Garbitxu: ‘Pozik eta triste be bagagoz’
2021-02-08 08:10 BarriketanDeabru Beltzak taldeko zuzendari artistikoa.
Bilbotarra, 1970ean jaioa. Kukubiltxon emon zituan lehen pausuak eta aurrerago etorri zan Deabru Beltzak; 1996. urtean, Euskal Herriko hainbat antzerki taldetako lagunek sortu eben kale antzerki konpainia eta di-da joan dira 25 urte. Ordutik 10 antzezlan aurkeztu ditue, besteak beste, Tambours de feu, Su a Feu eta Symfeuny; horreekaz 3.000 ekitaldi egin ditue, 80 aldiz enkargau deutsee ekimen bereziak atontzea, 50 uritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dabe eta munduko 35 taldegaz dabiz alkarlanean.
25 urte ez dira gitxi, ospatu beharrekoak, duda barik, baina mundu zabalean ibilbiderik luzeeneko kale antzerkiko Euskal Herriko konpainia izan arren, egoerea ez da bolanderak botateko modukoa. Kulturea hankaz gora jarri dau zorioneko pandemiak eta aforoa mugatuta jarduera batzuk egiten badira be, jenteak bildurra dauka eta ziurbakotasuna da nagusi. Deabru Beltzak taldeak be igarri dau aldaketea eta ERTE batzuk gorabehera, lantaldea desagertzeko arriskua be badago.
Gaur egun ondoko erankundeakaz kolaboretan dau Debru Beltzak konpainiak: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, Etxepare Euskal Institutua, Kultura, Kirola eta Hezkuntzako Espainiako Ministerioa, Bilboko Udaleko Kultura Saila, Gouvernement du Québec, Le Moulin Fondu, Le Forneau, Leioako Umore Azokea, Fest’Arts Libourne, Fira de Teatre al Carrer de Tàrrega, Arriola Kultur Aretoa, Chalon dans la Rue, Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia, Portal 71...
Kontuak kontu, Euskal Herriko sortzaileen eskubideak defendiduten zein bestelako eginkizunetan, SGAE-Euskadiko buru da azken zortzi urteotan.
1.- Zorionak 25 urteko ibilbideagaitik eta tarte horretan sortutako 10 antzezlanakaitik. Zelan biziten zagoze urteurrena?
Eskerrik asko. Pozik eta triste be bagagoz. Pozik 25 urte betetea sekulakoa dalako eta holako talde batek ezin dauelako etenik egin, geldi antzean ERTE eta holakoak martxan jarrita, lantaldea noiz batu eta beharrean segidu gura dogulako eta triste, barriz, pandemiak bazterrak astindu ditualako. Arduratuta gagoz,
ziurbakotasun handia bizi dogu urteetan hemen eta munduan ibili garelako eta lekua egin dogulako kale antzerkian.
2019. urtean sortu genduan azken ikuskizuna Symfeuny eta hori atontzen eta egokitzen gabiz, estreinetako gengozala atrapau euskun zorioneko pandemiak eta munduan zehar berbatutako 17 ekitaldi bertan behera itxi behar izan genduzan.
Symfeuny ikuskizuna perkusinoan oinarrituta dago eta zati bitan banatuta dago: oholtza gaineko antzezpena eta kalejira ibiltaria. Arlo artistikoan zein produkzinoan erronka barria da Symfeuny, gure ohiko estiloagaz bat datorren gaueko kaleko ikuskizunari oholtza ganeko antzezpena gehitu deutsagulako.
Guillaume Pujolen taldeak preparau euskuzan piroteknia efektuak, musikearen arloan, Aitor Furundarenak sortu zituan doinu batzuk eta jantziak Ikerne Gimenezen ardurea izan ziran.
Obrearen lehenengo saioa Gasteizko Kaldearte Jaialdian izan zan eta estreinaldi ofiziala, barriz, Bilboko Kalealdian.
2.- Taldearen ardatz eta berezitasunak dira perkusinoa, piroteknia, efektu bereziak, koreografiak eta antzezpena. Nork ez dau gogoratzen Su a Feu?
Bai eta Tambours de feu be ez ahaztu. Upealako ikuskizunak dira, geure lantaldearen eta kanpoko profesionalen lana eskatzen dabenak, piroteknia, soinua, argiztapena, jantziak... Su a feu, 2002an hasitako trilogiaren amaierea da, Les tambours de feu eta Bande Déplacée dira trilogiako beste ikuskizun biak.
Baina bizitzan hartu dogun arrisku handiena Symfeuny obreagaz hartu dogu, suaren eta tanbor-hotsen arteko buztarketea, erritmoa, koloreak, entzutea eta sentidutea, publikoa erakarri eta alkarreragitea. Sistema amerikar bat erosi genduan piroteknia kontroletako eta ikasten, olgetan be bagabiz oraindino baina
seguridadeari eutsiz, jakina. Urtebete eta urtebete eta erdiko tarteak erabilten doguz zehaztasun txikienak ez ahaztuteko. Hori da gure bizigaia.
Tanbor Talka - Le Choc des Tambours be nabarmenduko neuke, Lekeitioko Jaialdian estreinau genduana, Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrenean. Lekeitioko Kultur Kaian batu ziran Deabru Beltzak eta Les Commandos Percu (Frantzia) taldeak eta helburua bakarra zan kalea aldarrikatzea, hain zuzen be.
3.- Euskal Herriko hainbat antzerki taldetako aktorek sortu eben 1996. urtean Deabru Beltzak konpainia. Nork egin eban eragile lana? Zelakoak izan ziran lehenengo pausu hareek?
Danak gazteak ginan baina antzerki taldeetan eta ibilitakoak, ez ginan hasibarriak. Talde askotan trebatutako lagunak batu eta aurrera egiteko prest gengozan. Basauriko Eskolea erabagigarria izan zan baina Larrabetzu, Bilbo eta inguruak be ez dodaz ahaztuko. Polita izan zan taldearen izena erabagitea be,
aukera bat baino gehiago egon arren, Deabru Beltzak izena emon geuntsan taldeari. Lehenengo obran, barriz, Negu Gorriak taldeko Fermin Muguraza izan zan inspirazinoa eta txotxongilo lana sortu genduan, Kontzertu baltza izenburukoa.
4.- Urteak daroazuzez emozinoak sortzen, ikuskizunetan eszenaratze deigarriak eskaintzen dozuez beti baina ikuskizunetan oinarri diran ideak nondik nora datoz? Produkzino lanak zelakoak izaten dira?
Normalean nire ardurea izaten da gaiak aukeratzea. Ez da lan erraza, zuhur ibili behar da, gizartean bizi doguzan gorabeherak miatu, aztertu eta obretan islatzeko. Hori bai, taldea gara eta talde osoak izaten dau zeresana produkzinoan. Obreari kolorea, esentzia gehitzen danok ibilten gara.
Produkzinoak nahikoa sakonak eta aberatsak izaten dira. Labur esateko, koktela edo buztarketa handia izaten da gure egunerokoa; ensaioetan musika proposamen bat aurkeztu eta olgetan hasten gara, partiturea aldatzea be posible izaten da baina brainstorming edo idea-ekatxa gustetan jaku, bakotxak bere ekarpenaegitea. Koreografian be alkarregaz ibilten gara eta suaren eta pirotekniaren gaiak, barriz, nahiko zehaztuta egoten dira.
6.- Kalean eskaintzen dozuez ikuskizunak, publikoa erakarri eta eurekaz olgau gura izaten dozue. Zelan hartzen ditu publikoak zuon jarrera horreek?
Ondo. Ikusleak erakarri eta obran txertatzea izaten da gure asmoa eta batzuetan iges egiteko esperantzea erakutsi arren, berehala sartzen dira ikuskizunean. Umeakaz gatxago izaten dogu interakzinoa.
7.- SGAE-Euskadiko buru zara azken urteotan. Zein da zure egitekoa?
Orain dala zortzi urte hasi nintzan, bigarren aldiz hautatua izan naz eta ordutik makinatxu bat gauza egin dodaz; Euskal Herriko egile eta sortzaileen ordezkaria naz eta nik beti esaten dot autoreen eskubideak babestea nahitaezkoa dala, gure ogibidea da eta horreen alde egitea ondo dagoala. Horrezaz gan,
deszentralizazinoaren alde ba banago eta espero dot 2023. urtean itxiko dodala SGAE, hori da nire asmoa.
Bien bitartean, Euskadiko SGAEren Lurralde Kontseilu barria 2020ko zemendian eratu zan eta honako kideok osotzen dogu: neuk eta Paula Alfierik, Pascal Gaignek eta Oskar Tejedorrek, Elixabete Ibarrak, Aitor Amezagak, Joshua Edelmanek, Fran Lasuenek Gontzal Mendibilek.
8.- Pandemiaren eraginari erreparauta, estalpeko kontzertu, antzezlan zein bestelako jarduerak aforoak eta distantziak gordeta atontzen dira baina kalean egiten diran zuonak lako jardueretan ze neurri hartu beharko litzateke?
Ez dago bape argi. Maskarea ipinita eta distantzia gordetea dira arauak baina gure kasuan, kaleko ikuskizuna izanda, nor sartuko da hori kontroletan; ez da erraza. Beste arlo eta sektore batzuetan be ikusten dira piloketak eta holakoetan ez da horrenbeste zaparrada sortzen.
Deabru Beltzak taldea gogor jo dau pandemiak. Gerrikoa estutu eta zer pasauko zain gagoz eta taldea desagertzeko arriskua be ikusi dot, firu baten gainean gagoz.
Edozelan be, gureak batetik besterako ikuskizunak dira, ibiltariak eta holakoak zein jaietako kalejirak ez babestea pekatua da, nahibako erabagiak hartzea ulertu daiteke baina Eusko Jaurlaritzeagaz ondo konpontzen gara eta debekuarena ahalik eta arinen zuzentzea espero dot, beharrean hasi eta kalea
berreskuratzeko.
9.- Euskal Herrian eta munduan ibili zarie eta milazak lagunen aurrean be eskaini dozuez ikuskizunak, berbarako, 2015. urtean, Erresuma Batuan, Errugbiko Munduko Txapelketan, 42.000 lagunen aurrean. Holako esperientziak ez dira erraz ahaztuko...
Ez. Sekulakoa izan zan. Azaltzea be gatx egiten jat, egunak emoten doguz holakoetan, hamabost egun izan ziran eta aukera ederra izan genduan kanpoko talde pilo bat ezagutzeko eta hartu-emonak egiteko. Piroteknia preparetan lau egun emon genduzan eta ensaioak be normalean baino luzeagoak izaten ziran. Musika kontzertu erraldoietan legez, antzezlekua ikaragarria, aurrerantz zabaldutako tartea be baeukan, jente artean ibilteko. Urten genduanean, jentea eta jentea baino ez genduan ikusten, amaierarik bako jendartea, ha izan zan izatekoa, urteak pasau badira be emozionau egiten naz oraindino.
10.- Pasadizo on eta txarrak biziko zenduezan 25 urteotan. Bateren bat kontau zeinke?
Onak pilo bat baina bat nabarmentzearren, Euskal Herritik 22.000 kilometrora, Polinesiara heldu eta hango jaialdiko arduradunak neugaz batu eta prentsaurrekoa zein hizkuntzatan egin gura neban galdetu eustien, inglesez edo frantsesez. Itzultzaile bat behar nebala esan neutsen eta segiduan neskeak esan eustan euskeraz ala gaztelaniaz... Bromea zala pentsau arren, euskeraz esan neutsan eta momentua heldu zanean, urteak han biziten egoan Ipar Euskal Herriko emakume bat agertu jatan eta, beraz, euskeraz eta frantsesez egin genduan jentaurrekoa.
Anekdota txarra, barriz, 2005. urtean, oso oker ez banago, furgonetan ginoiazala izandako trafiko ezbeharra nabarmenduko neuke. Susto ederra izan zan, ez zan larriegia izan eta zorionez hemen gagoz, bizirik.
11.- Lantaldean zenbat lagun zarie?
Zesar A. Ogara eta neure ardurea dira produkzinoa, kudeaketea, banaketea eta komunikazinoa. Zuzendari lanak neuk egiten dodaz eta antzezleak, barriz, Zesar A. Ogara, Ruben Sastre, Iker Barrientos, Dario Campos, Alexander Alonso, Erlantz Eizmendi, Nagore Cenizo, Sonia Villamor, Iñaki Zubiaga, olatz Pagalday eta neu gara.
Baina geugaz kolaboretan dabenak be ez dodaz ahaztu gura.
12.- Kalidadeari eta ikuskizun barritzaileak sortzeko gogoaz gan, zeintzuk dira zuon erronkak?
Zulo baltzetik urtetea da lehenengo helburua eta hortik aurrera ideak badoguz eta ahal danean, aurreratuko deutsueguz.
Ganerakoan, taldea sendotu, kaleko ikuskizuen kalidadeari eutsi edo handitu eta ikuskizun barritzaileak sortzea dira asmoak.
Kulturea ez da kaltegarria, segurua da, kulturea aurrera doa, babestu gaitezan eta espero daigun argia agertzea nonondik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!