Euskal erakundeak sutu ditu Frantziako Konstituzino Kontseiluaren erabagiak

Bizkaie! 2021-05-24 07:54   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituen aldeko legearen atal garrantzitsu bi balio barik itxi ditu.

Zapatuan Bilbon egindako agerraldia (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Poztasuna eragin eban euskaltzaleen artean Frantziako Asanbleak Molac legea onartu izana, baina neurri berekoa izan da atsekabea, Frantziako Konstituzino Auzitegiak bertan behera itxi dituanean lege horretako funtsezko alderdi batzuk. Hizkuntza gitxituetan mugiltze eredua ezarteko eta hizkuntza horreen aurrerabidean pausuak egiteko jarraibideak batzen ditu Molac legeak, eta Parisko auzitegiaren erabagiak kolokan ipini dau hori guztia, legearen artikulu bi balio barik itxita.

Ipar Euskal Herriko eragile eta ordezkari politiko ugarik agerraldia egin dabe, auzitegiaren epaia txarresteko. Jean-René Etchegaray Euskal Alkargoko kideak argi eta garbi egin dau berba, eta adierazo dau Konstituzino Auzitegiaren erabagiak zalantzan jarten dauela euskerearen irakaskuntzea Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. 

Mathieu Berge Akitania Barriko ordezkariak salatu dau Frantzia hizkuntza txikien kontra ekinean dabilela, nazionalismo jakobinoa oinarri. EEP be atsekabetuta agertu da, hizkuntza indartsuak makalei emondako kolpea dalako. Estaduaren laguntzinoa daben proiektuak, adibidez Seaska eta beste hizkuntza gitxitu batzuetan erakusten daben eskolak, ziurtasun bako epe baten sartu dira, Konstituzino Auzitegiaren erabagiaren ondorioz.

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek mobilizazinoa egingo dabe maiatzaren 29an, Baionan, epaia salatzeko eta euskerazko hezkuntzea babesteko. Gogoan izan behar da, Molac legeak alderdi politiko gehien-gehienetako ordezkarien babesa izan ebala, eta Frantziako Asanblean gehiengo argiz onartu zala. 

Euskaltzaindiak be salatu egin dau Konstituzino Kontseiluaren erabagia. Euskaltzaindiak erabateko desadostasuna agerrarazo nahi dau eta lan egingo dau hizkuntza gitxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen diran guztiakaz, hizkuntza horreen legezko babesa hobetzeko, dino Akademiaren oharrak.

Kontseiluak, bestetik, Konstituzino Kontseiluaren jarrerea txarretsi dau, zirrikituak aprobetxau ditualako hzikuntza txikien normalizazinoan ezinbestekoa dan aurrerapusoa balio barik ixteko. Seaskagaz eta beste hizkuntza batzuetako eskolakaz Frantziak zer egingo dauen galdetu dau Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, ze, epaileen erabagia bere horretan bete ezkero, Konstituzinoaren kontrakotzat jo behar leukiez. 

Frantsesezkoak ez diran zeinuak agiri ofizialetan erabiltea be debekatzen dau Konstituzino Kontseiluak, adibidez, ñ daukien izenak. Gure izenak geure hizkuntzetan idazteko debekuak gorrotoa baino ez dau erakusten, Bilbaoren ustez. 

Era horretako erabagiei aurre egiteko, mobilizazinoak beharrezkoak dirala dino Kontseiluak. Hain zuzen be, erakunde horrek deituta eta beste eragile askok babestuta, alkarretaratzea egin eben zapatuan, Bilbon. Irungo udaltzain izateko euskerea eskatzearen kontra EAEko Auzitegi Gorenak emondako epaia salatzeko ekitaldia izan zan, baina Frantziako Konstituzino Auzitegiaren erabagia ezagutu barri, horren kontrako adierazpenak be egin zituen Bilbon batutakoek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu