Itxaro Borda: 'Publikoan esan ez diran gauzak agertzen dira Amaia Ezpeldoiren liburuetan'

Dabi Piedra 2021-06-21 08:01   Barriketan

Idazlea.

Susa argitaletxearen eskutik, Euri zitalari esker nobelea plazaratu dau Itxaro Bordak, Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abenturea. Idazleak azaldu dauenez, esku artean dauen kasua argitu eta gero erretiroa hartu eta Atharratzera joango da Ezpeldoi, Joana bikotekideagaz batera, bizimodu lasaiagoaren bila.

Seigarren eta azken abenturea dau hau, beraz, Amaia Ezpeldoi personaiak. 1990eko hamarkadearen hasieran, Bakean utzi arte izan zan lehenengoa, eta ia 30 urte geroago amaitu da zikloa. Bitarte horretan, Ezpeldoiren begiak erabili ditu Itxaro Bordak momentuan momentuko gai sozial eta politikoak jorratzeko, fikzinoaren bidez euskal errealidadearen alde ilunean sartzeko.

1.- Amaia Ezpeldoiren azken liburua da Euri zitalari esker. Zergaitik zarratu dozu zikloa?

Amaia Ezpeldoi ez da sekula kantsau, eta ez dot uste inoiz kantsauko danik; kasu honetan, idazlea da personaia hori erabilteaz kantsau dana. Badira hiru hamarkada Amaia Ezpeldoigaz nabilela, 1992an hasi nintzan eta sei liburu lodi idatzi dodaz, eta abarrak deitzen dodazanak gehitu behar dira, ipuin labur elebidunak. Niretzat momentua da pertsonaia libre ixteko eta neure burua be bai.  

2.- Atharratzera joan da Ezpeldoi, bikotekidearen etxera, erretiroaz gozetera. Atharratzen ez ete jaku abenturaren baten sartuko?

Ez dot uste, Joana Garralda bikotekideak ez deutso ate hori zabalik itxiko. Beste bizitza bat nahi dabe orain, mundutik aparte, edo munduagaz hartu-emon gatazkatsurik euki barik. 

3.- 1992tik hona izan dozu Amaia Ezpeldoi bidelagun. Zu zeu be, idazle lez, pertsonaiaren eskutik hazi edo heldu zara.

Amaia Ezpeldoi nire begiak izan da, nire oinak. Eroan nau leku gatazkatsu batzuetara, neure kabuz ezagutuko edo arakatuko ez neukezenetara: gai politikoak, sozialak, ekologikoak, familiarrak... Indarkeria politikoaz eta genero indarkeriaz be berba egin dot liburuetan, Amaia Ezpeldoiren bidez. Ganera, personaia Euskal Herri osoan ibili da, Hegoaldean zein Iparraldean, eta lurralde guztietan izan diran puntu minberak jorratzeko aukerea izan dot. 

Gauzak asko aldatu dira, jokerak eta diskursoak desbardinak dira orain, eta horren lekuko izan da bilduma osoa. Zelan bizi izan doguzan azken 30 urteak, eta ze jazo dan aitatzen da Amaia Ezpeldoiren liburuetan, nire submarinoaren muturra izan da. Gauza asko pasau dira, batzuek zoriontsu egin gaitue, baina askoz gehiagok zoritxarreko egin gaitue alor askotan. Horren guztiaren kronikea egin dot. Jakina, kronika hori egiten segiduko dot modu baten edo bestean, nire etorkizuneko fikzinoetan, beste personaia batzuen bidez.

4.- - Sei nobeletako izenburuak euskal kantuetatik hartuak dira. Adibidez, Euri zitalari esker Itoizen Ezekielen prophezia-n agiri da.

Kantua, edozein eratakoa, asko maite dot, eta euskal katagintzeari nire nobelen bidez omenaldia egiteko modua da. Kantuek, ganera, narrazinoa bultzatzen dabe, batzuetan ikutu melankonikoa emonda, edo nostalgikoa, beste batzuetan kañeroa, Hego Euskal Herrian esaten dozuen lez. Tituluek giroak sortzen ditue, musikeak istorioa zeharkatzen dau eta Amaia Ezpeldoik bere bizipenetara ekarten ditu kantuok. Azken liburu honetan, titulua pentsauta neukan aspalditik, eta mamina gero landu dot. Itoiz taldearen lehenengo garaiari omenaldia egiten deutso Euri zitalari esker esaldiak. 

5.- Saileko azken nobela hau aprobetxau dozu aurrekoetan agertu diran personaia batzuk berreskuratzeko.

Amaia Ezpeldoiri barriro gogoratu eragin deutsadaz abentura guztiak, minak, plazerrak, ezagutu dituan emakume eta gizonak... Sei nobeletan egon dan bilakaerea azaltzen da azken honetan, ze Amaia Ezpeldoi pasau zan zelanbait kriptolesbiana izatetik lesbiana agirikoa izatera. 

Ezpeldoiren lehenengo liburuetatik oraingoetara egon dan beste bilakaera bat hizkuntzearena izan da, euskerearena. Lehenengoa zubereraz idatzi neban eta batura pasau naz gero. Nik, brometan, post-batua erabilten dodala esaten dot. Euskalkiak, batua eta inguratzen gaituen beste hizkuntza batzuk sartzen dira, lapiko baten danak nahastauta. 

6.- Amaia Ezpeldoiren bidez, literatura baltzera saltoa egin zenduan. Zerk bultzatuta?

Sasoi haretan, Parisen beharrean nenbilenez, trenean bidaia luze asko egiten nebazan. Austerlitzeko geltokian beti erosten neban nobela baltz bat, Paris eta Baiona arteko zortzi orduetan irakurteko. Modu inkontzientean neureganatu nebazan nobela baltzaren kontzeptuak, asko irakurrita. Ikasitako hori guztia papelera eroateko momentua heldu zan, eta eredu batzuk baneukazan, adibidez, Gotzon Garateren nobelak, drogaren ingurukoak eta ertzain ikerlari eta guzti. Amaia Ezpeldoiren lehen nobelan, hain zuzen be, Bidart ertzaina agertzen da, Barkoxera doanean. Hor loturea egin neban lehenagoko euskerazko nobela baltzaren eta Amaia Ezpeldoiren istorioen artean. Gitxi bada be, batzuek landu eben genero hori nik baino lehen, Garatez gan, Xabier Kintanak be era horretako nobelaren bat idatzi eban. Amaia Ezpeldoi ez da hutsetik agertu.

7- Orain eskaintza oparoagoa dogu euskerazko nobela baltzetan.

Gehiago esango deutsut, orain uste dot nobela baltzak gainditu egin dauela nobela klasikoa. Euskeraz pasau da hori, eta beste hizkuntzetan be bai. Orain hori da irakurten dana. Herrialde edo gizarte berezi bati buruzko gauza ilunak ezagutu nahi badozuz, nobela baltzera joten dozu. 

8- Beraz, Amaia Ezpeldoiren abenturak be badira euskal gizartearen alde ilunak ezagutzeko bidea.

Euskal Herrian publikoan esan ez diran gauza batzuk agertzen dira, hizkuntzeari, burruka politikoari zein indarkeriari buruz.

9.- Amaia Ezpeldoiren zikloa amaituta, zer egin nahi zenduke orain literaturan?

Momentuak ekarriko dau hori, orain Euri zitalari esker aurkezten nabil han eta hemen, eta gero etorriko dira beste gai batzuk. Beharbada, Euskal Herritik kanpoko gaietara joko dot, Atxagak egin eban lez. Ez dot derrigorrez Euskal Herriko gaien inguruan idatzi behar, libertadea dogu. Zientzia fikzinoaren alorra be jorratu izan dot, gai distopikoak eta halakoak. Eremua zabala da, ikusiko dogu nire barruan ze proiektu biztuten dan. 

Argazkiak: Susa argitaletxea

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu