Hizkuntzen alde adimen artifiziala erabilteko sarearen manifestua aurkeztu dabe
2021-06-21 07:57 Euskerea berbagaiMugaz gaindiko egitasmo honek okzitanierea, aragoierea eta euskerea izango ditu ardatz.
Pauen eta Donostian egindako Linguatec kongresuaren barruan aurkeztu dabe Adimen Artifiziala Hizkuntzan Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea sortzeko manifestua, Pirinioetako alde bietako hainbat eskualdetako erakunde publiko zein eragile tartean dirala. Donostiako Miramar jauregian sinatu dabe manifestua.
Hiru urteko alkarlanaren emoitzea izan da Linguatec kongresua, eta ziurtasun bategaz egin dabe lan bertako parte-hartzaileek: adimen artifiziala eta beronek ekarriko dituan aurrerapenak tresna baliotsuak izan leitekez hizkuntza txikiak bultzatzeko. Horretarako, mugaz gaindiko lankidetzea ezinbestekoa da.
Linguatec kongresuan zein manifestuaren ondorioz sortu dan bikaintasun sarean, adimen artifizialerako sarbidea emongo jake okzitaniereari, aragoiereari eta euskereari. Pirinioetan, danetara, sei hizkuntza berba egiten dira (frantsesa, gaztelania eta katalana, beste hirurez gan), eta danen arteko zubilana egin leikie teknologia barriek. Eleaniztasuna da gure lurraldeko aktiborik handienetako bat, dino manifestuak.
Agirian hainbat helburu ezarri deutsez mugaz gaindiko bikaintasun sare barriari. Pirinioetako hizkuntzen arteko bardintasun digitala 2030ean lortzeko bide-orria ezarri beharko dau, eta hizkuntzen arteko lankidetza estua martxan jarri. Lurralde kohesionadu, integratzaile, adimendun eta eleanitza lortzeko, adimen artifizialaren aukerak gizarteratzeko beharra be aitatzen da.
Ganera, adimen artifizialean azken belaunaldiko ezagutzea eta teknologia sortzeko helburua be azpimarratzen dau manifestuak, Pirinioen inguruko lurraldeen, enpresen eta hizkuntzen aurrerabidea bermatzeko. Lankidetza hau erreferente bihurtu nahi dabe, Pirinioen bueltan egiten dana munduko beste eskualde eleanitz batzuetan erakutsiz eta eredu bihurtuz.
Erakunde publikoez gan, hizkuntzearen alorrean dabizan hainbat eragilek sinatu dabe manifestua. Euskereari jagokonez, Elhuyar Fundazinoa, EHUko Ixa taldea eta Euskaltzaindia dagoz.
Irakurri manifestua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!