Gran Facha (3005 m), pasinoa da hemen eskatzea zilegi dan gitxieneko hori!
2021-02-26 08:45 Ibilian-ibilianEz gaitezen itsutu metroakaz eta ekin daiotsagun bideari.
Paisajerik paisaje jarraitzen dogu handik eta hemendik libre izango garenerako aukerak bilatuz eta pilatuz. Izenburuan be aitagai dogun Berri Txarrak taldeak dinoen legez, lur zati txiki hau horren da gatxa, guzurra dirudi ez da nekerik, beti ilusinoak erabarritzen. Eta, horretan jarraituko dogu aurrera. Piriniotako paisajerik ederrenetako bat gordeten dauen Gran Facha mendira igongo dogu, hain zuzen be, Piriniotako hirumilakorik bajuenetakora (3005 m). Horrek, ostera, ez deutso ezelako ikusgarritasunik kentzen, izan be, hainbat ibilbidetatik hurreratu gaitekez bertara baina lan gogorra egin beharko dogu tontorrera heltzeko. Beraz, metroak askotan ez dira nahikoa zailtasun kontuetan, esaterako, Villanuako Collarada mendia etorri barri jat gogora, metro eskas falta ditu hirumilakoa izateko eta beste hirumilako batzuk baino gogorragoa dala esango neuke. Beraz, ez gaitezen itsutu metroakaz eta ekin daiotsagun bideari.
Espainia eta Frantziaren mugan kokatzen da Gran Facha. Igoeran bertan be, nondik egiten dogun aurrera garrantzitsua izango da, Frantziako aldetik be egin daitekelako. Azken igoereari ekin aurretik, vivac bat dago eta bertan itxi daitekez motxilak, pisu barik igon gura badogu. Bideak ugari dira mendigainetik, hatxa baino ez dogu ikusiko dugu eta irudimena be martxan jartea komenidu da. Askotan pasetan da, igoeretan bidea antzemotea gatxagoa da, eta beherantz argiago jaubetzen gara. Halan da be, batetik eta bestetik eginda be, hatxek gidatuko gaitue, geure senari erreparauta eta geure segurtasuna eta kideena bermatuta. Tontorrera heldukran, hara ezustea, santutegi baten antzekioa baita. Zelan da posible Lourdeseko Amabirjinearen irudia bertan?
Dinoenez, 1941eko urriaren 14an, Marcadauko bailaran, Gran Fachara bidean ibilaldi bat egiten egozalarik, Tarbeseko gazte batek, Madame Maïte Chevalierrek istripu arriskutsu bat izan eban beherantz joiala eta senarra, semea eta lagun bat begira geratu ziran, lagundu ezinik. Edurretan estalitako heldulekuak eutsi ez eta buruz behera beherantz hasi zan eten barik. Antza, pioleta apurtu egin jakon eta zati txiki bat goiko partean gelditu zan eskumuturrari lotuta. Tarte horretan, pioletak ezustean edurretan egoan zuloan egin eban geldialdia; mirari horren ondorioz, ipar arpegitik trokan behera ez zan joan, zulo txiki batean pioletari helduta gelditzea lortu eban. Jarraian, bidelagunek erreskatetea lortu eben eta egoerea oso arriskutsua zanez danontzat, Amabirjineari errezau eutsen laguntzeko eskatuz. Azkenik, denak salbau ziran eta hortik aurrera, François Boyre gidearen laguntzeari eskeer, mendizale horreek Amabirjinearen irudia, harrizkoeskulturea, eroan eben tontorrera. Mahai santua bera be irudikatu eben harri eta zementoagaz, 25 kiloko Lourdeseko Amabirjinearen marmolezko blokea bertan jarriz. Denporearen porasuz, tximistek hainbatetan hausi eben irudia, baina ahalik eta arinen beste irudi bat igoteko ohiturea eben. Bitxia, benetan.
Cuspide de Bachimaña be esaten jakon mendi honetara, hainbat bidetatik heldu daiteke, horreen artean, Walloneko bailaratik, Piedrafitatik, Respomuso aldetik edota La Sarran (Sallent de Gallego) autoa itxita; Panticosako bainuetxetik bertatik be bai. Hainbat mendizale hurreratzen dira bertara, leku estrategikoan baitago kokatuta, bide horreetatik guztietatik eta gehiagotatik igoteko aukerea izateaz gain, bertatik Balaitus, Infiernos, Vignemale, Piedrafitako zirkua, Llena Cantaln, Punta Zar, Campo Plano, Tebarray eta bestelakoak izango dozuez begi-bistan, Petite Fache eta Peña Aragon lagun dituelarik. Gran Fachaz gozetako, beraz, pasinoa da hemen eskatzea zilegi dan gitxieneko hori!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!