Miguel Zeberio: 'Herrigintzea eta auzolana guretzako sano inportanteak dira'.
2021-07-19 07:55 BarriketanUrmugako zuzendari artistikoa.
II, Urmugea, euskeraz, doinuak eta mendiak deskubriduteko bidean dira, Angulon ekin eta Hiru Erregeen Mahaiako tontorrean, garagarrilaren 31n, amaituko dan zeharkaldian. Angulon, musikaz inguratuta ekin eutsen mendi ibilaldi musikatuari eta ekialdetik mendebaldera, herrietan eta mendi tontorretan kontzertuak eta bestelako ikuskizunakaz gozauko dabe parte-hartzaileek.
Igazko erantzun bikainaren ondoren dator bigarren Urmugea, abenturea, euskerea, herrigintzea, soinuak deskubridutea, musikea eta mendiak batzen gaitualako.
1.- Etapa eta kilometro batzuk eginda, indarrez zelan zabizie?
Ondo. Jentearen erantzuna bikaina da eta egunero 6, 7 edo zortzi orduko ibilaldiak diran arren, maila fisikoan ondo dabiz eta gustora ekimena oso interesgarria begitantzen jakelako. Gainera, etapa solteak, etapearen erdia, astegoienerako planak zein kontzertuetara joateko planak be badagoz eta herritarrek badakie nora jo; gainera, norberaren etxe edo herriaren inguruetatik pasauko garela jakinda, batzuk hurreratzen dira eta zati bat egitea be ez da aukera txarra.
2.- Igazko moduan, Urmugearen ardatza Felipe Uriartek atondutako 6000 metroan be oxigenoa euskereari proiektua izan da ala beste helburu eta burukomin batzuk izan dozuez tartean?
Uriarterena esentzia izan zan. Felipe Uriarte osasunez makalik ibili zan eta aspaldiko lagunak ginanez, azaldu neutsan musikea eta mendizaletasuna buztartuko zituan proiekturen bat behar nebala; aurrerago 6000 metroan be oxigenoa euskereari proiektuaren barri emon eustan eta espedizinoak hegazkina hartu aurretik kontzertu bat atondu genduan; hortik aurrera, Nepalen, bost mila metroan egoala, buruari buelta batzuk emon eta Urmugearena azaldu eustan eta momentu horretatik orain arterakoak ondo ezagutzen dozuz.
3.- Euskal Herriko ez-muga hori zeharkatuz, kulturaz eta mendiaz gozetako modu bat da Urmugea eta bidebatez herrigintzea eta hartu-emonak be nabarmentzen dira?
Duda barik. Euskal Herria zeharkatzen dogu uri nagusietan sartu barik, herririk herri gabizenez, herritarrakaz hartu-emonetan hasten gara eta pentsau ez arren, laguntzaile eta lagun egiten gara askotan. Herrigintzea eta auzolana guretzako sano inportanteak dira eta egitasmo honek horixe eskaintzen deusku, Euskal Herriko hainbat talde, alkarte, erakunde, udal eta enparauakaz bat egin eta askotan betirako izaten dan laguntasuna.
4.- Hemeretzi egun aurretik eta egunero egiteko kilometro piloa aurreikusi dozuez. Zenbat lagun zoazie aurten?
Ehundazak kilometro dira eta ibilbide osoa egitea ez da bromea, maila fisiko ona, gogoa eta burua be ondo zentrauta izatea beharrezkoa da. Mendiak berezko enkantua dauka eta talde handiegiak ez dira onenak izaten naturan disfrutetako eta, beraz, normalean jente gaztea ibilten da, pare bat dozena edo da talde polita. Gustora gabiz.
Beste gauza bat be esango deutsut, izan be, Enkarterri eta hareek parajeak ez dodaz ezagutzen izan, egunotan ezagutu dodaz eta pentsaizu zenbat leku eder doguzan gurean, kanpora inora joan barik; geureari emon behar deutsagu merezidu dauen indarra.
5.- Musikeari jagokonez, eskaintza potoloa atondu dozue. Hilaren 19an, Nerea eta Gorka Urbizu, Mattin Lerissa, Zegamako abesbatza eta Et Incarnatus orkestrearen txandea izango da, Zegaman, Aizkorriko Ataria Interpretazino Zentroan. Hori baino lehen, besteak beste, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Dupla, Niko Etxart, Anari eta Ruper Ordorika be izango dira. Formato handiko bost kontzertu eta formatu txikiko beste bost. Ba al dago mendirik mendi ibili barik kontzertuera joateko aukerarik?
Jakina. Aurten 100 kantu eskaini behar doguz, danak orkestrarako moldatuak eta, beraz, Euskal Herriko kantari ezagunenetakoak entzungo doguz modu berezian. Aniztasuna eta aberastasuna: beteranoen artean, besteak beste, Niko Etxart, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Alex Sardui nabarmendu daitekez eta gazteen artean, barriz, Dupla, Chill Mafia, Nogen zein Idoia Azurmendi. Gugandik urrutiago egon daitekezan kantariak eta entzuleak erakarten.
6.- Et Incarnatus Orkestrako 20 bat partaidez osotutako hazurdurea izango dabe oinarrian kontzertuok. Igazko esperientzia musikala gogoan, zeozer nabarmenduko zeunke? Kontzertu berezirik?
Kontzertu danak izaten dira gogoangarriak eta azpimarratzekotan, mendian, leku magikoak asko dira eta Araba aldekoak aitatuko deutsudaz baina handitasunean Baigorriko parajeak ikaragarriak dira eta Hiru Erregeen Mahaia mendikoa be ez dot ahaztuko; kontuan izan, herrietan beti dagoalako aretoren bat kontzertuak atontzeko baina naturan, mendi tontorretan eta gatxa izaten da holakoak eskaintzea.
7.- Maila geografikoan Euskal Herria zati bitan bereiztea, iparra eta hegoa idea polita da...
Iparra eta hegoa, mendebaldetik ekialdera baina bereiztea baino musikearen bidez batzea, alde biak hartu-emonetan jartea da helburua, hartu-emonak sortzea, herrigintzea, hain zuzen be.
8.- Aramaioko Pago zaharra jagon eta Urmugak dituan ondasun natural ez-materialak babestea helburu ederra da. Zelan sortu zan natureagaz bat egiteko idea?
Jaubetu ginan paraje ederrak doguzala gure etxeetatik hur, beti doguzala buruan urruneko leku eta uriak baina gurean, leku bereziak doguz eta Aramaioko Pagoa horreetako bat da, antxinako kontuak babesten eta jentearen kontzientzian eragiten saiatzen gara eta aurten be omenalditxu bat egingo deutsagu; Felipe Uriartek esaten dau igaz hor inguran ebilela, pagoagaz berbetan egon zala eta esperientzia horren gorabeherak idatzi be egin zituan.
9.- Mendiak eta herriak, Et Incarnatus eta Sorland zarie atontzaileak eta, jakina, ibilaldian zehar laguntzaileak, bolondresak eta ugari izango zarie herririk herri eta mendirik mendi?
Jakina. Egitura sendoa behar da azpiegitura osoan arazorik egon ez daiten. Pentsaizu lehenengo egunetan eguraldiak ez deusku asko lagundu eta, halan da be, herritarren laguntzinoari esker, ondo konpondu gara. Kontzertuak mendian be atontzen doguz eta holakoetan zailtasunak pilotu egiten jakuz baina gogoa da motorra eta horren faltarik ez dogu. Et Incarnatus orkestrea eta komunikazino estrategia, markearen nortasuna eta horren jarraipena lako gaien ardurea dauen Sorland enpresa bizkaitarrak aitatau dozuz baina Mendiak eta herriak, mendi gidarien taldea be nabarmenduko neuke.
10.- Hirugarren edizinorako barrikuntzarik aurreikusi dozue?
Maila personalean Euskal Herria kontzeptuari indarra emotea ederra litzateke, Euskal Herri handi edo txiki hau zabaldu eta gozau, danon artean gauza asko egin geinkezalako, sortzaile faltarik ez dagoalako; horrezaz gan, mendizale zein herritarrei erakutsiko neuskie jendarte, klima eta egoera ugari dagoala eta hori sano aberatsa dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!