Udako Ikastaroek 25 proposamen dakarrez Bizkaira

Bizkaie! 2021-05-27 13:23   Kulturea

Bilboko Bizkaia Aretoa izango da ikastaro gehienen egoitzea.

EHUren Udako Ikastaroen 40. edizinoak, aurreko urteetan legez, Bizkaian izango ditu hitzordu nagusietako batzuk. Hain zuzen be, 25 proposamen dira, gai ugariren ingurukoak, baina beti gizartearen momentuan momentuko ardurei adi. Azkenaldiko jazoerek dardarka jarri ditue gizartearen oinarriak, eta, horregaitik, aurtengo edizinoan barriro ikastea izango da Udako Ikastaroen asmoa. 

Bizkaiko Campusaren eskaintzearen erdigunea Bilboko Bizkaia Aretoa izango da (Abandoibarra pasealekuan), han emongo dituelako ikastaro gehienak. EHUk antolatu dauen eskaintzeak hainbat ardatz izango ditu, hezkuntzea lehentasuntzat jota. Ikasleek irakurteko daben gaitasuna hobetzeko bideak aztertuko ditue, hain zuzen be, Bizkaia Aretoko lehenengo kursoan.

Jasangarritasunak eta ingurumenak be zeresana izango dabe. BC3-gaz batera antolatutako ikastaroak bete-betean helduko deutso ekonomiaren eta gizartearen eraldaketeari. Ekonomia zirkularra, gizakiaren eta planetearen osasunaren arteko loturea... be jorratuko dira.

Arkitekturako eta Urigintzako Energia Eraginkortasunari eta Jasangarritasunari buruzko Europako Biltzarraren 12. edizinoa be Bilbon egingo dabe, Udako Ikastaroen barruan. 

Covid-19aren pandemia gogoan, osasungintzea be ikastaro ugaritan aztertuko dabe. Esate baterako, alderdi etikotik izurriteak itxitako ikasgaiak eta prozesu kirurgikoak humanizetako bideak jorratuko ditue. Osasuna eta Hizkuntzea IV: Ikerketatik ezagutzara zikloa be aitatzekoa da. 

Kultureari lotutako gaiak izango dira Bizkaiko eskaintzearen beste zutabeetako bat. Antxinako Baskonian euskerearen mugak jorratzen dituan ikastaroak arrakasta handia izan dau lehenago be, eta Bilbora helduko da udan. Bizkaia Aretoko egitaraua biribilduko dau Justizia gako feministan ikastaroaren hirugarren edizinoak, oraingoan pornografia, prostituzinoa eta indarkeria matxistea aitagai dirala. 

Bizkaia Aretotik kanpo, baina handik hur, Itsasmuseumek itsas ondarearen konserbazinoaren inguruko ikastaroa hartuko dau. Guggenheim Museoan, aldiz, LED teknologia bidezko argiztapen artistikoaz egingo dabe berba. Azkenik, osasun egoereak trabarik ez badau ipinten, London School of Communication-eko ikasleak Zorrotzaurren batuko dira, EHUko kideakaz batera ikusizko arteak lantzeko. 

Udako Ikastaroetako Bizkaiko saioak presentzialak izango dirala zehaztu dau EHUk, baina online parte hartzeko aukerea be emongo dabe, pandemia sasoi honetan gauzak errazteko. 2020ko edizinoan garbi ikusi ziran bide telematikoak zabaltzen dituan aukerak eta aurten eutsi egingo deutse, baina saio presentzialak ahaztu barik. 

Bizkaiko Campusa 2000. urtean hasi zan Udako Ikastaroetan parte hartzen, Bilbon antolatutako arte eta kultura topaketen bidez. Harrezkero, eskaintzea hazi egin da urtetik urtera, eta gero eta ikasle gehiago batzen dira. Bizkaiko eskaintzearen nazinoarteko proiekzinoa be handiagoa da orain. 

Udako Ikastaroen egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu