Hizkuntza gitxituak heriotzara darozan erabagia txarretsi dau Eskolim-ek
2021-05-25 13:47 Euskerea berbagaiFrantziako Konstituzino Kontseiluaren ebatzia hizkuntzak eta kulturak ezabatzera bideratua dagoala dino.
Frantziako hizkuntza gitxituetan murgiltze eredua eskaintzen daben sei alkarte batzen ditu Eskolim sareak: euskerazko Seaskagaz batera, okzitanierazko, bretainierazko, katalanezko, alsazierazko eta korsikerazkoak. Molac legearen funtsezko artikulu bi bertan behera ixteko Konstituzino Kontseiluak pasa dan astean emondako ebatzia gogor salatu dau Eskolimek, sareko kide diran ikastetxeen izakerearen beraren kontra doalako.
Aurretik euskalgintzako beste eragile askok salatu daben legez, Eskolimek hizkuntza eta kultura gitxituen kontrako eraso larritzat jo dau Kontseiluaren erabagia, eta Frantziako Gobernuaren jarrerea be txarretsi dau. Gogoan izan behar da, hizkuntza gitxituentzako hainbat aurrerabide dakarzan Molac legea Frantziako Asanblean gehiengo zabalez onartu zala. Hortaz, demokraziaren kontrako erabagitzat jo dau Eskolimek Kontseiluaren erabagia.
Oinarri bako ebatzia da, erradikala, ezohiko biolentziaz emondakoa, adierazo dau Eskolimek ohar baten. Gure hizkuntzak ezabatzera ez eze, gure kulturak eta identidadeak ezabatzera bideratua da. Hizkuntzen kontrako garbiketatzat jo dau Frantziako erakunde batzuen jarrerea. Konstituzino Batzordeak eraso egin deutse oinarrizko eskubideei, irakaskuntza askatasunari, umeen adierazpen askatasunari. Eta ebatziari ezin jako helegiterik jarri.
Asanblean kolore ia guztietako politikariek Molac legearen alde egin ebela gogoratu dau Eskolimek. Parlamentariek gehiengo zabal batez onartu dabe mende erdiz gure eskoletan martxan jarri dogun murgiltze eredua. Emoitza onakaitik ezagun egin dan eredua.
Frantziako Gobernua erantzuletzat jo dau Eskolimek, batez be Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa. Eskualdeetako hizkuntzen arerio honek, eskola publikoetan murgiltze eredua sartzea galarazoteaz gan, heriotzara kondenau ditu herri ekimeneko ikastetxeak eta honeetan lantzen diran hizkuntzak. Parlamentuaren ganbera bien borondate demokratikoaren kontra sinatutako heriotza-agiria da Konstituzino Kontseiluaren erabagia.
Eskolimek gogora ekarri dau, Frantziako Gobernuak berak murgiltze eredua sustatzen eta diruz laguntzen dauela atzerrian, beste herrialde batzuetan frantsesa ikasi ahal izateko. Baina geure lurraldeetan, jatorrizko ekosisteman, gure hizkuntzek ez dabe aukerarik murgiltze eredua erabilteko. Era berean, Frantziako hezkuntzan ingelesa gero eta ikasgai gehiagotan erabiltea ez dala arazoa dino oharrak, hizkuntza gitxituakaz baino ez dira legezko oztopoak jarten.
Erabagi onartezina da, jarrera kolonialaren itxurakoa: lekuan lekuko hizkuntzak eta hizkuntza historikoak ezabatu egin behar dira.
Hau guztia ez dabela onartuko eta kontra egiteko prest dagozala ziurtatu dau Eskolimek: Euskaldun, bretoi, alsaziar-moseilar, korsikar, katalan eta okzitaniarrek aurre egingo deutse ebatziari. Hasteko, maiatzaren 29an, zapatuan, mobilizazinoak iragarri ditue sarearen lurralde guztietan Euskal Herrikoa, Baionan).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!