Xabier Ugalde: 'Euskeraz biziten ikasteko prest gagoz'

Koldo Isusi Zuazo 2021-05-17 07:55   Barriketan

Sopelako Ander Deuna Ikastolako zuzendaria.

Pandemiak hankaz gora jarri dau gizartea, ekonomia, kulturea, euskerea, beharra, familia, lagunarteak, bihar-etzirako erronka zein gizakion arteko hartu-emonak jota dagoz eta zorionez txertoa hartzeko esperantzeagaz bizi gara. Panorama baltz horretan, eguzki brintzak be azaldu dira eta kostata baina aurrera egingo dogu. Ikastolen aldeko jaialdiak be bertan behera itxi edo jarduerak aldatu behar izan dira hutsik ez egiteko. Oraintsukoa Herri Urrats izan da, egun jentetsurik ezin dala atondu ebatzita, 30 Herri Urrats egin ziralako oraintsu.

Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldian be gorabeherak izan dira, alkarlanaren indarra eta estrategiaren aldaketea tarteko dirala, aurten Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolen ardureari eutsiz, makinatxu bat jarduera atondu ditue, preminak asko diralako eta aurrera egitea nahitaezkoa dalako.

1.- Kalakalata! goiburupean, Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolak ibili zarie maiatzaren 30ean egitekoa dan jaialdiaren antolakuntzan. Jaia bertan behera itxi eta egokitzapen lanak egitea ez zan erraza izango...

Ez, ez, ez. Gure artean be bakotxak bereari eusten eutson, ez geunkan argi aurrera egin edo tarteko bidea hartu, erantzukizun handia da holako jai erraldoi bat atontzea eta, azkenean, egoereak berak zehaztu deusku nondik jo. Tarteko bidea hartu dogu eta ohiko jai jentetsurik izango ez bada be, makinatxu bat ekitaldi atondu doguz, bertan egunean egiteko zein hitzorduaren aurretik eta gero be egiteko.

2.- Maiatzaren 30ean, ez da ibilbiderik izango, ezta janari eta edari zerbitzurik, ezta kontzertu erraldoirik be baina lau gune nagusi izango dira: Sua, Ura, Haizea eta Lurra? Izenok zer adierazoten dabe?

Bai. Zeozelan naturearen elementuok buztartu gura izan doguz bakotxean izango diran jarduerakaz; berbarako Ura gunean (Barinatxeko goiko aparkalekuan, itsasoari begira) argi geunkan, Kalakalata goiburua sano egokia zala eta kostaldeko herria izanda, gune horretako tailerretan eta ura izango zala protagonista; gida didaktikoen babes eta laguntzinoagaz, umeek eurek diseinauko dabe euren gustoko hondartzea, ezaugarriak eta bestelakoak. Horrezaz gan, haima erraldoi bat egongo da saharako herritarrak eta kulturea zein hizkuntzea ezagutzeko, aurretik, Bizkaiko ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landutako gaia.

Ganerakoan, Haizea gunean (Barinatxeko goiko aparkalekuan), jantzak, perkusinoa lantzeko zein kometak egiten ikasteko tailerrak be atondu doguz, baita zirku ikuskizuna be.

Lurra gunean, Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan, Talo eta Tai Txi tailerrak izango dira eta Gora Kasete ikuskizuna.

Horrezaz gan, Udaletxe Plazan, 25 bat saltoki izango dituan azokea atondu dogu produktuak ikusi eta erosteko. Kasu honetan ez da beharrezkoa izango aurretik izena emotea.

Beste alde batetik, nabarmenduko deutsut aurtengo ezaugarriak kontuan hartuta, ezinezkoa izango dala gune batetik bestera mobidutea, erabiltzaileak aukeratu egin beharko dau eta Ibilaldiaren webgunean izena emon ze bestela ez da aukerarik izango guneetan sartzeko. 

3.- Tailerrak eta Deabru Beltzak taldearen ikusizuna be izango dira Ander Deuna Ikastolan?

Ander Deuna ikastolan kokatutako Sua gunean, sua, ez da besterik behar... Deabru Baltzak taldeak suagaz lotutako ikuskizuna dauka eta horixe eskainiko dau.

4.- Orain arte, Erraiak (Arbasoen Oihartzuna) dokumentala, Irrintzi Ikastaroa, Burnizko Hesia topaketak, kontzertuak eta bestelakoak izan doguz egunotan. Jentearen harrerea zelakoa izan da?

Ondo hasi ginan, mugak muga dira, jentea pozik hurreratzen zan baina pandemiaren erruz jarduera batzuk bertan behera itxi behar izan doguz edo atzeratu; berbarako maiatzaren 15erako Burnizko Hesia (DBHko ikasleen topaketea), Bizkaiko eta Laudioko ikasleen Orientazino-Olgeta eta Arte adierazpen topaketea geunkan iragarrita eta bagilaren 5era pasau behar izan dogu.

Ahal bada, Irrintzi Deiadarra be izango dogu maiatzaren 22an, 16 urtetik gorakoentzat, Batxilergoko ikasleentzat, ikasle ohientzat, beharginentzat, familientzat eta herriko eragileentzat. Euskal Herri osoan, Ikastolen jai guztietarako proiektua da. Gurean, Ibilaldian, Euskal Olgeta Topaketaz gan, egunari hasierea Betiko (Leioa) eta Ander Deuna (Sopela) ikastolak lotuko dituan irrintzi deiadarrez eta bakotxaren emozinoen adierazpenez osotutako persona kate erraldoia osotuz emongo deutsagu hasierea.

5.- Kamiseta eta bestelakoak saltzen be denporatxua daroazue. Zein da bidea holakoak erosi eta ekarpenak egiteko?

Kasu honetan be nahikoa mugatuta ibili gara baina egia da erropea, kamiseta, jerse, motxila, bisera edo kepisak erosteko modua dagoala; errazena webgunean sartzea da eta Denda txatalean klik egitea.

Beste alde batetik, Ibilaldia diruz lagundu gura badozue, ondoko kontu zenbakian egin zeinkie ekarpena: Kutxabank: ES55 2095 0114 60 9118937686

6.- Zeintzuk dira Betiko eta Ander Deuna ikastolen preminak?

50 urtetik gorako ikastolak dira biak eta preminak dira zahartzen doazen eraikin eta azpiegiturak barriztau eta egokitzea, olgeta guneak, frontoia, saskibaloi pistak eta enparauak eroso egon daitezan ikasleentzako.

Barrikuntza pedagokioaren arloan be, tresna barriak, ikastaroak eta holakoak be ez doguz ahaztuko.

7.- Kalakalata!, mela-mela eginda, hazurretaraino busti behar garelako, euskerea ezagutu, ikasi eta erabilteko, euskerea edonogaz, edonon eta edonoiz erabilteko, euskeraz biziten ikasteko. Logoa aukeratzea be ez zan lan erraza izango...

Ez. Barriketan orduak egin doguz eta tartean jente asko ibili gara, 100etik gora, gurasoak, ikasleak, beharginak... Pandemiak etena be ekarri arren, idea eta proposamena ugari agertu ziran eta ez da lan erraza izan. Azkenean, aukerak ugari izan arren, goiburutzat kalakalata! aukeratu genduan, euskerearen alde hazurretaraino bustiko garela adierazoteko.

8.- Kantuan, Xabier Payaren berbak, Xabi Aburruzagaren musikea eta lehenengoz lau emakume kantari: Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain eta Itziar Ituño...

Ikastolan ibilitakoak eta beti egon dira prest holako saltsatan parte hartzeko eta holan etorri da aurtengo kantua, Kalakalata!: Xabi Payaren berba ederrak eta Xabi Aburruzaga eta Eriz Perez, Jose Urrejola, Xabier Zeberio, Alberto Urretxo, Andrzej Olejniczak eta Nikolas Zubiaren ekarpena be sekulakoa izan da eta ahotsen atalean, zer esango deutsut ba, emakumeei protagonismoa emon gura izan deutsegu eta hor ibili dira Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain eta Itziar Ituño.

Gainera, Leioako, Artatzako su-hiltzaileak, Sopelako dendariak, gurasoak, jantzariak, joaldunak, gazteak, ikastolako ikasleek be parte hartu dabe bideoaren grabazinoan eta pozarren gagoz emoitzeagaz, herritarren gogo eta pasinoagaz.

9.- Partaidetza sozialeko alkarteak dira Betiko eta Ander Deuna eta alkartasuna, alkarreragina, kooperatibea, euskerea eta euskal kulturea ezinbesteko tresna. Zertan aldatu dira jarrerea eta helburuak azken urteotan?

1968-69an sortu zan Ander Deuna Ikastolea, besteak beste, Nikola Telleria abadearen zein guraso askoren ilusino eta laguntzeari esker eta ordutik egoera larriak eta baltzak eta gizartea bera be sano aldatu dira eta orain gizartearen eboluzinoagaz batera goaz. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik, danok aldatzen gara eta hori ez da txarra, jakin egin behar da eta ikasi besteeena onartzen eta baloretan eta zoritxarrez gero eta nabarmenagoa da bakotxak bereari eustea, indibidualistagoak gara, hurko lagunak ez doguz gogoan hartzen eta, giro horretan, ikastolek zein gizarte mailako ekimenek aparteko garrantzia dabe, kolektiboaren indarra nabarmentzeko, alkartasunaren eta laguntasunaren alde gagoz. Esangura horretan, ikastolak bat datoz jarrera horregaz eta euskerearen eta euskal kulturearen alde gagoz, ez dago ezelako misteriorik.

Orduko eta gaurko erronkak ezbardinak izan arren, 1990ean Sopelan egin zan Ibilaldia. 1997an eta 2004an Leioan, azken hau, oraingoan legez, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolearen eskutik. 2021ean, barriro be, Sopelara ekarriko dogu. Aukera ederra Ibilaldiak dakarren eskaintza kulturalaz gozetako, alkartasuna adierazoteko, alkarte eta herritarren arteko hartu-emonak estutzeko, hezkuntza komunidadea sendotzeko.

10.- Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasauko deutse 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango dan Bilboko Abusu ikastoleari. Ze erronka dator?

Abusu Ikastolearen erronka nagusia izango da, gorabeherak gorabehera, aurrera egitea, txertoaren eragina be igarriko da eta dakigunez gauza asko bideratuta ditue.

Bidebatez, maiatzaren 30ean, Sopelara hurreratuko diranei esan gura deutset ekimenotan, tailer eta enparauotan parte hartzeko izena emon behar dala hemen; zenbat persona hurreratuko diran jakin behar dogu gauzak ahalik eta ondoen egiteko eta danon jarrera egokia nahitaezkoa izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu