Felipe Uriarte: 'Mendirako ohitura, jokera eta filosofiari eutsi beti'
2019-12-09 08:12 BarriketanGoi mendietako gidaria.
Felipe Uriarte mendizale-gidari beteranoak zuzendutako Oxigenoa euskereari 6000 metroan ere dokumentala izan da abiapuntua baina proiektu potoloa dago tartean, 9 xerpa gazte eta 12 euskal gazte sei mila metro inguruko mendietan Himalaian egindako espedizinoa, hain zuzen be.
Felipe Uriarte Camara (Pasai Donibane, 1944ko martiaren 17a) gipuzkoar mendizalea eta goi mendietako gidaria da. 1974an, Everest Tximist espedizinoan izan arren, 1980an zapaldu eban Everesteko tontorra euskal espedizinoaren barruan.
Ikasketaz goi mailako industria injinerua izan arren, 1969tik goi mendietara egindako igoerak ondo gogoan ditugu, besteak beste, Cervino, Huascarán, Cho Oyu, Makalu, Mc Kinley eta Aconcagua.
Euskaldunak Everest mendian, Buru ilhun lurruntsua liburua idatzi eban 1981. urtean.
1.- Hilebete egin zenduen Himalaian eta Imja Tse (6.187 m.), Lobuje Ri (6119 m.) igon zenduezan. Zelako esperientzia izan da?
Ederra. Himalaia munduko lekurik ikusgarrienetakoa da eta han egotea be ez da txarra eta euskerea ardatz hartuta neska-mutil koadrila bategaz sei milatik gorako mendiak zapaltzea oso pozgarria da. Holako parajeetan asko ikusi eta ikasten da, norberak barrura begitu behar izaten dau sarri eta nik uste dot danontzako esperientzia aberasgarria izan da.
Horrezaz gan, sei mila metrotik gora ibili garen arren, aklimatazinoagaz ez dogu aparteko arazorik izan; 17 ginan espedizinoan eta kasu bakarra nabarmenduko neuke, nafar bategaz, hain zuzen be; espedizinoaren erdian, tripetako minagaz eta hasi zan, botaten eta, jatekoa ez jakon sartzen baina Kathmandura joan ginan eta han pasau jakozan osasun arazo danak.
2.- Nondik nora sortu zan idea? Nor da Felix Mugurutza?
Aspaldiko kontuak dira. 2010. urtean hasi ginan proiektuaren gorabeherak aztertzen; Laudioko Udala be tartean egoan Oxigenoa euskereari programearen harian. Ordutik hona, Amurrio, Lautada eta Barrundiako jentea batu jakuz Oxigenoa euskereari egitasmora. Laudioko euskera teknikariak, Felix Mugurutzak, asmau eban izena.
2016. urtean, barriz, Nepalen xerpa lagun bati proiektuaren zehetasun guztiak kontau neutsozanean hasi zan dana; Euskal Herria, Xerpa etnia, euskerea, serperea lako gaiak eta Oxigenoa euskereari egitasmoa jorratzen gengozan eta halako batean haren begiak nire begietan sartu eta idea ona zala esan eustan, euskal gazteak eroateko hara; orduantxe hasi zan martxan Oxigenoa euskereari 6000 metroan ere.
3.- Dokumentala filmauta dago, proiekzinoak be egin dozuez baina zelakoa izan da herritarren erantzuna?
Oso ona. Bilbon, jente piloa batu ginan Euskaltzaindiaren egoitzan eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan be ibiliko gara, baita Iparraldean be. Bide luzea eta emonkorra izatea espero dot.
4.- Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?
Euskereak egun eta bihar-etzi biziko dauen egoereak arduratzen gaitu, danon ekarpena behar da eta Oxigenoa euskereari 6000 metroan ere ekimenak bat egiten dau ardura horregaz. Gure asmoa da mendizaletasuna eta berorren baloreak eta euskerearen erabilerea bultzatzea, hori guztia kirolaren mundua eta alkartasuna ardatz hartuta, kanpoko kulturak eta hizkuntzak ahaztu barik. Euskal gazteei ezagutarazo gura deutsegu kanpoan zer dagoan eta horren barri jasota, geureari balio handiagoa emotea espero dogu.
5.- 2017tik 2018ra beharrean ibili zinien zertzelada guztiak atontzen, 2019ko urrian espedizinoari hasierea emon aurretik. Zeintzuk izan dira zailtasunik handienak?
Antolakuntzan etenik bako lana egin dogu, hara eta hona, jenteagaz berba egin proiektuaren barri emon, finantziazinoa eskuratu, dokumentala egiteko idea eta zehetasunak zarratu eta bestelako zereginetan. Oñatin, Laudion, Iparraldean, Nafarroan, Araban, leku danatan jarrera onak topau eta lantalde indartsuak osotu doguz. Irakasle eta gurasoak be ekimenagaz bat egin eta prest azaldu dira. Datu legez baino ez bada be, kasik sei mila, 5634 kamiseta saldu genduzan eta bakotxetik 5 euro ateratzen genduzan garbi.
Nepalera hamabi gazte eroatea izan da asmoa, han 9 xerpagaz bat egiteko. Ondokoak izan dira espedizinokideak: Eneko Arretxe; Malen Osa; Amaia Ugarte; Jon Fonbellida; Besaide Astobiza; Iker Zubizarreta; Igor Mugarza; Eneka Sarria; Gexan Garate; Enaitz Ibarguren; Maddi Oyhagarai; Unai Iturrieta; Julen Reketa; Fernando Maiztegi, Jen-Martin Oyhagarai; Mikel Fernández eta Felipe Uriarte.
6.- Zelan egin zenduen 12 euskal gazteen aukeraketea?
Oso azkar osotu genduan taldea. Joateko eguna oso hur egoan eta kudeaketa lanak be egiteko egozan arren, oso ondo moldatu ginan taldea osotzeko. Asko estimetan dodaz Amets Arzallus bertsolaria eta Aitor Sarriegi lagun handiak, izan be, eurek esan eustien burukominak baztertu eta txikitatik hasteko; hor momentuan gauza handirik ulertu ez arren, hur neukanetik egin neban aurrera, nire lagun, ikastetxe eta ikastolak bisitauta. Oñatiko Ikastolara joan eta hango maisu-maistren laguntzinoagaz han hasi nintzan talderako egokiak izango ziran gazteak aukeratzen.
7.- Euskerearen eta xerperearen arteko zubigintzea landu eta euskerea/xerperea hiztegia egiten zabizie. Zelan doa lana?
Astiro. Baina aurrera goaz. Gazteek oso gustora hartu eben lan hori. Danetara, 24 egun egin genduzan bertan baina berbak batzen eta xerpakaz alkarrizketak egiten eta momentu oso onak pasau doguz. Xerpek eurek be disfrutau eben ze euskera apur bat be ikasi eben geugaz.
Hiztegia nahikoa landuta daukagu baina osotzea falta da. Onena argitaratzea izango litzateke baina ia neguaren ostean zeozertxu egin eta udan edo argitaratzerik dagoan.
8.- Urte bi barru Oxigenoa euskereari 6000 metroan ere horren ostean beste abenturaren bat atonduko dozue. Zer aurreratu zeinke?
Bai. Duda barik aurrera egin gura geunke. Balore indartsuak ditu ekimenak eta hiru urtean behin egitea da asmoa; beraz, 2021ean izango litzateke hurrengoa. Baina beste idea batzuk be baditugu, berbarako, planetako mendikaterik ezagunenak bisitetea eta okerrik ezean Andeetara joatea da asmoa, Bolivia eta Txile doguz buruan. Han badira Maputxeak, Aimara lako komunidadeak, baita hizkuntza gitxituak be eta gure ekimenaren ardatza da geurearen eta hango hizkuntza gitxituen arteko hartu-emonak lantzea.
9.- Everestera ekinaldi bi egin zenduzan 1974ko Tximist eta 1980ko euskal herritar espedizinoa. Orduko Everest basatia eta egungo txolopotea Everesten ikusita zer dinostazu?
Ondo esan dozu. Badira urte batzuk eta dana dago eten barik aldatzen. Sasoi haretan, 1974an, kartak eskuz idatzi eta etxekoakaz hartu-emonetan jarteko Beheko Kanpalekuan egoan xerpa bat hiru bat egunetan korrika joaten zan Luklara; hortik Kathmandura eroaten zituen eta gero hegazkinean heltzen ziran etxera hiru bat aste geroago. Gaur egun, Beheko Kanpalekuetan wifi sarea daukazu eta smartphonea erabilita komuniketako zein argazkiak bialtzeko aukerea dozu.
Ganerakoan, txolopotea aitatu dozu eta egia da hori, zoritxarrez; munduko mendirik altuena da Everest eta mendizaletasunik ez dago gaur egun, dana da negozioa, dirua dauenak eta gitxieneko prestakuntza fisikoa ia eginda dauka. Gure gizarte konsumisteagaz lotuko neuke, gaur egun Everest eta hainbat mendi konsumidu, jan egiten dira, ez dago etikarik, ez begirunerik eta hara doazenak mendizaleak baino konsumistak dira.
10.- Mendi gidari lanetan ibilia zara eta gurea herri mendizalea da baina ze mezu bialduko zeunskie bertoko mendizaleei?
Hiruzpalau mezu emongo deutsudaz. Lehenengo mezua: beti joan mendira, ez ahaztu mendirako bidea, besoak zabalik, mendia beti hor dago eta mendian asko ikasiko dogu gutaz; bigarrena: mendiak ederrak dira baina askok hagin zorrotzak ditue, naturan gagozanez, naturearen legeei erreparetea nahitaezkoa da. Hirugarrena: mendira joatea bidaia da beti baina batez be barrura begituta egiten dan bidaia, gauzarik interesgarriena da gure barruan jazoten dana. Edozein menditik bueltan aldatuta zatoz, beste bat zara. Laugarrena be botako deutsut, nik 75 urte ditut baina mendira joateko ez dago edaderik, eskoiko aldakan protesia jarri deustie baina ni oso gustora nabil mendian eta horixe esango neuke, mendirako ohiturea, jokerea, filosofiari eusteko beti.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!