Linguatec biltzarra egiten dabiz Pauen eta Donostian
2021-06-17 11:08 Euskerea berbagaiHizkuntza-teknologien arloan aragoiereak, okzitaniereak eta euskereak egindako pausuak jorratzea da asmoa.
Hiru urteko lana biribiltzeko, Linguatec proiektuaren bultzatzaileek batzarra antolatu dabe, gaur, bagilak 17, eta bihar, 18. Pauen egiten dabiz lehenengo eguneko topaketea eta bihar Donostian batuko dira. EHUren Udako Ikastaroen barruko hitzordu honetan, Linguatecek bultzatu dituan aurrerapen guztiak aurkezteaz gan, mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura bat eregiteko bikaintasun sarearen manifestua aurkeztuko dabe.
Linguatec, funtsean, Espainia, Frantzia eta Andorrako erakundeen arteko mugaz gaindiko proiektua da, Pirinioetan berba egiten diran bost hizkuntza kontuan hartzen dituana, baina, batez be, horreetako hiruren aurrerapena helburu: aragoierearena, okzitanierearena eta euskerearena.
Elhuyar buru dala, komunidade zientifikoa sortu dau Linguatecek, aplikazino teknologikoen eta adimen artifizialaren bidez aitatutako hiru hizkuntzen indartze eta bizibarritzean laguntzeko. Itzulpen automatikoan, ahots-sintesian eta ahotsaren ezagutzan lanean ibili da lantaldea.
Dagoeneko hamahiru aplikazino edo tresna sortu ditue Linguatecen babespean. Besteak beste, euskerea-frantsesa itzulpen-sistema barria, gaztelania-euskerea itzulpen automatiko neuronal barria, Pirinioetako hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko aplikazinoa, euskeraz ahotsa ezagutzeko sistemea eta Euskara Eskuz Esku argitalpen digitala. Okzitanierazko eta aragoierazko aplikazino eta baliabideak be badagoz zerrendan.
Pauen eta Donostian egiten dabizan biltzarra orain arteko aurrerapen guztiak erakusteko eta eragileen arteko lankidetzea sendotzeko erabilten dabiz. Aurrera begira be jarri dira: adimen artifizialean bikaintasun-sarea sortuko dabe, mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegiturea eregiteko. Linguatec partzuergoko kide diran erakundeek bihar sinatuko dabe asmo hori martxan jarteko manifestua, Donostiako Miramar jauregian.
Mugaz gaindiko lankidetza erreala lortzeko, oso garrantzitsua da hizkuntza-mugak apurtzea, balio ekonomiko, kultural eta lnguistiko guztiari balioa emoteko, azaldu dau Josu Aztiriak, Linguateceko koordinatzaileak. Hizkuntzeari aplikautako adimen artifizialaren garapenak aukera handiak eskaintzen deuskuz lurralde kohesionadu, inklusibo, eleanitz eta adimenduna sortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!