Amaia Ezpeldoiren abenturak amaierara heldu dira

Bizkaie! 2021-06-14 07:54   Kulturea

Euri zitalari esker da Itxaro Bordaren liburu barriaren izenburua. 

Maialen Berasategi eta Itxaro Borda, liburua aurkezten (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

1994an agertu zan lehenengoz Amaia Ezpeldoi detektibea Itxaro Bordaren nobeletan, eta, harrezkero, irakurleen personaia kutun bihurtu da. Euri zitalari esker liburuaren aurkezpenean Bordak azaldu dauenez, baina, ez dau Ezpeldoiren liburu gehiagorik idatziko. Erretiroa hartuko dau detektibeak, eta lasai biziko da aurrerantzean, nobeletako abenturetatik urrun.

Susa argitaletxeak plazaratu dau Euri zitalari esker, Amaia Ezpeldoi protagonista dauen seigarren eta azken liburua. Baionan luzaroan bizi eta gero, Ezpeldoik Joana maitaleari agindu deutso erretiroa hartu eta Atharratzera joango dirala biak. Agindutakoa bete aurretik, baina, azken kasua argitu beharko dau, Maddiren desagerpena. 

Landetara egindako bidaia baten desagertu da Maddi, eta honen amak estu eta larri deitu deutso Ezpeldoiri. Ezin ezetzik esan, eta han abiatu da detektibea, kasua argitzeko arrastoen bila. Gehienbat lehen personan kontautako nobelea da, Amaia Ezpeldoiren begiradatik, baina hirugarren personan idatzitako pasarte batzuk be sartu ditu Itxaro Bordak, irakurleari azalpen gehigarriak emoteko.

Susaren ordezkari Maialen Berasategik azaldu dauenez, atzera begiratzen dau Bordak nobela honetan, 1994tik lagun izan dauen personaiaren balantzea egiteko asmoz. Halandabe, nobelan badago aurrera begiratzeko gogoa be, Atharratzeko erretiroa eta Joana maitalea zain ditualako Amaia Ezpeldoik. Esku artean dauen kasuak, baina, nahi baino oztopo gehiago ipiniko deutsaz bizi barri horri ekiteko. 

1994an, Bakean utzi arte izan zan Amaia Ezpeldoiren lehenengo nobelea, Itxaro Bordarentzat literatura baltzean sartzeko bidea be izan zana. Euri zitalari esker seigarrena da. Liburuotan detektibeak ikertu dituan misterioen bidez, azken hamarkadetako gai sozial eta politiko ugari jorratu ditu Itxaro Bordak, adibidez, ekologiari lotutakoak. 

Zaleek penaz hartuko dabe Ezpeldoiren abenturen amaierea, baina, zikloa ondo biribiltzeko, aurreko nobeletako personaia asko barriro agertuko dira Ezpeldoiren azken liburu honetan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu