Torlatik Sallent de Gallegora GR-11tik, Pirinioak begien gozagarri

Amaia Larruzea 2021-06-30 12:53   Ibilian-ibilian

Etapa gogor eta gorabeheratsuotan, Pirinioetako lekurik ikusgarrienetako batzuk topauko doguz.

Bujaruelo bailarara egingo dogu gaurkoan bidaia, eta horretarako, Ordesa eta Monte Perdido Parke Naturalaren inguruko herririk politenetako batera joko dogu, nora eta Torlara. Behin bertan, Ara errekearen bihotzean kokatuko gara eta gure bideari ekingo deutsagu. Torlatik hasita Sallent de Gallegora heltzea izango da gure asmoa. Gauzak holan, hainbat eta hainbat kilometro eta gorabehera positibo eta negatibori egin beharko deutsagu aurre. Argazkiotako ikuspegi ederragaz, baina, bidea apurtxu bat eroangarriagoa egiten da, ez dozue uste?
 
Bujarueloko aterpera heltzeko bidean, Nafarren Zubia izenagaz ezaguna dana gurutzatu beharko dogu, harriz egindako zubi ederra. Aparkaleku handi bat dogu begien aurrean, zelai handiaren aurrean, furgoneta eta karabana zaleentzat gozamenerako leku aparta dalako, mendiko bide askoren hasierea izateaz gan. Umeakaz joateko be leku aproposa da, 1.420 metroko altueran. Jatetxea, kanpina eta aterpea batzen dira lehen aitatutako zubiaren inguruan. Tendeñera (2.853 m), Vignemale (3.298 m) eta Monte Perdido (3.355 m) lako mendi garaiak doguz hur, hainbat ibilbide eta erronka bete ahal izateko.
 
Frantziaren kontrako hainbat gudaren ondorioz suntsitutako eleizearen eta ospitalearen arrastoak be atzemon daitekez oraindino bertan. Guk, ostera, geure bidean aurrera jarraituko dogu, eta aterpean deskantsau ostean, Panticosa ezagunerantz abiatuko gara. Horretarako, 21 kilometro eta 1.100 metro positibori egin beharko deutsegu aurre. Arako bailarako leku ikusgarriak zeharkatu eta gero, Brazatoko aldatzean gora ekingo deutsagu. Hemen, edurra egon daiteke, beraz, kontuan izanda urteko zein urtaro eta sasoi dan, begiratu eta galdetu ea materialik behar ete dan. Handik, Brazatoko lakuak gurutzatu eta Panticosako Harrizko etxea izenekora ailegauko gara. Eskaladako hainbat hormaren azpian dagoan aterpe txiki eta ezagun honetan deskantsauko dogu geure bideagaz jarraitu aurretik. 
 
Behin Panticosan egin beharrekoak eginda, maldan gora abiatuko gara horren ederra dan Bachimañako aterpera eta lakura heldu arte. Handik, Laku Urdinetara bidea egingo dogu, Tebarrayko maldaraino. Hemen, adi elurragaz. Igarobide delikadu bat dago, eta beharbada, materiala behar izango dogu (kranpoiak eta pioleta). Begiratu lehenago ea ze baldintza dagozan eta ze egoeratan dagoan pasabidea. Bertatik, Llena Cantal mendiaren magaleko lakura jo, eta jatsierea hasiko dogu Respomusoko aterpe kuttunera bidean. Bertan deskantsau, eta orain arteko tarterik eroangarrienari ekingo deutsagu.
 
Orain arte, igoera eta jatsierek ez deuskue itxi arnasa askorik hartzen, beraz, orain errazena geratzen dala esango geunke. Halanda be, horren aurretik, hemen beste gau bat pasetea erabagi dogu, Gran Facha (3.005 m) mendia igoteko esperantzeagaz. Aurreko artikulu batean emon neutsuen honen barri (irakurri hemen).
 
Eta orain bai, Respomusoko tratuagaz gozauta eta hainbat persona ezagutu eta lagun ederrak egin ondoren, jatsiereari ekingo deutsagu, La Sarrako aparkalekutik Sallent de Gallego herrira. Oro har, etapa gogorrak eta ibilbide gorabeheratsu eta konplejuak dira, aldatz ugaritan edurragaz kontu handia izan behar dalako, eta materiala behar izan ezkero, ondo antolatu beharra dagoalako. Pirinioetako lekurik ikusgarrienetako batzuk lotzen dituan GR-11 bideko etapa honeek gure begientzako gozamena dira eta abenturaz abentura eta erronkaz erronka ibilteko aukera bikaina. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu