekideei esan neutsen panderoa eta kantua behar nituala diskoan eta bi sartzeko baimena emon eustien.

Kontuak kontu, 6 gara taldean, alaba Miren eta neu, Rebeka Kerstin biolinistea, Gaizka Jauregui Sánchez-Beascoechea kontrabaxua, Pablo Bueno Lumbreras gitarristea eta Iban Allue txistularia.


3.- Maruri Jatabekoa dozu ama eta aititak be zeresana izan dau zure ibilbidean, bera be trikitilaria zan...

Bai. Modu apalean baino ez bada be, ikerketa batzuk egin dodaz eta esan deustienaren arabera, kalidade handikoa ez ei zan eta tarteka-marteka baino ez zala ibilten bazterrak alaitzen; badakizu itsuen eremuan begikarra izaten da jaun eta jaube...


4.- Orain makinatxu bat urte, Sestaoko Eusko Lorak, jantza eta txistu taldean hasi zinan umetan. Sestaora bidean, Rufino Arrola izaten zenduan lagun...

Sestaoko horreek nire lehenengoetako saioak izan ziran, 12-13 urte edo izango nituan eta Rufino Arrolagaz joaten ginan. Eusko lorak, jantza eta txistu taldea tradizino handiko taldea da eta pozarren joaten nintzan urteroko hitzordura, San Inazio eguneko saioak be akorduan daukadaz. Hortik gora, non ez gara ibili, besteak beste, Mungia, Jatabe, Gatika eta inguruetako herrietan izan naz, baita beste herri batzuetan be.

 
5.- Arrola eta Junkera izan dozuz maisu eta eredu. Gaur egungo gazteek zeu hartuko zaitue eredu?

Rufino Arrola eta Kepa Junkera izan dodaz maisu baina ez dot uste horreen mailara helduko nazenik. Dakizunez, piloa dira gaur egun han eta hemen, taldeetan zein bakarka dabizenak. Baina gazteek neu hartzea eredu lartxu izan daiteke, norberaren ibilbideari erreparetea ondo dago baina ez da nire helburua inoren eredu izatea. Edadean aurrera goazenez, zer eta zelan egiten dozun begitutea normaltzat hartzen dot.


6.- Rufinoren lagun Kepa Arrizabalaga pandero-joleagaz urteak egin dozuz plazarik plaza. Ibilbide horretan bizitakoak ondo gogoan izango dozuz baina bateren bat nabarmentzekotan, zein?

Kepagaz urteetan ibili naz eta oso gustora, oraintsura arte ibili da aktibo danon gozamenerako. Rufinogaz eta haren aitagaz ibilitakoa, zubilana egin dau, beti ibili da zaharrakaz eta txapela kentzeko moduko beharra egin dau.

Anekdota edo pasadizuen arloan, bikain ibili gara urteota baina holan di-da ez daukat akorduan nabarmentzeko moduko bat. Kepa persona zabala, hurrekoa da, pandero-jole ona, kantari hobea eta parranderu galanta. Batzuetan ez genduzan bereizten beharra eta jaia eta hor ibilten ginan baragarri. Orbitan jarri euskuna izan zan Trikitixa Piezen Sariketea, izan be, arratsaldean geunkan finala Anoetan baina goizean Zierbenan egon ginan. Jan barik joan ginan Anoetara eta irabazi egin genduan. Bigarren urtean be antzera ibili ginan, hara joan eta ezebez egiteko eta holakoak pentsetan ibili ginan. Finala goizean zan eta bezperan afari berezia izan genduan, noiz hasi baina noiz amaitzen dan ez dakizun horreetakoa eta jan joan ginan bastante kaltetuta. Halan da be, bigarrenez be irabazi egin genduan.


7.- Zerk edo nork eragin dau trikitixearen susperraldian?

Zaharrei eta klasikoei merezidu daben autortzea emon behar jake baina azken aldion artista oso onak agertu dira. Lehen baserri giroko musikatzat edo hartzen zan eta gaur egun edozein taldetan trikitixea entzutea normaltzat hartzen da. Kalera etorri da eta danok onartu dogu.


8.- Plataformen sasoian, diskoa plazaratzea ez da bromea. Autoprodukzinoa da zeuona?

Bai, geuk autoproduzidu dogu. 2017. urtean dana preparetan hasi nintzan, denporatxua joan da eta hauxe zan momentua grabazinoa egin eta diskoa plazaratzeko.


9.- Plaza gizona zara baina kasu gitxi batzuk kenduta musikeak ez dau bizimodua aurrera eroateko beste emoten. Zertan zabiz?

Trikitixea maite dot, 30 urte baino gehiago daroadaz musikearen munduan, txapelketak irabazi eta giro horretan, diskoa be plazaratu neban 1993an, Bihotzetik bihotzari baina saioetatik bizitea sano gatxa eta arriskutsua da. Bilboko Musika Eskolan nabil maisu eta hori da nire beharra.


10.- Diskoa zuzenean aurkeztuko dozue Mungiako Olalde Aretoan, abenduaren 5ean eta abenduaren 7an, barriz, Durangoko Azokan, Ahotsenean.

Mungiara talde osoa goaz (6), disko osoa eta hiru kantu eskaintzekotan gagoz eta Durangon, Ahotsenean, barriz, streaming bidez eskainiko dogu kontzertua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu